Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Zinemaren Festa

Zinemaren Festa urtero ospatzen den ekimen berezia da. Egun horietan, zinemako sarrerak prezio murriztuan eskaintzen dira. Aurtengoan Hego Euskal Herriko 22 zinema aretok egin dute bat ekainaren 2tik 5era ospatuko den ekimenean eta ikus-entzuleek 3,5 euro soilik ordainduz gozatu dezakete estreinaldiez.

Ekimen hau 2009an jarri zen martxan, krisi ekonomikoaren testuinguruan. Estatu frantsesean arrakastaz martxan zegoen antzeko proiektu batean inspiratuta sortu zuten. Ideia sinplea zen: hainbat egunetan zehar, zinemako sarrerak oso prezio baxuan eskaini, ikusle gehiago erakartzeko.

Hasiera-hasieratik, arrakasta itzela izan du. Aretoak betetzen hasi ziren berriro, eta jende askok zinemara itzultzeko aitzakia ezin hobea aurkitu zuen. Denborarekin, festa hau egokitzen joan da: online salmenta erraztu da eta areto gehiagok parte hartzen dute.

Maite dut aretoetara bakarrik joatea –gehienetan hala egiten dut–, baina zinema esperientzia kolektiboa ere bada. Gaur egun, norbere etxetik eduki asko kontsumitu daitezkeen arren, pantaila handiaren magia eta elkarrekin pelikula bat ikustearen sentsazioa ezin dira ordezkatu. Festa honek, neurri batean, esperientzia horren balioa berreskuratzen du.

2025eko edizioan, berriz ere ikusle andana espero da aretoetan. Aukera paregabea da gure herriko zinemagintzari bultzada emateko eta ikus-entzunezko kulturari balioa emateko, baina ea urtean zehar ere bultzada horrekin jarraitzen dugun eta gehiagotan joaten garen zinemara.

Zinemaren Festa, hortaz, oso ondo dago, baina ez dadila izan salbuespen bat; izan dadila abiapuntu bat.