Mont Blanc-eko mendilerroaren zeharkaldi oso originala eskiez
Nicolas Jean eta Benjamin Vedrines frantziarrek alpinismoa eta aldats tenteak eskiekin uztartu dituzte hiru eguneko bidaian. Ibilbide oso estetikoa eta zorrotza dela onartu dute protagonistek.

Mont Blanceko mendilerroa eskiez zeharkatzea ez da ohiko jarduera. Oso gutxik egin dute, eta azken protagonistek, gainera, ukitu berezia eman diote. Nicolas Jean eta Benjamin Vedrines frantziarrei buruz ari gara. Sokada horrek mendigune hori zeharkatu du, tontor enblematikoak eskalatuz eta eskiekin aldats tekniko eta tenteak jaitsiz. Jarduera ikusgarri hori egiteko, alpinista hauek hiru egun behar izan zituzten; apirilaren 29an Les Contaminesetik irten ziren; amaitu, berriz, maiatzaren lehenean, Tour herrian.
Vedrinesek berak baieztatu du emaitza berezia bezain gogorra izan dela: «Mont Blanc-eko mendilerroko mendi eta jaitsiera enblematikoenak lotzea ez da egunero egiten. Nicolasekin egin dudan bidaia sinestezina da. Hiru egun magiko horietan gauza asko elkartu ziren: kidetasuna, barreak, mendi izugarriak, klima perfektua, baldintza eskasak eskiko jaitsiera teknikoetan… Proiektu hori duela pare bat urte egin nahi genuen. Ecrinseko mendigunea filosofia berarekin zeharkatu ondoren, biok ala biok argi genuen zentzu osoa zuela abentura altuago bat egitea. Onartu behar dugu ere jaitsiera gehienak oso teknikoak izan direla, elurraren eskasiarengatik. Hiru egun horietan une ahaztezinak bizi izan ditugu. Ez ginen erabat sasoiko; baina estrategiak, teknikak eta mentalitateak asko lagundu digute. Finean, helburu handi bat biribildu dugu. Izaera honetako abenturek asko betetzen gaituzte, eta azken hau oso berezia izan da».
Zeharkaldi estetiko honek asko eskatu diela ezin da zalantzan jarri. 4.000 metrora igoera zein jaitsiera zorabiagarriak egitea alpinista eta eskiatzaile gutxik egin ditzakete. Horregatik Vedrinesek dio, xede estetikoa izateaz gainera, oso zaila izan dela: «Zeharkaldi hau ez da inoiz egin. Zorrotza denez, baldintza egokien laguntza behar da. Multifaktoriala da; zorte handia izan dugu lehenak izan garelako amets horretan. Eguraldi ona izan genuen, baina prestaketa lanak nekezak izan dira. Baldintzen informazioa jasotzeko makina bat laguni dei egin diet. Horretaz gain, zeharkaldia hasi baino bi egun lehenago Mont Blanc bitan igo nuen, eta Argentiereko ibarrean ere hormak aztertzen aritu nintzen».
Ez zuten batere erraza izan Mont Blanceko isuriak, korridoreak, ertzak eta gailur enblematikoak aukeratzea. Hausnarketa itzela egin zuten. Zeharkaldi garbi eta konprometitu hori aurrera eramateko, tresneriak ere berebiziko garrantzia izan zuen. Ekipamendu minimoa: hamar kiloko motxila, zabaleran 80 milimetro zituzten eski arinak, alpinismoko tresneria… Tradizio alpino modernoan oinarritutako proiektu honek zenbait eite uztartu ditu: estetika, abentura, autonomia, teknizismoa eta kontenplazioa. Hori guztia, bederen, azpimarratu nahi izan du Vedrinesek: «Ez da soilik aldats tekniko eta tenteak eskiekin jaistea. Gure asmoa izan da abentura berri bat bizitzea eta errealitateari aurre egitea. Labur esanda, mendigune horrek duen edertasun puruan murgiltzea. Estetikaren ideia horri indarra ematen diogu. Naturak eskaintzen diguna ondo aprobetxatu nahi dugu, hain zuzen ere, ametsezko mundu horrekin elkartzeko. Ibilbide bat marraztu genuen mapa batean, eta horri segitu genion. Baina ezin dugu ahaztu ahalegin mental, fisiko eta teknikoa izan dela. Bidaia zoragarri horrek, gainera, aukera ematen dizu eskalada kideekin kalitatezko denbora aprobetxatzeko. Une hauek Nicolasekin partekatzea gozamen hutsa izan da».
Bidaia berezia
Alpinista frantziarrek Mont Blanceko zeharkaldia apirilaren 29ko egunsentian hasi zuten. Lee Blancheko (3.697 m) iparraldeko ipar aurpegia eskalatu ondoren, Dome de Miage zain zuten. Elur ezegonkorra aurkitu zuten, eta horrek erabat kontzentratzera behartu zituen. Ondoren, Aiguille de Bionnassay (4.052 m) iritsi zen. Egundoko kalbarioa, Vedrinesen hitzetzan: «Benetako proba baten aurrean geunden. Eskiekin jaitsi behar genuen aldats hori ez zegoen baldintza egokietan, batez ere, elur gutxi zuelako. Bat-batean izotzezko plakekin topo egin genuen. Eta haien gainean elur geruza oso-oso mehea; gainera, berria. Ez zen egoera atsegina. Maniobra zailak egin behar izan genituen. Ez zen aldats tenteena izan; bai, ordea, nahasia, maniobrak edo birak egiteko. Une jakin batzuetan izutu egin ginen. 50 metroko rappel bat egin behar izan genuen. Eta onartzen dugu aldatsen egoera zailek energia guztia xahutu zigutela. Eskerrak, Mathies Dumasek lagundu zigula. Bere etxetik, teleskopio baten laguntzaz, informazioa helarazi zigun».
Gouterreko aterpean igaro zuten lehen gaua. Aterpe horrek eta azkenak zaintzailerik edo langilerik ez zutenez, gasa eta janaria motxiletan sartu behar izan zituzten.
Biharamunean, oso goiz, Mont Blanc igo zuten. Jarraian egin behar zuten jaitsierak sona handia du. Brenvako hegoaldeko isurian sartu ziren. Zenbait ezustekok alerta jarri zituen. Piolet bat galtzeaz gain, aukeratutako ibilbidea ezin zuten eskiez jaitsi.
Bide alternatibo bat aztertu eta horretan sartu ziren: «Ibilbide klasikoa aukeratu genuen. Ez da hain estetikoa, baina piolet bakarra genuenez, agerikoena zen. Normala denez, kontzesio batzuk egin genituen».
Gervasuttiko korridoretik jarraitu (baldintza perfektuetan zegoen), Leschauxko glaziarra zeharkatu eta Couvercleko aterpera heldu ziren. Egun hori ere gogorra eta intentsitatean bitxia izan zen. «Kontuan hartu behar da egun bakoitza hamar ordukoa izan zela, eta beti 4.000 metroko garaieran. Oxigeno gutxi dago, muturrekoak dira tenperaturaren aldaketak… Horregatik guztiagatik, jaitsieretan burua hotz mantendu behar duzu une oro; akats txikienak ondorio latzak izan ditzake».
Jeanek eta Vedrinesek gertu zuten helburua, baina oraindik ibilbide nahasi bati aurre egin behar izan zioten. Aiguille Verte (4.122 m) Couturier korridoretik igo zuten. Baldintza perfektuekin ere, Z izeneko eremuan dagoen rappela saihestu zuten: «Nahiko lehor zegoen, eta teknika berezia indarrean jarri genuen. Ez zen zaila izan, baina erronka handi baten aurrean geunden».
Aiguille d'Argentiere gainditu ostean, Chardonnetekin bukatu zuten bidaia. Azken jaitsiera atsegina izan zen, batez ere baldintza onak izan zituztelako.
Hasteko, Migoteko espoloia eta, ondoren, Chardonneteko iparraldeko aurpegia. Helmugara leher eginda baina pozarren iritsi ziren: «Zeharkaldia oso zorrotza izan da, baina Nico eta biok ohartu gara gure maila hobetu dugula. Eskarmentu gehiago dugu: jaitsierak eta teknika orain hobeto kudeatzen ditugu. Buruz eta sasoiz ere aurrera egin dugu. Azkarrago joateko aukera genuen, baina zeharkaldi horrek zati oso zailak ditu. Oreka perfektua aurkitu dugu errendimendu fisikoan, teknikoan eta mentalean. Eguraldia lagun izan dugu; baldintzak, aldiz, ez dira onenak izan».

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia
