
Adimen Artifizialak jada dakarren desinformazioari aurre egiteko asmoz, zazpi milioi euro banatuko ditu Lakuako Gobernuak hedabideen artean, astearte honetan bildutako Gobernu Kontseiluak jakinarazi duenez.
Egoitza Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan duten eta egunero lanean dihartuten komunikabideei zuzendutako laguntzak dira (prentsa idatzia, digitala, irratia eta telebista). Deialdia egiteko agindua maiatzaren 12an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 13tik ekainaren 12ra izango da.
Iaz bezala, Lakuak aitortu egiten du Adimen Artifizialak berrikuntzarako eta garapenerako egiten duen ekarpena, baina, aldi berean, informaziorako eskubideari ekar diezaiokeen arriskuan ere jarri du arreta.
Horregatik, Imanol Pradales buru duen Gobernuak uste du hedabideetako profesionalek «berebiziko garrantzia» dutela eskubide hori betetzeko, eta «ezinbesteko eragileak» direla desinformazioaren aurkako borrokan eta, beraz, «balio demokratikoen garapenean».
Laguntzak eskuratu ahal izateko, komunikabideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: EAEn egoitza edo lurralde ordezkaritza izatea; EAEko biztanle guztientzat eguneroko gaurkotasuneko gertakariei buruzko informazioa eta interes orokorreko edukiak eskaintzea, edo bere eremuko biztanleentzat interes orokorreko tokiko edo eskualdeko edukiak eskaintzea (gutxienez %15 ekoizpen propioko edukiak EAEn); gutxienez bost langile izatea 2024ko abenduaren 31n, eta langile horiei eustea gutxienez diruz lagun daitekeen proiektuak edo jarduerak irauten duen hiletan.
Zazpi milioi euroak komunikabideen ezaugarrien arabera antolatutako bi atal handitan banatuko dira. Horrela, alde batetik, sei milioi euro banatuko dira komunikabide jeneralistentzako laguntzetan (hedabideok 25.000 erabiltzaile edo gehiago izan behar dituzte edo 5.000 entzule euskara hutsean emititzen duten irratietan, CIESen arabera).
Beste alde batetik, milioi bat euro gorde da tokiko edo eskualdeko edukia duten eta eguneroko informazio ematen duten komunikabideentzako laguntzetarako. Lerroa bi azpiataletan banatu da: CIESen gutxienez 4.000 erabiltzaile dituzten hedabideentzako laguntzak (700.000 euro), eta CIESen gutxienez 4.000 erabiltzaile baino gutxiago dituzten komunikabideentzako laguntzak (300.000 euro).

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia

Yala Nafarroa lanzará un txupinazo que sea «una luz de esperanza para detener este genocidio»

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»
