
2022an Itzulia lehiatzen hasi zenetik, 10 etapa izan dira. 10ak SD Worxeko txirrindulariek irabazi dituzte. Gaurkoa, Misha Bredewoldek eta bera da Itzuliko lehen liderra, Agurainen amaitu den lehen etapan esprintean gailendu ostean.
Ez zen faboritoentzako eguna. Baina faborito nagusietako batek sustoa izan du. Anna Van der Breggenek erorikoa izan du 7 kilometroren faltan. Min keinu nabarmenak egin dituen arren, etapa amaitzea lortu du, baina 43 segundo galdu ditu. Argia eta iluna SD Worx taldearentzat.
Itzuliaren etapak Zumarraga eta Agurain lotu ditu, ia 150 kilometroko etapan. Bidean Arlaban, Opakua eta Birgarabarrengo igoerak zituzten zailtasuna nagusi gisa. Nahiko hankak berotzeko eta iragazkia egiteko, baina ez sailkapenean erabakigarri suertatzeko.
Katia Ragusa (HPH), Haia Segato (BePink) eta Morgane Costonek (Roland) osatu dute eguneko lehen ihesaldia, nahiz-eta tropelak ez dien inoiz tarte gehiegirik eskaini.
Bide erdian Opakua topatu dute, eta tropelean zalaparta izan da. Demi Vollering eta Anna Van der Breggen etorri dira Euskal Herrira faborito nagusi gisa, eta haien arteko markaketa argia izan da ostiral honetan. Opakuako aldapetan taldea zatitu duten arren, fabortio nagusi guztiak berriz batu egin dira beherakoan. Hori bai taldeak nahiko ahulduta geratu dira, erasoetarako gogoa piztuz. Erritmo horretan amaiera jarri diote eguneko ihesaldiari eta, hainbat saiakeraren ostean, Julie Van de Veldek eta Eva Van Agtek lortu dute abantaila lortzea.
SD Worx taldeak hartu du talde nagusiaren burua, behin hainbat txirrindulari batuta. Mischa Bredewold Amstel Gold Race lasterketa irabazita etorri da eta Vueltan ere protagonista izan da pare bat egunetan. Eta talde herberearrak konfiantza osoa erakutsi du beregan. Birgarabarrengo mendatearen magalean begi bistan zituen tropelak iheslariak. Kontrolpean gainditu dute hirugarren mailako aldapa, etapa lehia esprinterako utziz.
10 kilometroren faltan Justine Ghekiere saiatu da, bideak aurkezten zuen muino txiki batean. Luzatua eman dio tropelari eta zeogen ordenarekin amaitu du. Atzetik ere etorri dira eraso ugari, baina ez da nahikoa izan esprinta ekiditeko. Hor iritsi da erorikoa. Bihurgune batean SD Worxeko liderra lurrera joan da beste bi txirrindularirekin batera. Lurrean min hartuta geratu da, baina bizikleta berriz hartzea eta Aguraingo helmuga harrapatzea lortu du, nahiz-eta 43 segundo galduta izan.
Guzti honek nahiko esprint nahasia ekarri du, baina Steffi Haberlinek bideraketa bikaina egin dio Bredewoldi Agurainen eta azken honi ez dio etapak ihes egin. Iaz lehenbiziko bi etapak irabazi zituen, hirugarren izan zen azkenekoan eta bigarren amaitu zuen sailkapen nagusian. Bide beretik hasi da gaur. Millie Couzens (Fenix) izan da bigarren eta Margaux Vigie (Visma) hirugarren.
Larunbat honetako etapa Ugao eta Igorre artean lehiatuko da. Lehen zatian Bikotxgane eta Lamindao bezalako igoera gogorrak baditu ere, tropel zabala gerturatu daiteke azken kilometroetara ere, nahiz eta lehen etapa hau baino amaiera bihurriagoa aurkezten duen.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

