Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Heroien itzalpean hazi diren seme-alabez hausnartu du Goiatz Labandibarrek ‘Eresia’ liburuan

Balizko euskal errepublika independentearen lehen lehendakari izandako Aitzol Agirreren heriotzatik abiatzen da Goiatz Labandibarren ‘Eresia’ (Elkar) eleberria. Tala protagonistaren ahotik, pertsonaia publiko baten alaba izateak dakartzan poz eta gabeziak jarri ditu mahaigainean idazleak. 

Goiatz Labandibar idazlea, liburuaren aurkezpenean.
Goiatz Labandibar idazlea, liburuaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Galdera baten bueltan eraikitzen da Goiatz Lanbandibarren ‘Eresia’ liburua, eta hargatik darama ‘Hil kanta aitari’ azpititulua: pertsonaia publikoen bizitza pribatuaz zer pentsatzen dute haien ingurukoek? «Rebeca Solnit idazle estatubatuarraren liburu bat irakurtzen hasi nintzen eta aipatzen zuen Martin Luther King ziurrenik aita txarra izango zela, baina etxean eduki ez zuten hori baino askoz garrantzitsuagoa zela gizarteari eman ziona. Eta nire buruari galdetu nion ea zer pentsatuko zuten horretaz bere seme-alabek», aipatu du Goiatz Labandibarrek liburuaren aurkezpenean.

Abiapuntu horri helduta hasi zen ‘Eresia’ bilakatuko zen nobela labur hau egituratzen, erabat fikzioaren eskutik, «oso zaila egiten baitzitzaidan eta errespetua ematen baitzidan hezur-haragizko norbaiten larruan satrtzea», eta kontakizunari oinarria emateko bi eremu irudikatu zituen: kokalekua lehenik, euskal errepublika independentea, eta pertsonaian ondotik, Tala, Aitzol Agirre ‘herio nazionala’-ren alaba. «Herri guztiek behar izaten dituzte heroi nazionalak, eta Agirre euskal errepublika independenteko lehen lehendakaria da. Haren alabak, Talak, kontatzen du nobela. Bere aitaren heriotza eta ondoren datozen egunak kontatzen ditu, berak nola bizi dituen, eta baita askotan iritzi publikoak jainkotzen edo goraipatzen dituen pertsonaia horien atzean zer dagoen ere», argitu du idazleak.

Lehen kolpean dolu baten gaineko kontakizuna dela badirudi ere, urruntze fisikoaz gainera emozionalaz ere badihardu idazleak «utopia edo distopia»-ren testuinguru literarioan mugitzen den eleberri honetan, eta gogoeta egiten du heriotzak «guztia on» bihurtzeko duen gaitasunaz, «barkatzeko gaitasun horretaz».

Kontakizunaren erdigunera heriotza eta aita galdu berri duen alaba ekarrita, nobelaren tonura umorea ekarri nahi izan du Labandibarrek. «Esango nuke nolabaiteko satira bat dela, ironia puntu bat badago, dibertsio puntu bat, eta hori nahita bilatua izan da, ze nik Tala irakurlearentzat sinpatikoa izatea nahi dut, ez negartia edo txaplata», nabarmendu du. Kontakizunean bigarren mailako pertsonaiak ere badaudela gaineratu du, Aitzol Agirreren alderdikideak edota Talaren harreman pertsonalak, eta protagonista Tala bada ere «Aitzol Agirreren itzal horrek nobela guztia zeharkatzen» duela aipatu du.

Erabat fikziozkoa

Labandibarrek argitu du ez dela inongo pertsonaia historikotan oinarritu liburua idazteko. Are, ideia horretatik urrundu nahi izan duela esan du, «ez nuelako nahi inor identifikatuta sentitzea, erreparoa ematen dit gaiak, oso pertsonala baita norbaitek aitagatik sentitzen duena eta hori bizitzeko duen modua. Euskal errepublika hori eraikitzen hasi nintzenean, neurri batean hemen kokatu nuen nobela nik asko idazten dudalako gaurtik eta hemendik, gure gizarteari begira, eta ezagutza horrek errazten zidan testuinguruan eraikitzea. Existitzen ez zen zerbait behar nuen gure errealitatetik urruntzeko, horrek askatasuna ematen zidan beste hainbat gauza sortzeko edo eraikitzeko, eta egun gure gizartean badauden gauza edo gertakizun batzuei buruz hitz egiteko, nahiko tonu jostalarian», azaldu du.

Horrela, kontakizuna heriotzaren berri izaten denetik agurra bukatzen deneraino luzatzen bada ere, kapitulu guztietan atzera begirakoak daudela aipatu du, Talaren haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak ezagutu eta Aitzol Agirreren alaba izateak nola eragin dion adierazteko. «Badago borroka hori, ‘ni Tala naiz baina beste guztien aurrean Aitzol Agirreren alaba’, nola banatu nahi duen bere izaera itzal horretatik. Tala oso ondo ezagutzera iristen da irakurlea eta Aitzol Agirre aita bezala zer izan zen ezagutzera ere iristen da», ziurtatu du.