Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Antiheroiak eta moraltasunaren mugak

'THUNDERBOLTS*'
AEB, 2025. 126’ Zuzend.: Jake Schreier. Gidoia: Eric Pearson, Joanna Calo. Akt.: Florence Pugh, David Harbour, Sebastian Stan, Hannah John-Kamen. Musika: Son Lux. Argazk.: Andrew Droz Palermo.

‘Thunderbolts*’ filmeko protagonistak.
‘Thunderbolts*’ filmeko protagonistak. (Marvel Studios)

Marvel Comics-en oinarritutako superheroien pelikula da, Marvel unibertsoan etapa berri bat markatu lezakeena. Oraingo honetan ez da heroirik izango; erreformatutako gaizkile maltzurrez osatutako talde bat ikusiko dugu.

Ezohiko antiheroi talde bat errekrutatu dute gobernuarentzako misioak egiteko: Yelena Belova (Florence Pugh), Bucky Barnes (Sebastian Stan), Red Guardian (David Harbour), Ghost (Hannah John-Kamen), Taskmaster (Olga Kurylenko) eta John Walker. (Wyatt Russell). Fontaineko Valentina Allegrak egindako tranpa hilgarri batean harrapatuta geratu ondoren,  misio arriskutsu bati ekin beharko diote, eta iraganeko zoko ilunenei aurre egin.

‘Thunderbolts*’ filmak moraltasunaren mugak aztertuko ditu: heroi eta gaizkilearen arteko lerroa lausotu egingo da, eta pertsonaia bakoitzaren barne-borrokak eta erredentzio-saiakerak azpimarratuko dira. Istorioa tonu ilunago eta serioago batean garatuko da, Marvel-en ohiko komedia dosi batzuekin tartekatuta.

Marvel Studios-en apustu berri honek ikusmin handia sortu du, ez bakarrik antiheroien zerrendagatik, Marvelen Unibertso Zinematografikoaren barruan egin den pelikularik originalenetako eta desberdinenetako bat izan daitekeelako baizik. Desberdintasun hori ez da istorioan edo pertsonaietan soilik ageri, baita proiektuaren atzean dagoen sormen-taldean ere: gehienbat zinema independentetik datozen talentuek osatzen baitute, horietako asko A24 estudio entzutetsuari lotuak.

Florence Pugh aktoreak pelikularen tonu bereziaz hitz egin du hainbat elkarrizketetan. Aktoreak aipatu du «indie kutsua duen hiltzaileen edo antiheroien pelikula nahiko berezia dela esan daiteke. A24ko ekoizpenen ukitua duena, baina Marvelen pertsonaiak tarteko».

Hasiera batean, filma 2024rako iragarri zen, baina hainbat atzerapen medio, apirilaren 30ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinemetara. ‘Thunderbolts*’ Marvelen unibertso zinematografikoaren hurrengo fasean rol garrantzitsua jokatuko duen proiektu handienetakoa izatea espero da.