Herriz herri, txoko guztietatik ilusioa pizten doan ahobizien eta belarripresten Gune Ibiltaria
Euskaraldia hasten denerako, Euskal Herriko bazter askotara bisita egina izango du Gune Ibiltariak, informazioa zabaltzeaz arduratzen dena. Horrez gain, Ahobizi eta Belarriprest txapak ere banatzen dira bertan, parte hartzeko izena emateko aukera dago eta merchadisinga ere saltzen dute.

Euskaraldia herriz herri ospatuko da, eta herri bakoitzaren baitan elkarte desberdinek euskal hiztunak dinamizatuko dituzte. Baina horrez gain, jendea gehiago animatzeko asmoz, Euskaraldiaren Gune Ibiltaria ere martxan dago. Hala, apirilean hasi zuen bira Artikan, eta egunez egun Euskal Herria zeharkatzen ibili ostean, maiatzaren 18an Guardian amaituko du ibilbidea.
Aste honetan du, beraz, azken txanpa. Bilbo, Legutio, Zizur Nagusia eta Asparrena, azken egunean Arabako Errioxarantz joateko.
Euskaraldiaren hirugarren edizioan jarri zen martxan Gune Ibiltaria, Euskal Herriko herri eta auzoak bisitatzen dituen furgoneta. «Gune Ibiltaria sortu zen herriek eskatu zigutelako. Guk ez genuen irudikatu halakorik egitea, eta pasa den edizioan batzordeetatik eta herrietatik esan ziguten horrelako zerbait egitea ondo legokeela. Haiei erantzutearren jarri genuen martxan», azaldu digu Sonia Perez Anguerak, Taupa Mugimenduko eta Euskaraldiko antolakuntzako kideak.
Furgonetarekin batera, karpa bat jartzen dute kamisetak, poltsak, banderak eta bestelako merchandisinga saltzeko, baina helburu nagusia ez da saltzea, dibulgazioa baizik, batez ere euskara hain zabaldua ez dagoen lekuetan.
«Leku batzuetan batzordeak daude eta horietan modu batera edo bestera, informazioa iristen da. Badaude beste leku batzuk non zailagoa den batzorde bat sortzea eta jendea aktibo izatea, eta horra Euskaraldia eramateko modu bat da Gune Ibiltaria. Batzordeak dituzten herrietan ere, ikusgarritasuna emateko baliabide bat da», dio Perezek.
Euskaraldia zer den azaltzen duten euskarriak daude karpan -eskuorriak, ikusentzunezkoak...- jendeak argiago izan dezan zein den bere rola, ahobizi edo belarriprest, eta informazioa banatzen dute egingo den ariketari buruz. Horrez gain, aitzakiarekin, aprobetxatzen dute izen-emate txokoa edo txapak jasotzekoa jartzeko, baina Euskaraldia zertaz doan enteratu ez diren batzuk uste dute txapa horiek haurrentzako opari eraman ditzaketela, eta azalpenak eman behar dizkiete.
Izan ere, Euskaraldiaren laugarren edizioa den arren oraindik badaude herritar asko zer den ez dakitenak, eta guneak balio du «uler dezaten hau ez dela festa bat, gizartean egiten den ariketa bat baizik, erronka bat. Baina erronka bat izateak ez du esan nahi ondo pasako ez dugunik; mendira igotzea ere erronka bat da eta disfrutatzen da».
BABES GEHIAGO BEHAR DUENARI
Euskaraldian izena eman duten herriei Gune Ibiltaria eramateko aukera ematen zaie, eta beraiek eskatzen dute joatea nahi izanez gero. Gero, jasotako eskaera guztiak aztertzen dituzte, eta Euskal Herri osora iristen saiatuz, Gune Ibiltariarekin batera egingo dutena ere kontutan hartzen dute. Horrez gain, gabezia gehien dituzten herriak lehenesten dituzte. Adibidez, Tuteran edo Vianan, Euskara Batzorderik ez baina Euskaraldian izena eman duten pertsona batzuk badaude, eta hara joango dira babesa ematera «bai ala bai».
«Bi hilabete eta erdian herririk herri doan koordinatzaile bat dago, eta toki batera iristen denean han lantaldetxo bat egon behar du, eta horrek kudeatzen du Gunea. Herri bakoitzean aurpegi ezagun eta erreferenteak egotea komeni da jendea hurbiltzeko», azaldu digu Taupako kideak. Hala ere, ikusten badute herri batean oso jende gutxi dagoela Euskaraldiaren alde lanean, ez dute inolako arazorik euren lantaldeko kideak bertaratu eta laguntzeko.
Anekdota gisa, duela egun batzuk Mutiloan izan behar zuten. Eguna eta ordua iritsi zenean, euskara batzordea Euskaraldira deika ibili zen, Gune Ibiltaria non ote zegoen galdezka, eta Mutiloan zegoela baieztatu zuen... baina ez Mutiloa berean! «Koordinatzailea Gipuzkoako Mutiloan zegoen, eta Nafarroako mutiloan zuen batzordea zain. Hau ez da gertatzen zaigun lehen aldia, uste dugun baino herri gehiago baitaude berdin deitzen direnak. Horrelakoak gertatzen direnean, ordutegia aldatu eta bertara joaten da», aipatu du Perezek.
Kontatu digun beste pasadizo bat pasa den edizioan gertatu zen. «Herri batean batzordeak maskota moduko batzuk prestatu zituen, Ahobizi eta Belarriprest, bata gorria eta bestea horia, eta gerturatu zitzaigun gaztetxo bat galdetzea ea noiz aterako ziren berriro ‘ketsup eta mostaza’». Gune Ibiltariak lan aproposa egingo zuen, ziurraski, une horretan azalduz mutikoari nortzuk ziren maskotak eta zertarako balio duten, nahiz eta Euskaraldia helduentzako ariketa bat den. Aurten, ordea, txikiek ere parte hartu ahalko dute. Ikastetxeetan martxan jarritako ekimen bati esker, 16 urtetik beherakoek Xaxatzaileen papera hartu eta familietan euskara erabiltzera animatu ahal izango dute.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
