
Lesioak ez dira inoiz ongietorriak izaten. Pilotaren kasuan, kirol honek ez du etenik urtean zehar, eta Buruz Buruko txapelketa nagusian murgilduta gaudela, minek buruhauste handiak sor ditzakete.
Horixe gertatu zaio Unai Lasori. Dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dago nafarra –Altuna III.aren kontra jokatu beharko du hilaren 17an–, baina ezin izango du larunbat honetan Elordiren aurka final-laurdenetako azken partida jokatu eskuin belaunean min duelako.
Baiko enpresak jakitera eman duenez, duela bi egun entrenamenduan egindako mugimendu txar batek belauneko mina eragin zion. «Tendinopatia errotulianoa diagnostikatuta, kirol-atsedena hartu eta fisioterapia-tratamendua egingo du», adierazi du enpresak.
Gauzak hala, aurrelari nafarrari 22-0eko emaitzarekin galdutzat emango zaio final-laurdenetako ligako azken partida. Bizkarreta-Gerendaingo pilotariak, hori bai, egunak izango ditu aurretik finalerdietako neurketarako sendatu eta ondo prestatzeko. Hilaren 17an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, neurtu beharko ditu indarrak egungo txapelduna den eta igandean Dario menderatu zuen Jokin Altunaren aurka.
Larunbat honetako jaialdia Elordi-Zabaleta eta Peña II.a-Mariezkurrena II.a bikoteen arteko partidarekin hasiko da, eta ondoren, Agirre eta Salaberriaren arteko Buruz Buruko Serie B Txapelketako final-laurdenetako partida jokatuko da.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
