Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Andrea Astudillo
Bermeo Urdaibaiko patroia

«Psikologikoki errekuperatzen ari naiz; Bermeoko dei honek zulotik ateratzeko aukera eman dit»

Andrea Astudillok (Zierbena, 1999) bederatzi urte eman ditu Arraun Lagunak-eko lemazain. ‘Lugañene’ ontziaren bilakaera osoaren testigu izan da baina «txorrada batetik» egoerak eztanda egin eta kluba uzteko erabakia hartu zuen. Orain, berriro, arraunaz disfrutatzen ari da, Bermeon.

Arraun Lagunak-en bilakaera osoa bizi izan du Andrea Astudillok. 2015ean iritsi zen “Lugañene”-ra, lehendabiziko trainerua ateratzeko bidean, eta kasik hamarkada baten ostean, hiru Euskotren Liga eta beste horrenbeste Kontxako Bandera erdietsi ditu klub donostiarrak, Zierbenako lemazainarekin. Azken denboraldi historikoaren ostean, baina, desadostasunek «eztanda» egin zuten. Klubak Kontxako Bandera irabazteagatik lortutako ordainsaria blokeatu zion, ligako lidergoaren kamiseta entregatzen ez bazuen.

Gehiegi tenkatu ziren gauzak eta, azkenean, taldetik kanpo geratu zen Astudillo, bere nahien aurka. Hilabete oso zailak bizi izan zituela kontatu dio NAIZi, otsailean erabakiaren berri eman aurretik eta ostean. Psikologikoki arrasto handia utzi dio. Bere bizitzari zentzua ematen dion kirolaz apur bat apartatu zen, baina apirilean Bermeo Urdaibaiko aukera iritsi eta «sentsazio onak berreskuratzeko aukera aproposa» izan zitekeela pentsatu zuen. Batel denboraldiaz disfrutatu du, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi ditu eta orain aurrera begira jarri da.

Nolatan sortu zitzaizun Bermeoko aukera hau? Nola hartu zenuen dei hori?

Bateleko arraunlari bat ezagutzen nuen, lagunak ginen eta Instagrametik idatzi zidan. Esan zidan patroi bezala joateko, ez zutela patroirik eta horren faltan ezingo zutela batelik atera. Baietz esan nion momentuan, Jon Salsamendi [entrenatzailea] deika nuen, dena kontatu zidan; proiektua, zein asmo zeuden... Bizkaiko txapelketa apirilaren 5-6an jokatzen bazen, hau guztia apirilaren 3an izan zen. Fitxa egin genuen korrika eta larunbatean han aurkeztu ginen.

Zer eragin zizun mezu horrek, hainbeste hilabete geldirik egon ostean?

Hasieran, beldurra. Ez nengoen ohituta gizonezkoekin lehiatzera; beti emakumezkoekin aritu izan naiz. Txikitan, jubeniletan, joaten nintzen mutilekin, Zierbenan, baina hori preskribatuta dago... (barrezka). Urte asko pasa dira eta apur bat beldurtuta nengoen. Arraunkera ezberdina da. Lagunekin hitz egin nuen eta konbentzitu egin ninduten. Aukera aprobetxatzeko esan zidaten. Oso ondo ateratzen bada, oso ondo aterako dela eta, gaizki ateratzen bada ere, esperientzia bat izango zela.

Erronka zen zuretzat. Bi txapelketa irabazi dituzue, Euskadikoa eta Espainiakoa. Badaukazu beste erronkarik?

Une honetan egunean bizi gara. 10 urte dira Bermeok ez zuela irabazten bateletan Euskadi eta Espainiako txapelketarik. Eta aurrerago, ikusi beharko da. Bai egon naiz Deustun laguntzen, esku bat botatzen. Ze justu Arraun Lagunak-eko afera guztiarekin bizilagunak laguntzen egon dira eta euren alaba Deustun dago patroi. Faborea itzultzeko modu bat izan da, bai eta uretan egoteko ere, hori baita  gehien gustatzen zaidana. Nahi baldin badute, horretan jarraituko dut.

«Inori ez zaio gustatzen horrela bukatzea. 16 urterekin joan nintzen, 25 urte ditut, han hazi naiz. Pena ematen dit taldearengatik»

Ia ate guztiak irekita?

Bai, flipatu gabe, baina bai. Uretan egotea gustatzen zait eta lagundu ahal badut, bederatzi urte hauetan ikasitakoak zerbaitetarako balio baldin badu, horrekin lasai geratzen naiz.

Andrea Astudillo, Bermeoko portu zaharrean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Pare bat hilabete dira Arraun Lagunak utzi zenuela, desadostasun batzuk zirela eta. Berriro uretara atera eta lehiatzean, zein sentsazio izan dituzu?

Berriro disfrutatu dut. Oso hilabete gogorrak izan dira irailetik honakoak. Apur bat argia berriro ikustea izan da. Oso gaizki pasatu dut, lau hilabete oso gogor izan ziren, amore ez ematekoak. Txorakeria bategatik izan da azken finean, baina egia da ez dela gertatu den gauza bakarra. Azkenean eztanda egiten dute gauzek eta orain izan da, horrela izan da. Irakaspen moduan hartuko dut.

Badaukazu nolabaiteko arantzatxo bat bederatzi urteko ibilbidea eta klubarekin historia eginda, hobeto buka zitekeenarena?

Bai, noski. Inori ez zaio gustatzen horrela bukatzea. 16 urterekin joan nintzen, 25 urte ditut, han hazi naiz. Ikasitako ia guztia han ikasi dut. Askotan gauzak atera dira taldeari esker. Pena ematen dit taldearengatik.

Une gogor horietan zein izan da zure babesa?

Nahiko bakarrik sentitu naiz lau hilabete horietan. Taldekideek ez zekiten; lau zeuden, gertukoenak, bazekitenak. Horiek aurpegia niregatik eman dute eta laguntzen egon dira. Une askotan pentsatzen nuen: taldearekin hitz egingo dut eta denon artean zerbait egingo dugu? Baina, era berean, neurekoia iruditzen zitzaidan arazo pertsonal batean taldea sartzea. Presidentearen eta nire arteko arazo bat izan zen. Eta, azken finean, beti gertatzen dena, planto egiten duenak eta aurpegia ematen duenak jasotzen du jipoi handiena.

Pasatu zaizu burutik arrauna guztiz alboratzea?

Bai. Oso erreta bukatu nuen baina, egiari zor, ezinezkoa da. Lau hilabete egon nintzen entrenatu gabe, arrauna apur bat lagata. Ez guztiz alboratuta, ze auzia puri-purian zegoen eta ezinezkoa zen deskonektatzea. Baina afera bukatu zenean behar nuen uretara itzultzea eta saltsan egotea.

«Lau hilabete egon nintzen entrenatu gabe, arrauna apur bat lagata. Baina afera bukatu zenean behar nuen uretara itzultzea»

Hilabete horietan baino hobeto zaude orain?

Psikologiko oraindik errekuperatzen ari naiz, bidea luzea da eta kostako zait honi buruz hitz egitea emozionatu gabe. Orain, hitz egin dezaket negarrik egin gabe; duela bi hilabete, ez. Alde horretatik begiratuta, aurrerapausoa da eta nik uste dut pasako dela. Denbora aurrera doa eta dena pasatzen da. Denbora behar du. Orain arraunaz berriro disfrutatzea asko eskertzen dut, aukera hau edukitzea asko eskertu dut. Bermeo Urdaibaiko dei honek zulotik ateratzeko aukera eman dit.

Bermeoko deia une onean iritsi zela esan genezake.

Bai, ze fitxa gabe nengoen. Deustun laguntzen nengoen, konpromisorik gabe, eta baietz esan nuen epe motzerako zerbait zelako. Berriro hasteko eta sentsazio onak bilatzeko aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen.

Protagonista izan zara emakumezkoen arraunak eman dituen aurrerapausoetan ere. Nola ikusten duzu izan den bilakaera?

Esan beharra dago aurrerapausoak eman direla, baina bidea 10 kilometrokoa bada, lehendabizikoan gaudela oraindik. Bai, egin dira urratsak, esaterako, liga nagusian zortzi talde izaten; sari batzuk berdintzen... Baina sariei buruz hitz egiten hasita, ez da posible bandera gehienetan, emakumezkoen irabazleak gizonezkoen 6-7. sailkatuaren berdina kobratzea. Argudiatu dezakete guk bi luze egiten ditugula, baina ez daukagu eragozpenik lau egiteko; egin izan ditugu, baita irabazi ere. Hori bada arazoa, konponbidea dauka. Baina, tira, beste faktore batzuk egongo dira atzetik eta horregatik ez dira egiten. Estropadek planteamendu ezberdinak dituzte, baina esfortzua berdina da: gizonezkoena izan daiteke iraupen lasterketa bat eta gurea gehiago da esprint modukoa. Berdin entrenatzen gara eta egiten dugun esfortzua berdina da.

«Ez da posible bandera gehienetan, emakumezkoen irabazleak gizonezkoen 6-7. sailkatuaren berdina kobratzea»

Eta zure bilakaera?

Oso gazte hasi nintzen. Zierbenakoa naiz eta esan beharra dago gurasoei esker nagoela gaur egun nagoen lekuan. 16 urterekin hasi autobusak hartzen ostiralero, gero igandero buelta etxera, ikasketak... Urte politak izan dira eta asko hazi naiz arraunarekin. Nerabezaro betean zaude 16 urterekin, berez lagunekin ateratzeko garaia eta abar, eta esfortzu handia egin nuen. Lehen urtean Euskotren ligako sailkapen estropada egin genuen, ez ginen sailkatu; 2017an berriro eta kale berriz ere... Hori nork gogoratzen du? Aurtengoa denek gogoratuko dute, bandera guztiak poltsikoratuta, liga, Kontxako bandera...

Klubaren bilakaera osoa bizi izan duzu.

Bai, 2015ean atera zen lehendabiziko trainerua eta ordutik nago. Pena da horrela bukatzea.

Zuk zer eman diozu arraunari eta arraunak zuri?

Heldutasun puntu bat eta diziplina eman didala esango nuke. Oso txikitan hasi nintzen etxetik kanpo bizitza egiten. Eta nik arraunari, ez dakit... Poztasun pixka bat (barrezka).

Andrea Astudillok Bermeo Urdaibairekin lehiatu du batel denboraldia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Patroia zara, gainera. Gidaritzarako gaitasuna ere eduki behar da.

Bai, baina erdian zaude, entrenatzailea ere atzetik baitaukazu. Filtro moduko bat bilakatzen zara baita ere. Jakin behar da gauzak nola esan, noiz eta zein modutan... Ez da soilik aginduak ematea, kontuan izan behar da arraunlariek zer behar dituzten une horietan, eta beraiek nola dauden ere kontuan hartu behar da.

Bederatzi urtean aldagela berean egon zara, nahiz eta urtetik urtera arraunlarien joan-etorriak egon. Orain aldagela berri batera etortzea nolakoa izan da?

Orain arte, jendea etorri izan da nire taldera eta beraiek moldatu behar izan dira gure egiteko modura. Orain alderantziz da. Bermeon egiteko beste modu batzuk dituzte, Deustuko emakumezkoek ere bai. Beraiek ere moldatu behar dute nire egiteko modu batzuetara, baina ni ere nolabait aldagelara moldatu behar izan naiz. Ez da zaila izan, harrera ona izan baitut bi lekuetan.

«Etxeko bandera hiru urteren ostean berriro ere irabaztea polita izan zen»

Zure momenturik onena oraingoz?

Iaz Zierbenan lortutako bandera. Duela hiruzpalau urte irabazi izan bagenu, agian bai esango nizuke Kontxa edo besteren bat. Baina 2021ean ez genuen irabazi, 2022an are okerrago ibili ginen, 2023an irabazteko zorian egon ginen eta azken 300 metrotan galdu genuen... Iaz hori irabaztea eta gainera, ongi irabazita... Etxeko bandera hiru urteren ostean berriro ere irabaztea polita izan zen.

Une horretan, Mar Larrea ondarroara elkarrizketatu zuen ETBk eta berak ere "etxeko bandera" zela esan zuen.

Oso astuna izan nintzen, bai (barrezka). Halere, esan beharra daukat, daukadala denbora bat tatuatuta eta dela Ondarroako estropada batekoa, 2018koa, irabazi genuen Euskotren Ligako lehendabiziko bandera izan zelako.