NAIZ

Herritarren interesak turismoaren aferaren erdigunera eraman behar direla ziurtatu du EH Bilduk

EH Bilduko Itziar Murua eta Nerea Kortajarena Zarautzen izan dira turismo eredua birpentsatzeko ordua dela ziurtatzeko. Herritarrak erdigunean jarri eta espekulazioari ateak ixteko garaia dela iritzi dute, EH Bilduk Donostian eta Getxon egingo dituen turismo ereduaren gaineko jardunaldien bezperan.

Nerea Kortakajarena, aurreko agerraldi batean.
Nerea Kortakajarena, aurreko agerraldi batean. (Jon URBE | FOKU)

Itziar Murua eta Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak Zarautzen izan dira igande goiz honetan Euskal Herriko hainbat herrik bizi duten turismo «deskontrolatua»-ri akabera emateko garaia badela ziurtatzeko. Izan ere, EH Bildutik aste honetan helduko diote aferari Getxon eta Donostian egingo dituzten turismoaren gaineko jardunaldietan.

Muruak adierazi du egun nagusi den turismo eredua birpentsatu eta «herritarren nahiak eta desirak defendatuko dituen turismo bat» erdiesteko modua badagoela, baina horretarako funtsezkotzat jo du herritarrek erdigunean jartzea eta baita lurrak dituen mugak kontuan hartzea ere: «Espekulatzaile inmobiliarioei ez diegu utzi behar nahi duten bezala mugitzen eta erakutsi behar dugu badagoela herri bat euskaraz egiten duena eta gure etorkizuna erabaki nahi duena», esan du.

Zentzu horretan, balioan jarri du EH Bilduren hainbat udaletan egiten ari den lana, «beraiek ari direlako herritarren nahiak eta herritarren beharrak lehenesten turismoa sustatzerakoan edo bideratzerakoan». Horren adibide dira Bakio, Zumaia, Mundaka, lekeitio edota Usurbil, beste zenbait neurriren artean pisu turistikoen lizentzia batzuk erregulatu edota kendu baitira espekulazioari iskin egin eta etxebizitza krisialdia elikatzeari uzteko.

Ildo beretik mintzatu da Nerea Kortajarena ere. «Kontua da noraino onartuko dugun gure herrietan, gure hirietan arrotz sentitzea», jarri du azpimarra, eta gaitzetsi du Euskal Herrian gero eta gehiago direla turismoa arazo bezala identifikatzen duten herritarrak, egun nagusi den turismo ereduak dakartzan kaleak zuzenean pairatzen dituztelako.

«Prezioak igotzen ditu eta gure bizimoduak erabat baldintzatu egiten ditu», nabarmendu du Kortajarenak, eta paradoxikoki sektore turistikoan ere eragin negatiboa izan dezakeela aipatu du, «ze turismo deskontrolatu horrek multinazionalak eta inbertsio funtsak erakarri egiten ditu, eta horiek ez dute izaten nolabait inolako interesik gure berezitasunetan, gureak propioak diren gauzetan, eta horrek suposatzen du arrisku bat baita ere lokalak diren turismoarekin binkulatutako negozio horietan, komertzio txikietan, jatetxeetan, museoetan eta halakoetan», ohartarazi du.

EH Bildutik turismo «kontrolatu» baten alde egiten dutela nabarmendu du, bere hitzetan, ez dituena herritarren bizitza proiektuak baldintzatuko eta ez dena herrien garapen aukeren gainetik jarriko.