«Zenbat dakizun baino, erabileraren aurrean zein portaera duzun da gakoa»
Euskararen erabilera sustatzeko ekimen masiboak urte osoko prestaketa lan itzela ekarri du aurretik. Jon Kobeagak ahaleginak merezi duela uste du, sinetsita baitago Euskaraldiak egiten duen ekarpena oso positiboa dela. Bere iritziz, «lehen hitza beti euskaraz eginda sorpresa politak hartuko ditugu».

Hizkuntza ohiturak aldatzea oso zaila dela onartzen du Jon Kobeagak, «are gehiago jende ezagunarekin bada, edo eguneroko elkarrizketetako hizkuntza aldatu nahi badugu». Hala ere, aurreko hiru edizioetako ikerketek Euskaraldia amaitutakoan euskararen erabilera hasieran baino altuagoa izan dela baieztatu dute.
Zergatik da beharrezkoa horrelako ekimen bat antolatzen jarraitzea?
Ikerketa soziolinguistiko guztiek nabarmentzen dute erabileran eragiteko beharra dagoela, erabileraren arora jauzi egiteko momentua dela. Orain bertan Euskaraldia da euskararen erabileran eragiteko ekimen masibo bakarra, eta gainera eraginkorra dela frogatu dute aurreko hiru edizioetan egindako ikerketek. Parte hartzen dutenek euren hizkuntza ohiturak aldatzen dituzte, eta kontzientzia eta hausnarketa bultzatzen ditu.
Euskaraldiaren hirugarren edizioaren ikerketak baieztatu zuen parte hartzaileen bi herenek hizkuntza ohiturak aldatu zituztela ariketa bitartean. Beraz, aldaketak horiek gertatu egiten dira eta, gainera, badakigu Euskaraldiagatik hasitako aldaketek iraun egin dutela gerora ere, eta hori oso pozgarria da.
Euskaraldiak ez du euskararen arazoa konponduko, eta agian nahi baino astiroago handitzen da erabilera, baina Euskaraldiari esker gertatzen diren hizkuntza ohituren aldaketak euskararen erabileran ekarpen positiboa egiten dutela sinesten dugu.
Entitateetan ere ariketa oso baliagarria zaiela dakigu; hala adierazten digute. Entitate askotan bilerak euskaraz egiten hasi dira, entitateko kideen arteko euskarazko harremanak ugaritu dira...
Euskal Herri osoko egoera soziolinguistiko desberdinetarako baliagarria dela uste duzue? Nolako erantzuna jaso duzue herrien aldetik?
Ariketaren oinarria oso baliagarria da Euskal Herri osorako. Izan arnasgune edo erdara gehiago erabiltzen den gunea, leku guztietan eta ia denek dute oraindik euskaraz gehiago aritzeko pausoak emateko tartea. Hala ere, abiapuntua oso ezberdina da leku batzuetan eta besteetan, eta hori, noski, kontuan hartu behar da ariketa antolatu eta egiteko unean. Horregatik, hasieratik aipatu dugu Euskaraldia moldagarria dela, mila modutara antolatu eta egin daitekeela, eta batzorde bakoitzak ekarri behar duela bere errealitatera. Nola? Helburuak eta eragin eremuak doituz, adibidez. Zer eta non lortu nahi duten erabakita, eta horren arabera, lanketa egokituta. Koordinazio orokorretik proposamenak eta horretarako baliabideak ematen dizkiegu, ariketaren oinarria ere partekatzen dugu. Hortik aurrera, herri bakoitzak daki non dagoen eragiteko beharra: batzuk belarriprestetan eragingo dute gehiago, beste batzuen mezua gehiago izango da ahobiziei zuzendutakoa, gazteak, helduak, entitateak… eragiteko mila modu eta bide daude. Eta moldagarritasun hori herriek asko eskertzen dute, horrela ariketa lekuan-lekuan eraginkorragoa bihurtzen delako.
«Izan arnasgune edo erdara gehiago erabiltzen den gunea, leku guztietan eta ia denek dute oraindik euskaraz gehiago aritzeko pausoak emateko tartea».
Lehen Euskaraldian ilusioa nabaritu zen, baina beldurrak ere bai, batez ere belarripresten aldetik, «gai izango ote naiz?». Mantentzen al da ilusio eta beldur sentsazio hori?
Lehen Euskaraldia oso berezia izan zen, zentzu horretan ere bai. Jendeak ez zekien zer zen zehazki, zer eskatzen zitzaien… Ordura arte erabileran baino ezagutzan jartzen zen fokua eta hori aldatzera etorri zen Euskaraldia. Zenbat dakizun baino, erabileraren aurrean zein portaera duzun da gakoa. Horrek belarriprestei beldurra baino askatasuna eman die urte hauetan guztietan. Azken batean, nola hitz egiten duzun baino ahal duzun guztietan euskara erabiltzean jartzen da azpimarra. Sentsazio hori mantentzen dela esango nuke, eta hala adierazi izan digute belarriprest askok; beraientzat lasai aritzeko tartea bilakatzen da Euskaraldia; baita beraiekin euskaraz aritzeko eskaera egiteko tartea ere.
Zer aldatu da urte hauetan? Zein bilakaera izan du ariketak?
Jendeak badaki erabileran eragin behar dela, eta horretarako guk hizkuntza ohiturak aldatzea proposatzen dugu, euskaraz gehiago aritzeko. Belarriprest edo ahobiziren artean hautatu beharrak hausnarketa egitea dakar: «Nola jokatuko dut Euskaraldiak irauten duen bitartean?». Rolak gizarteratu dira eta jendeak oro har badaki zein rol hartu edo nola jokatu behar duen erabileran jauzi hori eman dezagun. Kontzientzia linguistikoa pizten du, azken batean.
Lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia ulertu dute herritarrek, eta modu naturalean praktikatzen hasi dira asko eta asko; gainera, elkarrizketa elebidunak posible direla ere gizarteratu du Euskaraldiak. Horrez gain, bestelako zeharkako onurak ere ekarri ditu ariketak: euskara agenda eta iritzi publikoaren lehen lerroan jartzen du.
EAEn ikastetxe gehienetan D edo B eredua eskaintzen dira, eta horrek haur ia guztiek euskara ikastea bermatzen du, baina nola lortu erabilera handitzea? Ezagutza eta erabilera berdintzeko zein pauso eman beharko lirateke?
Euskaraldiak helduen hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamena egiten du. Ariketa 16 urtetik gorakoentzat da batez ere, eredugarriak izan daitezen. Badakigu helduei begiratuta hautatzen dituztela askotan euren jokaerak haur eta gazteek ere.
Aurten, hala ere, ‘xaxatzaile’ figura gizarteratu dugu; helduek Euskaraldian parte har dezaten sustatzea izango da figura horren zeregina. 16 urtetik beherako haur eta nerabeen egitekoa izango da hori, etxean Euskaraldia zer den azaltzea eta inguruko helduak parte hartzera animatzea.
Hala ere, lehen aipatu bezala, helduek izan behar dute gazteen eredu; helduek euskaraz jakinda ere egiten ez badute, nekez egingo dute haurrek eta nerabeek.
«Hasieratik aipatu dugu Euskaraldia moldagarria dela, mila modutara antolatu eta egin daitekeela».
Hamaika egun hauetan egindako saiakerak gero urte osoan zehar mantentzen dira? Nahikoa da ohitura berriak hartzeko?
Ohiturak aldatzea oso zaila da orokorrean, eta hizkuntza ohiturak aldatzea ere bai. Are gehiago, jende ezagunarekin bada edo eguneroko elkarrizketetako hizkuntza aldatu nahi badugu. Astiro etortzen dira horrelako aldaketak, baina posible dela ikusi dugu, bizipen asko jaso ditugu tankera horretakoak. Aurreko hiru edizioetako ikerketek Euskaraldia amaitutakoan euskararen erabilera hasieran baino altuagoa dela ere baieztatzen dute; hau da, hamaika egunetan aldatutako ohitura batzuk mantentzen direla.
Hamaika egun iraupen egokia dela baieztatu digute batzorde gehienek; luzeagoa izateak gehiegizko nekea ekarriko luke, hizkuntza ohitura horiei eustea zailagoa den errealitate soziolinguistikoetan batik bat.
Zeintzuk dira Euskaraldiaren erronkak? Zein publikorengana heltzea falta zaio?
Euskaraldiak oraindik potentzialitate handia dauka, euskaratik urrunago egon baina hizkuntza ulertzen dutenengana heltzea, esaterako. Horiengana ere heldu beharko genuke apurka-apurka, jakinarazi zergatik egiten dugun hau guztia; ziur nago askok eta askok bat egingo luketela ariketarekin. Nafarroan asko lantzen ari dira aldekotasunaren gaia, euskarara gehiago hurbiltzeko.
Belarriprestak prestigiatu beharra ere askotan aipatu dugu; oso garrantzitsuak dira euskara egunerokotasunean erabili nahi duenak eroso erabili ahal izateko. Beldurrak eta lotsak alde batera utzita gure hizkuntza askoz gehiago erabili eta entzutea lortuko genuke, eta animatu behar ditugu zalantzati dauden guztiak.
Eta beti dago pedagogia egiteko tartea, oso garrantzitsua da jendeak bere hizkuntza ohituren inguruan hausnartzea eta euskaraz aritzeko ahalduntzea.
Euskaraldia gaur bertan hasi da. Zer egin behar dute herritarrek? Zein aholku emango zenukete ariketa modu eraginkorrean egiteko?
Euskaraldiaren helburua euskaraz gehiago aritzea da, horretarako, zenbaitetan, hizkuntza ohiturak aldatu beharra ekarriko du. Lehen hitza beti euskaraz eginda sorpresa politak hartuko ditugu, uste ez genuenak euskaraz erantzungo digulako, esaterako. Eta euskara ulertu baina hitz egiten ez duen horrekin euskaraz jarraitzen badugu ere euskaraz aritzeko aukerak biderkatuko zaizkigu.
Hamaika egun hauetan bakoitzak pausotxo txiki edo handi bat ematen badu milaka lagunen urrats horiekin olatu handi bat sortuko dugu. Eta jantzi txapa, aurrean duzunari euskaraz ulertzen duzula adierazteko. Izan ere, elkar mugituz egingo dugu!

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
