Sakura Johnson eta Toledo txapeldun Burleigh Heads-en
Bettylou Sakura Johnson eta Filipe Toledo txapeldun Australian, CT zirkuituko seigarren txapelketan. Nesken zein mutilen rankingetako lehen postuetan ez da aldaketa handirik izan. Txapelketa bakarra falta da sasoi erdiko mozketarako.

Apirilaren 10ean amaitu zen Australian egin zen CT itzuliko seigarren txapelketa eta irabazleak Bettylou Sakura hawaiiarra eta Filipe Toledo brasildarra izan ziren. Azken urteetan Gold Coasten egiten zen lehen mailako txapelketa Snaper Rocks urautsian egin ohi zen, baina aurten handik oso gertu dagoen Burleight Heads urautsi mitikoan egin dute txapelketa. Olatuak txikiak izan ziren, metro ingurukoak baina, hala ere, mota guztietako ariketak egin ahal izan zituzten lehiakideek, baita tuboren bat edo beste ere.
Txapelketa bakarra falta da CT itzuliko denboraldi erdiko mozketarako. Alegia, maiatzaren 17an Australia mendebaldeko Margaret Riverreko txapelketa egin ostean, nesken rankingeko lehen hamar lehiakideek eta mutilen rankingeko lehen 22 sailkatuek soilik jarraituko dute lehen maila honetan; besteak CS mailan aritu beharko dira aurrerantzean.
Burleigh Headseko txapelketaren ostean, Italo Ferreira brasildarrak jarraitzen du buru mutilen CT rankingean eta Gabriela Bryan hawaiiarrak, neskenean. Ez da aldaketa nabarmenik izan bi rankingetako lehen postuetan; rankingetako azken postuetan aldaketa esanguratsuak izan dira, ordea, eta ondorioz, Margaret Riverreko txapelketa amaitu arte ezinezkoa da CT zirkuitutik kaleratuak izan daitezkeen 10 mutilen eta 6 nesken izenak aurreratzea.
Burleigh Heads
Snapper Rockseko eskuin olatuen oso antzekoak eskaintzen dituen urautsia da Burleigh Heads. Mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen duten olatu borobilak eskaintzen ditu urautsi mitikoak, baldintzak onak direnean. Snapper Rocksekin alderatuta, bi dira desberdintasun nagusiak; batetik, olatuak luzeak izan arren ez direla bere auzokidearenak bezain luzeak, eta, bestetik, harri borobilen gainean lehertzen direla; beraz, urautsi arriskutsuagoa da. Hala ere, lehiakide askok olatuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko asko arriskatzen zuten eta batzuetan harrien gainean amaitzen zuten.
Ikusle gehienek australiarra nagusituko zela uste zuten; horren adierazle da WSLko argazkilariak dozenaka argazki atera zizkiola Fitzggibonsi eta oso gutxi Sakurari. Hawaiiarrak lau olatu bakarrik hartu zituen, baina onak; horrela lortu zituen 15,33 puntu bere bi olatu hoberenekin. Fitzggibonsek, ostera, hamabi olatu hartu zituen, baina soilik 7,83 puntu eskuratu zituen.
Mutilen finala askoz ere estuagoa izan zen, 0,40 puntuko aldeagatik bakarrik gailendu baitzen Toledo. Nesken finalean bezala, bi lehiakideak eskuin surflariak ziren; beraz, olatuari aurpegia emanda aritu ziren eta biak beteranoak ziren, baina bat beteranoagoa, eta, hain zuzen ere, horregatik izan zen txapelketako izarra Julian Wilson.
Duela 10 urte egin zen Gold Coasteko finala errepikatu zen; izan ere, 2015eko Snaper Rockseko txapelketan Filipe Toledo eta Julian Wilson izan ziren finalean buruz buru, eta orduan ere brasildarra gailendu zen.
Toledok 30 urte ditu eta bi WSL munduko titulu lortu ditu, 2022koa eta 2023koa. Horren ostean, txapelketa mundutik aldentzea erabaki zuen urte batez eta aurten berriz itzuli da CT mailara. Julian Wilsonek, berriz, 37 urte ditu eta 2012 eta 2018. urteen artean lehen mailan aritu zen, baina horren ostean mailaz jaitsi zen. Duela zenbait hilabete serio lehiatzeko asmotan zebilela iragarri zuen eta Burlegih Headsen lehiatzeko gonbidapen wildcarda eskaini ziotenean ez zuen bitan pentsatu. Etxean lehiatu zen, bertakoa baita, eta garaipena lortzeko zorian izan zen.
Sekulako ikuskizuna eskaini zuten Toledok eta Wilsonek. Lehenak hamaika olatu hartu zituen eta bigarrenak, hamazazpi; horrela erantzuten zioten aurkariak egiten zionari. Adibidez, batak airekoa egiten bazuen, bestea aireko handiagoa egiten saiatzen zen. Azkenean, brasildarra gailendu zen 8,53 eta 9,07 puntuko olatuekin. Wilsonen bi olatu hoberenak, berriz, 8,80 eta 8,40 puntukoak izan ziren.
Bestalde, Nadia Erostarbe zarauztarra ere Burleigh Headsen lehiatu zen eta ongi aritu zen, baina ez zuen lortu bigarren erronda gainditzea.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Ternua presenta concurso de acreedores al no poder hacer frente a una deuda de 16 millones
