
Dagoeneko Bermeo murgilduta dago XXXI. Arrain Azokan. Ostiral eguerditik eta igandera arte, festa eta kultura nagusituko dira herriko kaleetan, itsas arrantza sektorearen erakusleiho handia delako azoka hau. Dena den, dena ez da festa, Arrain Azoka Pro jardunaldi profesionala ospatzen ari baita Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Bizkaiko itsaso eta irristatze ekosistemako enpresei, profesional eta eragileei zuzenduta dago.
Eguerdian, Lameran kokatutako karpan, Azokaren inaugurazioari ekin zaio. Aurten, Euskaraldiarekin elkarlanean dator Azoka, eta herria ahobizi eta belarriprest txapez jantzi da dagoeneko. «1.500 lagunetik gorak eman du izena Euskaraldian», azaldu du Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Arrain Azoka Elkarteko presidenteak: «Azoka hau euskaraz bizi eta biziarazteko gaitasun dugula erakusteko erakusgarri izango da», gehitu du.
Ekitaldian Hegaluze Saria itsas munduarekin lotura izan duten emakume guztiei eskaini zaie: «Bularretik euskara eman diguten emakumeak dira, itsasoarekin lotuta dauden emakume langileak. Gure lehengo emakumeak barik ez ginateke gaur egungoak izango. Emakume horiek garrantzitsuak izan ziren, baina gaur egungoak ez gara gutxiago. Guztion izerdiarekin egiten gabiltza bide hau», aipatu du.
«Bermeotarrok beti izan gara langileak, ekintzaileak, ikuspegi zabalekoak; itsasoaren handitasunak beti eman digu kemena aurrera egiteko. Hegaluze Sariarekin, gure omenaldi gozoena egin gura diegu itsasoaren inguruan lan egin duten emakume guztiei, aspaldikoei eta gaur egunekoei. Gaur, asko batu gara, baina ordezkaritza gutxi bat besterik ez gara, asko eta asko izan direlako eta zaretelako itsasoko ogibide ezberdinetan lan egin duzuenok», gehitu du alkateak.
Ondoren, sektoreka hurbildu dira saria hartzera: Añek, armadoreak, neskatilak, sareginak, sare fabrika, kontserba lantegiak, freskerak, arrain saltzaileak, hornidurak, farozainak, kapitainak, Nautikako irakasleak eta ikasleak, zientzialariak, bulegoetako langileak, itsas zerbitzuetakoak... «Horiei guztiei, gure bihotzetatik gogoeta gozoena eta esker onik preziatuena, utzitako ondareagatik eta gaur egun zuen lanari esker gizarteari egiten diozuen ekarpenagatik», adierazi du alkateak.
Ostiralekoa hasiera besterik ez da izan, larunbata eta igandean, musika, kirola, folklorea eta gastronomia izango dira nagusi. Kaleak fanfarreaz, erraldoiz, trikitilariz eta txistulariz beteko dira, eta estropadak, pilota eta zesta partiduak izango dira herriko kirol eskaintzan. Egitarau, Arrain Azokaren webgunean ikus daiteke.
Lameran kokatutako Solidaritza Gunea ere martxan da: marmitakoa eta hegaluze errea eskainiko dira bertan, eta bildutako dirua Bermeoko 6-12 urte bitarteko umeen tratamendu berezietara bideratuko da, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrak asetzeko. Etxera eroateko asmoa dutenek, ontzi propioa ekartzea eskatzen da.
Horrez gain, Gurutze Gorria egongo da hiru egunetan, eta larunbatean Lameran drogomenpekotasunari buruzko informazio puntua izango da 13.00etatik aurrera; gauean, Portuzarrean, Puntu Morea jarriko da 19.00etatik 01.00etara.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

Periodismo en tiempos de maraña golpista
