Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Altuna eta Lasoren arteko «klasikoa» noiz jokatuko eguna eta ordua iristea baino ez da falta

Atsedenari esker belauneko arazoak atzean lagata etorri da astearte honetan 28 urte bete dituen Unai Laso. Hargatik, ez nafarrak ezta Altunak ere ez dute larunbateko finalerdiari begira aitzakiarik topatu. Materialarekin gustura geratu direlarik, sakearen garrantzia azpimarratu dute biek ala biek.

Altuna eta Lasok iazko finala errepikatuko dute, baina finalerdietan.
Altuna eta Lasok iazko finala errepikatuko dute, baina finalerdietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Klasiko» etiketa ia zeinahi norgehiagokari ipintzeko joera badu ere kazetaritza hizkerak, ez du oso urruti adjektibo hori Jokin Altuna eta Unai Laso elkarren aurka aritzen diren neurketa orok, are gehiago Buruz Buruko Txapelketari badagokio neurketak. Iaz final-laurdenetan Lasok airean eraman zuen Amezketakoa, baina Altunak odolkiak ordainetan eman zizkion final egunean. Hala, larunbateko finalerdietako hitzordura begira, eguna eta ordua iristea besterik ez zaio falta Altunak eta Lasok bien arteko «klasiko» honen beste ekitaldi bat joka dezaten.

Atano III.eko material aukeraketan ez da aitzakiarik izan, ezta izango ere Unai Lasok belaunean dituen arazoengatik. «Belaunak ez dit agian nahi bezain gogor entrenatzen uzten, baina atsedenak laguntzen dit partidetan aritzeko eta, beraz, aitzakiarik gabe eta arazorik gabe jokatuko dut», adierazi du Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak, hain zuzen 28 urte bete dituen egunean.

Jokin Altunak ere antzerako diskurtsoa erabili du. «Aspalditik ezagutzen dut Unai eta badakit ez dela gezurretan ibiltzen, Bakoitzak berea dauka eta badaki bakoitzak nongo mina duen. Hala ere, jokatzeko badago, Unai Lasorik onena espero dut finalerdietan», azaldu du aurrelari gipuzkoarrak.

Sakearen aberia

Buruz Buruko Txapelketak aurrera egin ahala, Unai Laso sakeaz egundoko mina ari da ematen eta bai Altunak eta baita Lasok berak ere garrantzia eskaini diote aurreneko jokaldi horri larunbateko norgehiagokari begira.

«Saketik aberia handia egiten du Unaik. Ikusi bestela Artola handi honi nolako mina egin zion! Iazko finalean hori moztea lortu nuen eta finalerdietan ere hortik jo nahi nuke: gogor egin bere sakearen aurka eta moztea. Binakakoan ez nuen finalerdirik jokatu eta egundoko ilusioa egiten dit berriz ere  finalerdi batzuetan egoteak. Unairik onena espero dut, baina ni ere Buruz Burukoan momentu txar askoak pasata nator eta horri heltzen saiatuko naiz aurrera egiteko», luzatu da Amezketakoa, Lasoren armarik garrantzitsuena mozteko gogotsu.

Era berean, «aurreratutako finaltzat» jotzen bada ere pilotari hauen bien arteko lehia, «benetako finala ekainaren 1ekoa da», zehaztu du Altunak. «Eta horretarako Unairi eta parean tokatzen den edonori irabazi behar zaio», azaldu du.

«Batzuetan hobeto sakatzen duzu besteetan baino, baina sakea sarritan izaten da partidako gakoa. Lehenengo tantotik kontzentratuta atera behar da horrelakoetan hasieratik asmatzeko. Larunbatekoa oso partida gogorra izango da, baina baita oso polita ere. Baina horretarako ondo jokatu beharko da», gaineratu du, bestalde, Unai Lasok, Altunaren aurkako «klasikoa» noiz iritsiko den zain.