Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

«Euskara ezin da zokoratze digital egoera batean geratu»

Garaian garaiko testuingurura egokitzen jakin du euskarak historian zehar. Orain, adimen artifizialak erronka berriak dakarzkio, eta horiei erantzuteko bide onean badaude jada hainbat proiektu. Herri estrategia eta burujabetza teknologikoaren beharra azpimarratu dute hainbat adituk.

 EHUko Zientzia eta Teknologia fakultaten izandako mahaingurua.
EHUko Zientzia eta Teknologia fakultaten izandako mahaingurua. (Raul BOGAJO | FOKU)

Azken urteetan adimen artifizialaren garapenean hainbat eta hainbat aurrerapen bizi izan ditugu, gehienbat teknologia honen esparru generatiboan, eta horrek gure bizitza nolabait aldatu egin du. Honek erronka handiak ekartzen dizkio gizarteari hainbat alorretan: erabilpen etikoa, sortu daitezkeen arrakalak, pertsonen prestakuntza, jasangarritasun energetikoa... Baina Euskal Herriari, hizkuntza ez hegemonikoak dituzten beste hainbat herriei bezala, beste erronka bat sorrarazten dio: euskararen etorkizuna.

Horri buruz aritu dira asteazken goizean EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko paraninfoan izandako mahai-inguruan Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen Gogoetagunearen koordinatzailea, Xabier Arregi EHUko HITZ zentroaren ordezkaria, Leire Barañano Euskorpora proiektuaren zuzendaria eta Aitzol Astigarraga Elhuyarren ordezkaria eta Orai NLP zentroaren koordinatzailea, Urtza Garay irakaslearen moderatzaile lanarekin.

«Oso garrantzitsua da zein hizkuntzatan sortzen eta erabiltzen diren tresna hauek»

«Adimen artifizialaren garapenak badauka euskararen garapenean bere eragina, eta, era berean, euskararen garapenak izan beharko luke ere adimen artifizialaren garapenean eragina. Digitalizazio honetan hizkuntzek badute bere bizitza propioa, eta oso garrantzitsua da zein hizkuntzatan sortzen eta erabiltzen diren tresna hauek», aipatu du Garayk gaia kokatuz.

Sarasuak euskararen egoerari buruzko gogoeta batekin hasi du bere hitzartzea. Aipatu duenez, duela 60 urte inguru euskarak biziberritze prozesu bat abiatu zuen eta gizarteko ia esparru guztietan hedatu zen arrakasta gehiagorekin edo gutxiagorekin: eskola publikoan, administrazioan, hedabideetan, kulturgintzan, aisialdian, lan eremuan... «Prozesu hau erreferentea izan da mundu mailan, baina azken urteetan impasse batean sartu gara, hein handi batean, globalizazioak eta digitalizazioak eraginda. Gainera, betiko arazo estrukturalak ditugu, hala nola ahalmen politiko mugatu bat eta demolinguistika zaila. Testuinguru honetan, ez da nahikoa orain arte egin duguna egiten jarraitzea», baieztatu du herri estrategia baten beharra azpimarratuz.

«Hizkuntza nagusienen pareko errendimendua lortu beharko genuke adimen artifizialeko hizkuntza tresnak erabiltzen ditugunean»

Ideia berdintsuarekin jo du Arregik. Digitalizazioa eremu transbertsala dela eta hiztunaren jarduera osoari eragiten diola nabarmendu du. «Erronka nagusia atzera ez gelditzea da, euskara zokoratze digital egoera batean ez geratzea. Hizkuntza nagusienen pareko errendimendua lortu beharko genuke adimen artifizialeko hizkuntza tresnak erabiltzen ditugunean: euskaraz bizi nahi duen bati euskarazko tresnak erabiltzea erdal hizkuntzetako tresnak erabiltzea bezain onuragarri, eroso eta betegarri izan behar zaio», adierazi du.

Hori lortzeko burujabetza teknologikoaren beharra azpimarratu du EHUko HITZ zentroaren ordezkariak. «Txikiak izanda ere, euskararen hizkuntza komunitatean badaukagu nahikoa aktibo gauzak egiteko. Gure baliabideekin gauzak egin ditzakegula demostratu dugu askotan. Estrategia bat zehaztu behar da; ikusi behar dugu zein ahalmen ditugun eta horiek erabili. Hau lankidetzatik eta software libre eta eredu irekien bidetik egin behar da», adierazi du ikerkuntzaren garrantzia nabarmenduz. «Euskararen garapen teknologikoa nork egingo du euskaldunok egiten ez badugu?», galdegin du.

«Enpresa eta zentro handien atzetik gabiltzan arren, gure txikitasunetik pausuak eman ditugu eta olatuari nahiko ondo heldu diogu».

Bide horretan, Astigarragak Elhuyarren baitan sortutako Orai NLP zentroa adimen artifizialean ikertzeko eta teknologia sortzeko egiten ari den lana azaldu du. Baieztatu duenez, adimen artifizialaren baitan, euskararen hizkuntza teknologiak heldutasun maila nahiko egokira heldu dira azken urteetan, eta dagoeneko emaitza onak eman dituzten oinarrizko teknologiak aipatu ditu, hala nola itzulpen automatikoa edo hizketa teknologia. «Enpresa eta zentro handien atzetik gabiltzan arren, gure txikitasunetik pausuak eman ditugu eta olatuari nahiko ondo heldu diogu».

Hala ere «erronka asko» daudela gogorarazi du, aurreko hizlariek aipatutako estrategia eta burujabetza teknologikoaren beharrarekin bat eginez. «Kanpoko teknologiekiko menpekotasuna sortzen badugu, ezagutza galduko dugu eta horrekin batera teknologia horrekiko kontrola ere bai. Gure beharretara egokituko diren tresnak garatu ahal izateko, ezinbestekoa da burujabetza teknologikoa».

Ikerketa eta tresna berrien sorreraz aritu da ere Barañano bere hitzartzean. Azaldu duenez,  euskal hizkuntzaren corpus digitalak sortzea da Euskorpora proiektuaren helburua, gero, ereduak entrenatzerako eta garapenak egiterako orduan, oinarri bat izateko. «Gure misioa da ikustea zein behar dauden gizarteko alor ezberdinetan eta bakoitzean zein corpus digitala behar den, zeren eta badaude, hizkuntza aldetik, orokorrak diren kontuak, baina badaude ere sektorialki behar bereziak. Azken finean, lortu nahi duguna da adimen artifiziala dakarren tresna ezberdinen erabilgarritasuna euskararen munduan ere bermatzea», azaldu du Barañanok.