
«Euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz», azpimarratu dute Euskaraldiaren hasiera ekitaldietan, Euskal Herriko hiriburu eta herrietan irakurri duten manifestu bateratuan. «Eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu».
Zazpiak eta zortziak bitartean Euskal Herriaren luze-zabalean egin dituzten hitz hartzeetan azaldu dutenez, abiatutako 11 egunetako aldiak ez du amaierarik: erabileraren aroa ez da eta sekula amaitzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera.
«Euskaraldia da pasioa eta abentura. Ahalegina eta poza. Grina, kemena eta erronka», adierazi dute.
Ariketa sozial aitzindaria
Asko garela nabarmendu dute. Herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu. Hiztun komunitate trinko bat.
«Komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian, handia egingo dugu beste behin ere, euskaran mundu oso bat kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat dugulako. Bagara eta nor munduan».
Esan dutenez, beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin.
Inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa emateko garaia dela egin dute aldarri, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea da asmoa eta.
Txapa magikoa
«Hau ez da txapa sinple bat», erakutsi dute txapa airera altxatuta. «Txapa honek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza».
Pausoz pauso martxan jartzeko deia egin dute. «Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa. Mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Jantzi txapa, beraz, eta... gora euskara, gora euskaraduna eta gora Euskaraldia!».

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»

Dimite Ramón Alzórriz como vicesecretario general del PSN, pero se queda en el Parlamento

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994
