Aroztegiko Elkartasun Komiteak aste osoan Elizondoko plazan egin duen kanpaldian, «desobedientzia zibila ez dela delitua» azpimarratu du. Izan ere, epaituko dituzten zazpi lagun horiek, bertze hainbat herritarrekin batera, Aroztegiko proiektuaren kontra egindako kanpaldian parte hartu zuten 2021eko udaberrian. Horregatik epaituko dituzte, eta horregatik kanpatu dute berriro herritarrek.
Lokartu bezala ernatu ziren astelehenean, euritan, kanpaldiaren lehendabiziko egunean. Ezohiko itxura eman zioten plazari, kanpinez beteta, ezohiko egoera salatzeko: «Zazpi baztandar kartzelan sartu nahi dituzte eta bizi osorako ekonomikoki zigortu, zer eta haien desadostasuna makinen aitzinean eseriz erakusteagatik».
«Absoluzioa Aroztegikoendako» irakurtzen ahal zen kalea euriak baino gehiago blaitzen zuten zapi horietan. Ingurukoen elkartasunaren kafe beroaren ondotik, goiza pankartak egiten eman zuten. Haietako batean honakoa irakur zitekeen: «Guk ere akanpatu genuen!».
Baztango lurren erabakimena, Baztandik kanpo
Egunak aitzinera egin ahala, zeru urdina agertzen joan zen, eta jende gehiago agertu zen. 17.00etan abiatu ziren dozena bat auto Baztanen barrena harrabotsa egitera, kartel horiz beterik: «Ez gara zazpi, herri bat gara», aditu zen zoko guzietan.
19.00etako elkartasun keinuan Erdiz Bizirik, Basaburuko herritarrak eta nekazariek bete zuten plaza, eta tartean Erdiz Bizirikek salatu zuen, Aroztegian bezala, UGEParen prozesu berdina gertatu zaiela haiei: «Baztango lurren gaineko erabakimena Baztandik kanpo eramatea».
Afalorduan dozenaka lagun bildu ziren mahaiaren bueltan, mantak altzoan eta Maddi Ane Txoperena, Xabi Maia, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo bertsolariek alaituta. «Elkartasunak goxa dezala epaiketaren hotza», kantatu zuten.
Dimentsio handiko margolanak
Astearte egunsentian euri tantak eta ezkilen soinua nahasi ziren kanpin-dendaz eta zapi horiz beteriko plazan. Bazkalondoan artistak hurbildu ziren. Kioskoan beren margolanekin hasi, eta gauerdira aritu ziren ekinean. Kartoi batzuekin eginiko murruetan Aroztegiko kanpaina honetan agertu diren lau kartel moldatu zituzten dimentsio handietako margolanetara.
Joanes Altxuk herria jan nahi duen edo herriaren oihua izaten ahal den aho bat egin zuen. Juan Angel Perotxenak Aroztegiaren mugimenduan erabilia izan den golf-makiladun heriotza berreskuratu zuen, kasu honetan zaldi gainean, banderatzat euroa, hautetsontzi bat sutan eta erresistentziaren gezi batzuk han-hemenka zituela.
Garaxi Inziarteren irudian Aroztegiaren borroka 2021eko kanpaldiko sustraiekin lotzen da: «Han gu ibili ginen lurraren defentsan eta orain lurretik sortutako babesleak defendatzen gaitu gu». Pello Fagoagaren margolanean loreak –bakea, natura- ageri dira, baita makinak eta golfeko makilak ere, eta mezu zuzen bat: «Ze aldetan zaude?». Lau margolanak Elizondoko plazan egonen dira ikusgai.
Batzar Nagusiaren balioa
Arratsaldeko elkartasun keinuan Erbereko eta Batzar Nagusiko kideak bertaratu ziren. Komiteko kideek egin zuten irakurketan eta Batzar Nagusia, baztandarren ordezkaritzarako organo nagusia, balioan paratu zuten, urtetan proiektuaren aurkako borrokan izan duen papera nabarmenduz, «instituzioak eta karrikak elkarlanean».
Baina, Baztanen ‘Marina D’Or’ bat egiteko UGEParen trikimailua erabiliz organo horren gainetik pasatu zirela salatu zuten. Urtetako borroka gordin horren adierazle da Batzarreko kideek jasan izan duten errepresioa, zazpien kriminalizazioa tartean.
Komitearen ondotik, Fernando Anbustegi Batzar Nagusiko buruak hartu zuen hitza, maila pertsonalean solastatuz. Erran zuenez, ordenantzen bigarren artikuluan argiki adierazten da Batzar Nagusiaren eginbeharra herri lurrak defendatzea dela, baita lurren pribatizazioen aurka egitea ere, eta segur aski mandatu horri zor zaio oraino Baztango lurren %84 komunalak izatea.
Gaua ederra izan zen: 50 lagun inguru bildu ziren plazan mahaiaren bueltan, Lierni Oteiza eta Olaia Inziartek trikitixa eta panderoarekin girotutako afarian, dantza eta kantu, elkartasunaz gozatuz.
Aroztegirako martxa
Astearte gaua indarrez akitu bazuten, asteazkena «egundokoa» izan zela adierazi zuten. Plaza idor iratzarri zen, baino giro onean, kafearen bueltan. Lehendabiziko hitzordua segituan etorri zen: Aroztegirako martxa.
20 pertsona abiatu ziren Lekarozko Tellari auzora, Aroztegiaren eremuetara. Paseoa ederra da berez, are ederragoa eguraldi onarekin. Hango eremuetara hurbiltzen ziren heinean hasi ziren 2021eko kanpaldiko istorioak oroitzen: «Bide honetan goiti eta beheiti ibili ginela, hantxe paratu genuela kanpin-denda eta han egon zirela poliziak. Oraingo egoerak hor du jatorriaren zati bat, kanpaldi horren ondoren eta bertan egin ziren protesta demokratikoengatik etorri baitira orain zigor eskakizunak», gogoetatu zuten.
Bertzalde, eremu horiek ezagutu zituzten bezain eder daude oraino: «Larre berdeak, errekastoak, bioaniztasun bikaineko eremua, aziendendako bazkaleku onak, eta halaxe segituko dute bertze ehunka urtez», zin egin zuten.
Kanpaldira itzuli eta bazkalondoan egitarau betea izan zuten: Kinbonboko musikariak etorri ziren plazara eta, giro bikainean, dozenaka lagunek egin zuten itzulia.
«Nafarroako Gobernuari dagokio geldiaraztea»
Plaza jendez lepo zegoela, elkartasun keinuan lekaroztarren zinpeko alkateak hartu zuen hitza, Mattari Plazak. Hark proiektuaren historiaren errepaso zabala egin zuen. Bi ondorio ere azpimarratu zituen. Lehendabizikoa, «proiektua behin betiko geldiarazteko ardura Nafarroako Gobernuari dagokiola, UGEPa onartu zenean ez zelako inolako prozesu parte-hartzailerik izan eta gainera 2009ko Lekarozko herri galdeketan eta 2016ko Baztangoan proiektuaren aurka agertu zirelako herritarrak».
Bigarrenik, garbi utzi zuen ez daudela «inposizio hori onartzeko prest». Bide horretan izandako «kriminalizazioa» oroitarazi zuen, baita zenbait alderdik izan duten «paper tamalgarria» ere.
Mattariren erranak osatzeko, Ainhoa Astiz lekaroztarrak idatzi bat irakurri zuen, non azaltzen den nola proiektuan lekaroztarrenak diren nekazaritza lurrak sartu zituzten, «konpentsazio batzordean» proiektuaren aurka zauden haiek ere sartuz. Lekarozko Agerrea, Lartxea eta Iruin etxeek sinatutako testua izan zen.
Baztango Mindaitzen ahotsekin gozatu zuten, plaza kantuan jarriz. Gero, etxean eginiko pizza batzuk afaldu bitartean kabareta izan zuten. Ehun lagun inguru bildu ziren, Iruñerriko hainbat artistak beren akrobaziak egin bitartean, aroan, sokan edo malabaretan, txalo zaparrada artean.
«Gozatzeko eguna» izan zen Elkartasun Komitearentzat, «borrokak ere elkartasunaren momentu ederrak baititu». «Segur gaude kezkatuak daudela akusazioa egin dutenak, ikusten baitute legitimitate guzia galdu dutela», azaldu zuten.
Etxebizitzaren auzia
Ortzegun goiza ederki hasi zuten, denbora lagun. Herriak eta errepideak apaindu zituzten egun hauetan egindako pankartekin, eta arratsaldean, boleibol txapelketaren tenorea ailegatu zen.
Ondotik, Elizondo kuarteleko jendea hurbiltzen hasi zen. Baztanen Bizi Nahi dugu eta META taldekoek etxebizitzaren gaia ekarri zuten hizpidera elkartasun keinuan. Etxegabetze baten arriskuaz jakinarazi zuten, martxoaren 20an izan behar zena. Antolakuntzari esker, abenduaren 30era arte atzeratzea lortu dute. Agertu zutenez, Baztanen 200dik goiti eraikin turistiko daude, 1.500 etxe huts eta bigarren etxebizitza turistikoz gain.
Egunaren akaberan, jendeak elkartasunez ekarritako patata tortillak afaldu dituzte. Gaualdia guziz goxatzeko Madam Birrotsen kontzertua izan dute. Bidenabarren bizpahiru kantuk akitu dute gaua eta ilargi azpian, gitarra eta biolina lagun, elkarrekin kantatu dituzte kantu zaharrak nekeak lotara bidali arte.
Ortziralean, azken-aitzineko egunean, nostalgia punttu batekin ekin zaio egunari, jendearekin egoteak ematen baitu pausu bat eta bertze egiteko indarra. Elizondoko plazan kafearen urrina eta hondakin-kamioiaren soinua nahasten zen, eta lasai joan da goiza, aisialdi, lan eta bisitekin. Elizondoko Lanbide Eskolako irakasleek Oronozko Lanbide Eskola berriaren borrokan sumatu den elkartasunaz mintzatu ziren eta eskertzeko beharra zutelakoan hurbildu ziren kanpaldira, Aroztegiko Elkartasun Komiteko aldarriei babesa ematera.
Bazkalondoan, eguraldia kaskartzen hasia zela, bizikletak zapi horiz apaindu eta bizikleta martxa abiatu zen, bozgorailuetatik Tatxersen «eta betirako Aroztegia bizirik egon dadila» aditzen zela. Elizondo eta Elbeteko karriketan ‘Lurraren defentsa ez da delitua’ edota ‘absoluzioa’ aldarriak entzun ziren.
Aterkiak eskuetan eguneroko elkartasun keinura hurbildu ziren dozenaka lagun. Bertzeak bertze, irakurketan erran zutenez, lurra, bizitzaren oinarri den heinean, gizakion borroken erdigunean kokatzen da. Auziperatuei elkartasuna adierazi eta «sistematikoki ematen ari diren herri lurren xehaketa eta desjabetzea» salatu zituzten.
Udalaren arkupetan batu ziren afaltzeko, ortziralaren azken izpiak erortzen ari zirela trikitixa eta panderoa lagun kanta zaharra eta berriak hartu dituzte ahotan. Abesten joan zen kanpaldi eder honetako azken gaua, lagunekin, zapi horiak lepoan, nekea eta poza aurpegian, Anje Duhalderen ‘Jakintasuna’ abestuz: «Kapitalistak pobrearentzat axola batere ez du /partikularzki laborariak kontrario sobera du / aberats puxant errege haundi, dutenak hoinbeste gradu / denek goseak hil behar dute lurrak ematen ez badu».
Elkarretaratzeak egunero Nafarroako Auzitegian
Kanpaldiari akabera larunbat eguerdian eman diote, elkarretaratze batekin. Elkartasun komitea eskertua agertu da deialdiak izandako babesarekin eta nabarmendu du hain zuzen hori zela helburua, auziperatuak jendearen beroa sentitzea. «Beraz, esker mila hurbildu zaretenoi, aste honetan gertatu denak argi erakutsi baitu ez direla zazpi, herri bat gara».
Elkarretaratzea amaituta, Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaldiaren balorazioa ere egin du. 2021eko kanpaldian sentitu zuten harrotasun bera sentitu dutela ziurtatu dute, eta balorazio «arras ona» egiten dutela nabarmendu: «Bertze behin harrituak gelditu gara bai baztandarren zein Euskal Herriko komunitatearen elkartasunarekin».
Eguraldi makurrari aurre eginez Elizondoko plazan jende asko bildu izana eskertu dute eta «indartuta» atera direla aitortu dute: «Herri oso bat astakeria horren erabat aurka dagoela argi gelditu zaigu eta akusazioa jarri duen enpresak eta hori babestu duten aktore guziek legitimitate osoa galdu dutela ebidentzia bat da. Bistakoa da desobedientzia zibilia, ekimen demokratiko hori, kriminalizatu nahi izan dela eta hori onartuko ez duen herri bat dagoela hemen», jarri dute azpimarra.
Gauzak hala, maiatzaren 19an abiatuko den epaiketara «indar berriarekin» doazela ziurtatu eta bertaratzeko deia egin dute, denon bultzadaz Aroztegiko auzipetuentzat absoluzioa eman dadin. Izan ere, kanpaldia amaitu da, baina ez elkartasuna: epaiketaren astean, egunero Nafarroako Auzitegiaren parean adieraziko dute babesa.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
