
Dock of the Bay, Donostiako musika dokumentalen jaialdiak agur esan du. Hedabideetara helarazi duten ohar baten bidez, jaialdiak egin duen hamazazpi urteko ibilbidean bidelagun izan dituztenei eskerrak eman eta gisa honetako ekimenak aurrera eramateko egin behar den «borroka» izan dute hizpide. Agur festa bat ere iragarri dute, maiatzaren 24rako.
Jaialdiaren zuzendari Eva Rover Solerren sinadura daraman testuan, Dock of the Bayko lantalde osoaren izenean eskertza egiten dute lehenik: «Gure jaialdia amaitzen ari da; infinitua izango zela uste genuen, baina dena gertatzen da. Egunotan 17 urte hauek aztertzen aritu gara eta jaialdian egon diren pertsona guztiak gogoratu ditugu: familia, lagunak, lankideak, kultur eragileak, musikariak, artistak. Beste bizitza bat iruditzen zaigu, ia irreala».
Jaialdiaren baitan «emozio asko» bizi izan dituztela eta egindako lanaz «harro» daudela ere adierazi dute, baina amaierarekin «zintzoak» izan nahi dutela ere nabarmendu dute, ateak ixtera eraman dituen egoerari erreferentzia eginez: «Ez dugu ondoeza alde batera utzi nahi. Urte hauetan areagotu egin da ezinegona, Dock of the Bay bezalako kultur ekimenekiko ardurarik ezak eraginda. Ez da erraza independentea izatea, jarraitutasunari eustea, urtez urte interesa sortzea eta jaialdi bat aurrera ateratzeko borroka egitea», ziurtatu dute.
Zentzu horretan, Dock of the Bay «familian egindako proposamen bat» bezala abiatu zela eta edizio edizio espiritu horri eutsi diotela ekarri dute gogora. «Filmak aurkeztera hurbildu diren pertsonak familia horretako kide izaten hasi dira, baita gertu egon den taldea ere, hunkitzen, beldurra sentitzen, zoriontsu izaten eta, orain, agur esaten ikusi gaituena», esan dute.
Azken egunotan inguruko jendearen eskutik jaso dute babesa ere eskertu nahi izan dute: «Jende asko hurbildu da, jaialdiak hobeto sentitzen, hiri honetako bizitzan parte hartzen, lagunak aurkitzen eta baita maitasuna ere lagundu ziela esatera. Dock of the Bay-n sinetsi zuten pertsona horiei, gure publikoari, beren bizitzak gurekin partekatzera hurbildu zirenei: eskerrik asko bihotzez», adierazi dute.
«Hirian egoten jarraitzea espero dugu, kulturaren balioan sinesten jarraitzea, ahots propioa izateko borroka egitea eta Dock of the Bay guztion bihotzetan geratzea», amaitu dute oharra, eta jaialdiari ofizialki agur esateko hitzordua ere jarri dute: maiatzaren 24an, larunbatarekin, Donostiako La Bodeguilla tabernan izango da azken festa, 19.00tan hasita.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
