NAIZ

Javier Zabalak olatu aparretik lurreratu du jada finalerdietan dagoen Iker Larrazabal

Iker Larrazabal olatu aparrean zegoen, Buruz Buruko txapelketako partida guztiak irabazi eta jada finalerdietan lekua eginda. Ligaxkako azken partidan, jokoan ezertxo ere ez zegoenean, porrot gogorra jaso du Javier Zabalaren aurka (22-7). Errioxarraren azken partida izan da txapelketa honetan.

Javier Zabala, adi, pilotakada bat ematear.
Javier Zabala, adi, pilotakada bat ematear. (Iñigo URIZ | FOKU)

Labriteko harmailetan giroa bai, baina kantxan apenas egon da lehiakortasunik. Javier Zabala amorruz kantxaratu da, Buruz Buruko txapelketa aho zapore onarekin bukatzeko gogotsu –iaz finalerdietara iritsi zen eta aurten, ligaxkan kanporatua izan da–. Joan den edizioan bera izan zen ezustea eta aurten txapelketan nabarmentzen ari den Iker Larrazabalen aurka askatu nahi izan zuen gordeta zeukan samin guztia.

Dario eta Jokin Altunaren aurka partida serioak egin bai, baina azkenean bi partidak galduta, aukerarik gabe iristen da azken jardunaldira; aurrean, bestalde, atarikoan Ezkurdia kanporatu eta ligaxkako bi partidak irabazita, finalerdietan ate handitik sartu dena, Larrazabal, izan da bere biktima. Olatu aparretik lurreratu du porrot honek arabarra baina, era berean, onartu du eskuan mina sentitu duela eta beldur pixka batekin ere aritu dela.

«Lehen tantotik eskua txarto nabaritu dut, eta zaila da beldurrez eta minez jokatzea. Hala ere, berak [Zabalak] asko jokatu du, sakean asko jo du eta hor egon da gakoa», aitortu du Amurriokoak. Partida, hain zuzen, berak sakez egindako tanto batekin estreinatu da, zabalean ezustean hartuta. Trukatu dituzte zenbait kolpe, baina kantxan lasaiago sumatzen zitzaion errioxarrari. Hala, lehen takada lortu du, 8-1eko partziala ezarri eta Larrazabal etenaldia eskatzera behartzeraino (9-3). «Gaur gaurkoa», esaten zion Baikoko aurrelariari bere botilero Koldo Iriartek, partidan zentratzeko aholkatuz.

Zabalak intentzioz jokatu du, pilotakada bakoitza ongi aztertuta. Hankak kantxan izan ditu eta aurreko bi porrotetan pilatutako amorrua izan da bere motorra: «Buruaren kontrola edukitzen saiatzen nintzen, baina aurreko partidekin akordatzen nintzen, amorruz. Garaipena gertu izan nuen partida haietan eta gaurkoa ikusita, kantxan gustura nengoela erreparatuta, amorrua sentitzen dut beste puntu bat ez edukitzearren».

Kontrol osoa

Erabat menderatu du norgehiagoka errioxarrak, Larrazabal dantzan erabilita, alde batetik bestera. Partidako estatistikek ere ikuspegi argigarria eskaintzen dute: 10 tanto egin ditu errioxarrak eta hiru galdutako soilik (horietako bat, sakez egindako falta). Partida bera ez gogortzearen presaz ere sumatu zaio Larrazabali (lau egindako eta 12 galdutakorekin bukatu du partida) eta hori aurkariaren mesederako izan da, oso joko oldarkorra baitauka Zabalak. Hala, Baikokoak behartuta eskatutako etenalditik, beste 10-1eko partziala ezarri du Aspekoak (18-4) eta partida bideratuta utzi du.

Labriten bildutako ikusleak saiatu dira Iker Larrazabal hauspotzen –bere aldeko kantuekin eta tantoa egiten zuen bakoitzean asko txalotuz–, partida estutu nahian eta ikuskizun gosez. Izan du susperraldia arabarrak (0-3ko takada batekin, Zabalak gora botatako pilotakada baten ostean), baina erabat behartuta jokatu ditu azken tantoak: eroritako pilotakada bat, gora botatako beste bat, txapara bidalitako errematea... Azkenean, beste sake erresto bikain batekin, Javier Zabalak ongi itxi du partida.

Finalerdiak

Multzo bakoitzetik finalerdietara sailkatutako pilotari bana ezagutzen dugu momentuz. A multzoan, Larrazabal eta B multzoan, Laso. Bi hauek ezagutzeke daude  aurkari zein izango duten finalerako bidean. Bihar arratsaldean hil ala biziko partida jokatuko dute Jokin Altunak eta Dario Gomezek, Bilbon. Kale edo bale, irabazten duenak egingo du aurrera eta Unai Laso izango du aurkari finalerdietan.

Iñaki Artola edo Peio Etxeberria, hurrengo astean irabazten duena, izango da, bestalde, Larrazabalen aurkaria. Honekin, argi dagoen gauza bakarra da inoiz jokatu gabeko finala hartuko duela Bizkaia pilotalekuak, aipaturiko hiru pilotari hauek ez baitute sekula maila goreneko Buruz Buruko finalik jokatu. Gatza eta piperra egongo da partida hauetan.

FITXA TEKNIKOA

ZABALA 22

LARRAZABAL 7

Partidaren iraupena: 43:41 minutu. Pilotakada kopurua: 202 pilotakada. Sakez egindakoak: 1 Zabalak eta 1 Larrazabalek. Falta: 1 Zabalak. Egindakoak: 10 Zabalak eta 4 Larrazabalek. Galdutakoak: 3 Zabalak eta 12 Larrazabalek. Gertaerak: Buruz Buruko txapelketako partida, ligaxkako azken jardunaldia, Labriten jokatua. Giro ezin hobea. Sakea, urdin. Aurretik, Elordi eta Zabaletak 16-22 irabazi die Jaka eta Iztuetari, pilota jaialdiko lehendabiziko partidan. Ez da hirugarren partidarik egon.