NAIZ
Aduna

Zenbat Gara elkartea eta Kanaldude saritu ditu Elkar Fundazioak

Elkar Fundazioak banatzen dituen sarien artean, Ibilbideari saria Zenbat Gara elkarteak jasoko du aurten, Proiektuari saria Kanaldude telebistaren esku geratuko da. Sari banaketa ekainaren 3an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

Saridunen berri eman du gaur Elkar Fundazioak argitaletxeak Adunan duen egoitzan.
Saridunen berri eman du gaur Elkar Fundazioak argitaletxeak Adunan duen egoitzan. (Elkar)

2016az geroztik banatzen ditu Elkar Fundazioak Ibilbideari eta Proiektuari sariak, bata euskal kulturaren alorrean egindako ekarpena errekonozitzeko, bigarrena proiektu zehatz bat laguntzeko.

Gaur eman dituzte ezagutzera aurtengo saridunen izenak eta, hasteko, Ibilbideari Elkar Saria Zenbat Gara elkarteak jasoko duela iragarri dute. 1990eko hamarkada hasieran sortutako elkartea da Zenbat Gara. Aurretik bilbotarrak euskalduntzen urteak zeramatzan Gabriel Aresti euskaltegiaren inguruan eratu zen.

1995ean martxan jarritako Kafe Antzokia da haien proiekturik ezagunena nazio mailan, baina ez bakarra. Euskaltegiarekin eta Kafe Antzokiarekin batera, Zenbat Gararen ekimenak dira Bilbo Hiria Irratia, Algara konpartsa, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aipatzearren.

Proiektuari saria, Kanalduderentzat

Bestetik, Joseba Jaka bekaren bidez sormenerako laguntza ematen den bezala, Proiektuari Elkar sariak euskal kulturarako interesgarri izan daitekeen kultur egitasmo bat laguntzea du helburu.

2025eko saria Kanaldude telebistari ematea erabaki du Elkar Fundazioak. «Orain arteko bidean jarrai dezan opa diogu, eta izan dadila sari hau nolabaiteko laguntza aurrera begirako erronkei eusteko», adierazi dute Fundaziotik.

1997an sortu zen Aldude ibarrean tokiko telebista gisa, eta ordutik ibilbide luzea egin du. Gaur egun telebista zabala da, Iparraldean hedatua eta Internet bidez edonon ikus daitekeena; hainbat operadoreren eskaintzaren bidez ere zabaltzen dute seinalea.

Elkarte moduan abiaturik, Aldudarrak Bideo Interes Kolektiboko Sozietate Kooperatiba bilakatu zen gerora (IKSK). Gaur egun, kooperatibak 29 bazkide fisiko edo juridiko ditu, telebista proiektuko parte-hartzaile gehienen ordezkari direnak. Eta hamar dira bertan lanean ari diren langileak.

«Euskal kultur eragileek bezala, euskal hedabideek ere behar handiak dituzte euren proiektuei eusteko, eta Kanaldude ez da salbuespena. Urtez urte, euskarazko telebista eskaintza ingurura zabaltzeko helburuarekin, etengabe joan da Kanaldude egokitzen momentuko aukerak eta beharrak kontuan hartuta. Egindakoa lanari esker, gaur egun, erreferentziazko telebista da Ipar Euskal Herriko euskaldunentzat, eta ezaguna Euskal Herri osokoentzat», nabarmendu dute.