
Gure Eskuk herri libre bat aldarrikatu du igande honetan Argantzonen, Trebiñuko barrendegian. Egun osoko egitaraua antolatu dute, herriko plazan, dantza ikuskizuna, bertso saioa, triki poteoa, herri bazkaria eta, amaitzeko, Txalainak taldearen kontzertua. Eta, nola ez, ekitaldi politikoa. Bertan izan da Josu Etxaburu, Gure Eskuren bozeramailea.
«Trebiñun gaude. Arabako eta Euskal Herriko txoko honek ezinhobe irudikatzen du herritarren eskubideak eta nahiak demokratikoki betetzeko ahalegina eta, aldi berean, zoritxarrez, agintarien ukazioa; kasu honetan, Gaztela eta Leongo Juntarena», adierazi du.
Beraren esanetan, «Trebiñuarrek behin baino gehiagotan, erreferendum bitartez eta bestela ere, administratiboki Araban sartzeko borondatea agertu dute. Borondate garbia, orokorra, transbertsala, atxikimendu politikoen edo bestelakoan gainetik. Agintariek, ordea, ezezkoarekin erantzun diote, behin eta berriz, borondate demokratiko horri. Baina trebiñuarrek ez dute etsi nahi, ezezkoak ez ditu geldiarazi, administratiboki Arabaren parte izateko borondatea erakusten dute behin eta berriz, eta horregatik, eredu dira gainerako euskal herritarrontzat».
«Horregatik, Trebiñu toki ezinhobea da burujabetzaren aldeko herritarren aktibaziorako deia egiteko», gaineratu du, eta Euskal Herriaren estatusari buruzko eztabaida «agenda politikoan» dagoela esan du. «Euskal Autonomia Erkidegoan, indar politiko nagusiak horri buruz hizketan ari dira; Nafarroan, Foru Hobekuntzaren lantaldea lanean ari da Parlamentuan; eta Ipar Euskal Herrian ere badira autonomia eskuratzeko proposamenak».
Dioenez, «ez dakigu prozesu horiek zer ekarriko diguten, baina badakigu, gaur gaurkoz, euskal lurralde guztietan mugimenduak daudela eta mugimendu horiek norabide berean doazela: ahalmen politiko gehiagoren beharra. Euskal lurraldeen artean sintonia bat dago, alde horretatik; agian, lehen aldiz, historian. Eta sintonia horretatik sinkroniara salto egin beharra dago».
Eragiteko aukera
Bestalde, Euskal Herriko indar subiranistak «egoera onean» daudela ohartarazi du, «indarrak biltzeko eta Estatuen aurrean euskal herritarren nahiak asetuko dituzten proposamenak defendatzeko. Haiek ere eragiteko aukera dute eta eragin behar dute, azken urteotan hainbatetan egin duten bezala. Haiek ere ardura bat dute honetan. Denok dugu ardura bat».
«Sinets dezagun, beraz: baldintzak daude burujabetza osoaren eta Euskal Herriko lurraldeen arteko artikulazioaren bidean funtsezko urratsak egiteko», dio, eta erabakitze eskubidea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela esan du. «Edo Madrilen erabakiko dute, zuzenean, arabarren gutxieneko soldata, Arabak eta Melillak egoera sozioekonomiko bera izango balute bezala?», galdetu du.
«Beharra dugu, eta baldintzak ere badaude. Beraz, aukera aprobetxatu beharra dago. Eta horretarako, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa. Horregatik deitu dugu, Gure Eskutik, ekainaren 7ko mobilizazioa Bilbon. Argi izan dezagun: jendartearen hauspoa nahitaezkoa da burujabetza osoaren bidean urratsak egiteko», amaitu du.

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Periodismo en tiempos de maraña golpista

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?

Sueños de esperanza a la americana
