Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Joxe Azurmendi eta autore feministak parean hizketan jarri ditu Mikel Urdangarinek

Joxe Azurmendi eta autore feminista desberdinak elkarrizketan jarri ditu Mikel Urdangarinek bere azken liburuan, ‘Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan’. Gizakia, askatasuna eta komunitatea ulertzeko modua gudu-zelai bihurtu den garaiotan, elkarrizketa kritikorako toki bat.

Mikel Urdangarin Irastorza, gaurko aurkezpenean.
Mikel Urdangarin Irastorza, gaurko aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jakin Fundazioak eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak lankidetzan osatu duten bilduma da Ur-jauzia izenekoa. Azurmendik ur-jauzi sisteman sinesten du; berak idatzitakoa norbaitek irakurri eta haren burua martxan jarriko dela, eta ideiak, ur-jauzi modura, iritsi beharreko tokira iritsiko direla. Bildumako bosgarrena aurkeztu dute gaur Donostian, Mikel Urdangarin Irastorzaren (Beasain, 1994) ‘Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan’ izenekoa. Filosofian doktorea da Urdangarin, Jakineko Kontseilu editorialeko kidea eta gaur egunean GARA-NAIZen ari da lanean.

Galdera batek, edo batzuek, piztu dute Urdangarinen lana: Zer dute komunean Joxe Azurmendik eta Judith Butlerrek? Eta Azurmendik eta Simone de Beauvoirrek? Edo, hurbilago joz, jar al daitezke elkarrizketan Azurmendi eta Jule Goikoetxea? Mahaiaren alde batean, beraz, Joxe Azurmendi. Mahaiaren bueltan, elkarri hizketan, autore feminista anitz: Simone de Beauvoir, Jule Goikoetxea, Judith Butler, Donna Haraway, Maira Mies, Vandana Shiva, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Alaitz Aizpuru... eta haien tartean eserita irudikatu behar da Mikel Urdangarin autorea, belarriak zabal eta boligrafoa zorrotz, hain beharrezkoa den elkarrizketa kritikoari mahaian kabitzeko eta pausatzeko tokia eginez.

Urdangarinen hitzetan, «liburu honetan saiatu naiz gizaberetxoa ardatz hartuta giza eredua lantzen. Eta horretarako Joxe Azurmendi eta zenbait autore feminista elkarrizketan jarri ditut, nire ustez ez direlako iturri bakarrak, baina bai iturri emankorrenetakoak». Baina, zergatik Joxe Azurmendi? «Alde batetik, filosofia oso-oso aberatsa josi duelako. Hamaika lan landu ditu eta oso ezaguna da naziogintzaren inguruan egindako gogoetengatik. Baina berak esaten duen bezala, nazioaren ideia orok gizatasun oso bat aurresuposatzen du. Hau da, gizakia ulertzeko modu bat, komunitatea ulertzeko modu bat, moral jakin bat, batasunak eta diferentziak artikulatzeko era jakin bat. Bere hitzetan, gizaberetxoa ulertzeko modu bat. Bere obra osoan zehar-lerro bat izan da eta bere obrari bateratasuna ematen dion kontzeptua da gizaberetxoa». 

Azurmendi interesgarri zaio Urdangarini ez bakarrik ‘zer’ landu duelako, baita ‘nola’ landu duelako ere. «1964an, 23 urte eskasekin, dagoeneko aipatzen zuenhasi gaitezen komunismoarekin alkar izketan’. Berak planteatzen zuen erantzunekoak baino entzun zaleak izan behar dugula eta ikusi, ikasi eta berritzea zegokiela garai hartako euskaldunei. Belarriak irekita izan ditu uhin eta korronte berriekiko, bereziki azken urteetan autore feministekiko ere. Bere obran ez du landu, ez du elkarrizketa garatu autore feministekin, baina behintzat belarriak irekita izan ditu. Berak aipatzen du ‘feminismoak belarriak ireki dizkigu behintzat, ez da gutxi, emakumetik asko daukagula denoi erakusteko’. Badago elkarrizketarako prestutasun bat», iritzi dio Urdangarinek.

Elkarrizketa kritikoaren zalea da Azurmendi. «Hor bada anekdota oso polit bat. Andoni Olariagarekin izandako elkarrizketa batean, Olariagak esan zion Azurmendiri ez zetorrela bat berak planteatutako zerbaitekin. Eta Joxek erantzun, ‘hala espero dut, ni neu bezala pentsatzeko ni neu nahikoa naiz’». Beraz, mahai horretan Joxe Azurmendi eseritzeko motibo asko zituen Mikel Urdangarinek.

Eta, zergatik autore feministak Azurmendiren bueltan? «Uste dudalako azken hamarkadan Euskal Herrian bertan politizaziorako ardatz nagusietakoa, nagusiena ez bada, bilakatu dela. Tartean horrek alor desberdinak astindu ditu eta filosofia ere astindu du. Maialen Lujanbiok 2022ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, ezin hobeto laburtu zuen bertsotan. Berak zihoen ‘herriak eta hizkuntzak zuten norantzari, gai geyo lotu zaio lehengo ardatzari’. Azken hamarkadan bereziki eta lehenagotik ere bai, feminismoak ardatz hori aberastu egin duela uste dut eta ardatz horrekin elkarrizketan sekulako astindua ekarri duela eta horri heldu egin behar zaiola. Zehar-lerroko auzi bat baldin bada, auzi eta subjektu oro zeharkatzen dituen teoria multzo kritiko, konplexu, aberats eta plural bat baldin bada, ezin dugu jarraitu existituko ez balitz bezala, Joxeren garai bateko izpiritu kritiko hori jarraitu eta ikusi, ikasi eta berritzea dagokigu. Hitz joko bat eginez, orduan Azurmendi ‘komunismoarekin alkar izketan’ hasi zen bezalaxe feminismoaren elkarrizketan hastea dagokigu. Eta esango nuke elkarrizketaren parte bat egiten hasia dagoela, badagoela prestutasun bat eta ibilbide bat egin dela. Zenbait autore feministak bidea egin dute eta gakoak eskaini dituzte».

Zergatik gizaberetxoa?

Azurmendiren gizaki eredua edo gizaberetxoa aukeratu du Urdangarinek elkarrizketarako gai nagusi. «Nire ustez Joxe Azurmendiren lanetan zehar-lerroko auzia delako, esango nuke autore feministen lanetan ere zehar-lerroko auzia dela, Simone de Beauviorren ‘emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da’ horretan badago egite hori ulertzeko modu bat, gizakia eta askatasuna ulertzeko modu bat... esango nuke gogoeta gai zentral bat dela eta hor ere zehar-lerroko auzia dela. Eta, horrez gain, gaur eguneko gogoeta gai nagusietako bat dela uste dut. Joxek esaten du krisi garaian filosofia antropologizatu egiten dela. Bere hitzak erabiliz berak dio etxepean itokinak daudenean eta erreferentzia kolektiborik topatzen ez dugunean, ispiluaren aurrean jartzen garela, ‘nor naiz ni, nor gara gu’ galdetuz eta uste dut gaur egun krisiak egon badaudela, krisi egiturazkoak eta askotarikoak, esango nuke kasik zibilizazio krisi bat bizi dugula eta horren adibide desberdinak geroz eta modu gordinagoan eta nabariagoan bizi eta jasaten ditugula. Eta esango nuke hor tartean ere pentsamendua antropologizatu egin dela neurri batean eta sekulako bataila politiko, sozial, ekonomikoa dagoela gizatasun eredu hori berdefinitze aldera. Askotan esaten da gaur egun hegemonikoa den sistema ez dela soilik eredu ekonomiko bat, ez dela soilik lege sorta bat, besteak beste antropologia oso bat aurresuposatzen duela, hau da gizakia ulertzeko modu oso bat. Esango nuke krisi garai honetan neoliberalismo patriarkala bera sekulako ahalegina egiten ari dela gizaki mota hori berdefinitze aldera».

«Gizakia, askatasuna, komunitatea ulertzeko modua dago disputan eta hor Joxe Azurmendik eta autore feminista desberdinek gako oso interesgarriak eskaintzen dizkigute bestelako gizaki eredu bat pentsatzeko eta disputa horretan gure ekarpen aletxoa egiteko», nabarmendu du Urdangarinek.

Eztabaida kritikorako mahai mamitsua proposatu du autoreak bere lanean. Mahaia ez da garbi eta txukun geratu, hausnarketaren sakontasunaren eta bizitasunaren seinale. Hor agertu dira utopia lokaztuak, burujabetza ulertzeko modu lurtarrak, poliedrikoak, desberdintasunak aintzakotzat hartzen dituztenak.

«Joxe Azurmendi eta landu ditudan autore feministen ideia, balio sistema, mundu ikuskerak ez dira hain desberdinak, elkar elikatu dezakete. Eta, gainera, elkar elikatze horretan gizakia eta mundua ulertzeko eta bestela pentsatzeko, era bizigarriago batean pentsatzeko, gako oso interesgarriak eskaintzen dituzte. Mami ederra dago». Hortxe Mikerl Urdangarinen ondorioa.