
Jardun koordinadoraren ekimenez Irun eta Hendaia arteko zubiko errepidea moztu dute ostegun goiz honetan hainbat lagunek, muga hori Estatu frantses eta espainolek «Euskal Herriaren aurka baliatzen duten elementua» dela iritzita.
Nabarmendu dutenez, zubiak «ederto irudikatzen ditu estatuok mugak inposatzeko eta banaketak hauspotzeko duten grina», eta zehaztu dute muga artifiziala bada ere euskaldunon artean nazio gisa sortzen dituen «arrakalak» errealitate bat direla. «Euskal Herri bateratuaren egikaritzea ekidin eta Ipar zein Hego Euskal Herriko langileok banatzen gaituen muga artifiziala da. Banaketatik arrakalak sortu eta Euskal Herriaren nazio izaera ukatzea zein nazio kontzientzia deuseztatzea xede duena. Jazarpenaz, kolpeez eta mehatxuez gain, banaketa baita estatuok Euskal Herri Langilearen aurka baliatzen duten arma», ziurtatu dute.
Zeregin horretan mugek funtzio berezia betetzen dutela ere adierazi dute, «lan esku etorkina biolentatu eta diziplinatzeko mekanismoak» baitira aipatu estatuentzat, «Euskal Herri Langilearen batasunaren gauzapena ekidin eta burgesiaren mesedepeko erreakzioa elikatzen laguntzen dutenak».
«Euskal Herriko Langileok ondo ezagutzen dugun dominazioa baita kapitala eta bere borreroen lengoaia, kapitalismoan herrialdeen arteko harreman inperialistak direlarik araua», esan dute.
Herrialdeen arteko «dominazioa»
Estatu espainol eta frantziarrak, Europar Batasuneko kide diren aldetik, munduko beste herrialde batzuetan ere «gerra eta gatazka» sustatzen dituztela ere utzi dute agerian, adibide bezala Donbass edota Palestina jarriz. Euren iritziz, herrialdeen arteko «dominazio harreman inperialista» horiek dira kapitalak bizi duen «krisi ekonomikoari» aurre egiteko baliatzen duen formula, eta «periferiako herrialdeen gainesplotazioaren lepora zentro inperialistako herrialdeetako bizi maila mantentzea ahalbidetzen diona», esan dute. «Kapitalak krisiari aurre egiteko irabaziak metatzen jarraitu, eta burgesen mozkinei zein nagusitasunari eusteko bere beharrizanen neurrirako etsaia asmatu eta gorpuztu duelarik etorkinengan», esan dute.
Euskal Herrira itzuliz, langileriaren «estraturik zaurgarriena» jopuntuan jarrita langile ororen baldintzak «kaskartzeko» bidea hartu dela salatu dute, «lana lapurtu eta lan indarraren balioa merketzen dutenen mamua astinduta, arrazakeria eta xenofobiari bide ematen dihardute banaketa baliatuz, hauek Euskal Herri Langilearen barrenean arrakala gisa errotu daitezen». Eta hori bermatzeko Atzerritartasun Legea baliatzen dutela gaitzetsi dute.
Jardun koordinadoratik uko egin diote banaketa hori elikatu zein hauspotzeari, eta protestarako muga hautatzearen arrazoia «Euskal Herri Langilearen batasuna aldarrikatzea» izan dela azaldu dute, «Iparralde zein Hegoalde, bertako zein etorkin, Euskal Herrian bere lan indarra saltzera kondenatuta dagoen oro baita Euskal Herri Langilearen parte».
Zentzu horretan, funtsezkotzat iritzi dute joera arrazistak «borrokatzea» zein estatuen asimilazio estrategiei aurre egitea. «Guri dagokigu dominazio harreman inperialistak eta gerrara kondenatu nahi gaituzten frantziar eta espainiar estatuei zein Europar Batasunari jarkitzea. Beraz, sozialismoaren bidean, Euskal Herri Langilea batu!», amaitu dute.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
