
Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek mintegi bat antolatu dute soldata propioaren auzia ikuspegi ezberdinetatik jorratzeko. Mintegia maiatzaren 16an izango da, ostiralarekin, 9.00etatik 14.30era bitartean, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan eta hiru atal izango ditu.
Lehen atalean, testuingurua izango dute abiapuntu. Horretarako, alde batetik, nazioarteko egoeraren konparaketa egingo da; bestetik, Euskal Herrian, bide juridiko eta politikoak aztertuko dira. Eta, azkenik, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa burujabetzarako tresna eraginkorra dela frogatu nahi dute. Gai horietan sakontzeko, hizlari hauek egongo dira: Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea.
«Gutxieneko Soldata propio bat lortzeko, baditugu aukerak egungo eskumenen baitan, lanbide-arteko akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izango litzateke. Edonola ere, eskumena eskuratzea ezinbestean jorratu beharreko bidea da. Izan ere, Hego Euskal Herrian kokatutako LGS propio bat izateko, funtsezkoa da eskumena geureganatzea», adierazi dute.
Bigarren blokean, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak eragin ditzakeen onurak aztertuko dituzte, begirada anitzetik. Besteak beste, «sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuen egoera, gazteen lan baldintzak, ikuspegi ekologikoa eta lehen sektorean diharduten langileen errealitatea» landuko dituzte. Gai horiek jorratzeko Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni Garcia, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri eta ESK sindikatuko Jabi Saenz egongo dira.
Bloke horretaz, nabarmendu dute «Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak babes dimentsio zabal-zabala eskaintzen diola jendarteari. Eragin zuzena dauka soldatapeko langile askorengan, bereziki negoziazio kolektiboaren babesa ez duten edo soldata oso apalekin lan egiten duten jardueretan. Bere igoerak, soldata txikien hobekuntzaz gain, soldata orokorren igoera ere bultza dezake, baita baldintza duinagoak dituzten sektoreetan ere, negoziazio kolektiboa indartuz».
Hirugarren eta azken atalean, sindikatuen proposamenak izango dituzte hizpide. Zehazki, ELA eta LAB sindikatuek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio baterako dituzten planteamenduak aurkeztuko dituzte. ELAren izenean Roser Espelt Alba ariko da, eta LABen izenean, Martin Arbeo Sarriugarte.

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»

Dimite Ramón Alzórriz como vicesecretario general del PSN, pero se queda en el Parlamento

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994
