Herrietako mugimenduak: Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia
Herrietako mugimendua da Euskaraldiaren gakoa: biltzea, ahobizi eta belarriprestak trebatzea, entitateetan eragitea... Aurrelanketa hori ariketa bezain garrantzitsua da, dinamikak urte osora zabaltzea delako helburua. Pasaia, Sestao, Enkarterri eta Ipar Euskal Herriko mugimenduak jaso ditugu.
Laugarrenez eginen da Euskaraldia, lehenengoz udaberrian, ostegun honetan hasi eta maiatzaren 25eko igandera arte. Arnas luzeko ariketa da hau, hizkuntza ohiturak aldatzea proposatzen dutelako eta hori poliki-poliki lortzen delako.
‘Elkar mugituz egingo dugu’ aukeratu dute lelo bezala, herrietako mugimenduaren garrantzia azpimarratuz. Lau adibide hagitz ezberdin bildu ditugu.
Pasaia, pauso berrien bila
Pasaian lau barruti dira, Donibane, Antxo, Trintxerpe eta San Pedro. Euskararen erabilera eta ezagutza ezberdina da kasuan kasu. Pasaia mailan antolatu dute Euskaraldia eta barruti bakoitzean horretarako batzorde bat izan dute.
Euskaraldiak proposatu dituen berritasunei ahalik eta parte-hartze handienarekin heltzen saiatu dira, Egoitz Albizu dinamizatzaileak adierazi duenez. Berrikuntza bat mugimenduaren kontzeptua da, nola sortu aktibazio bat herritarren artean, eta bertze bat Euskaraldia gaindituko lukeen Euskaraldia antolatzen saiatzea da.
Horretarako, aurrelanketan, batzordeez harago euskararen erabileran kezka minimo bat eta zeozer egiteko interesa duten herritarrak batzen saiatu dira. Prozesu bat abiatu dute aurrera begira zer premia dituzten identifikatzeko.
Aurreprestaketa guztian saiatu dira ariketa kalitatez egiteko baldintzak sortzen. Saioak antolatu dituzte jarrera eta gogoeta batzuk partekatzeko eta ohitura aldaketak eragiteko
Solasaldiak
Hasieran, kafe baten bueltan bakarkako elkarrizketa batzuk egin zituzten, harreman sare edo kate bat osatzeko asmoarekin. «Parte-hartze malgu bat eskainiz, baina ulertuz denok izan gaitezkeela aktibazio sare horren parte».
Talde solasaldi batzuk ere prestatu dituzte, «Euskaraldia antolatzeko baino, euskararen erabileran urrats berriak nola egin hitz egiten hasteko».
Hizketaldi horietan zenbait kezka partekatu dituzte: ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka; gazteak erakartzea baina baita helduak eredu izatea ere; eta premia bereziak dauden zenbait gune identifikatu dituzte.
Baldintzak sortu
Halaber, aurreprestaketa guztian saiatu dira ariketa kalitatez egiteko baldintzak sortzen. Saioak antolatu dituzte izena eman duten entitateekin, jarrera eta gogoeta batzuk partekatzeko eta ohitura aldaketak eragiteko.
Euskaraldia abiatzeko, barruti guztietako plazetan txupinazoa bota eta herri argazkia eginen dute. Hortik aitzinera kultur ekintzaz beteko dira herriak: Anariren kontzertua, Esnatu Naiz kabareta, dantza herrikoiak eta bertze.
Sestao, bizipoza
Aner Sertutxa Sestaoko Euskaraldiko dinamizatzailearekin mintzatzea aski da herrian sortu den ilusioa sentitzeko. «Txapak amaitu zaizkigu, eta Bilbora noa bila. Oso ondo goaz», kontatu digu elkarrizketatu dugunean.
Arrakastaren arrazoiez galdetuta, «aurrekariak dira inportanteak», erran digu. «Aurreko edizioan, Udalak ez zuen parte hartu, azken uneko gauza bat egin zen, eta emaitzak ez ziren onak izan. Aurten instituzioen eta herritarren arteko lankidetza lortu dugu, eta nabaritzen da. Gainera, entitateen babes handia dugu. Ostegunetik aurrera, egunero ekitaldi bat egingo dugu gutxienez, dena herritar taldeei esker eta batzuk kontratazioekin ere bai, Udalak jarritako diruari esker».
«100.000 biztanlek dakigu euskaraz Ezkerraldean. Leku gutxitan daude Euskal Herrian 100.000 euskaldun. Ahobizi eta belarriprest potentzialak dira; badugu non eragin»
Jendea «oso gogotsu» dago, horren isla da izen-emate kopurua; 1.100era heldu ziren jada ostegunean eta errekorraren bila zihoazen. 2020an 800 partaide izan ziren eta 2022an, 625.
«Arrakasta kualitatiboa ere bada», baloratu du batzordeko kideak, «sortu diren ekimen guztiekin –elkar topatzeko puntuak eta euskaldunak saretzeko ekimenak, besteren artean– eta giro politarekin ariketa ondo egingo dela bermatzen delako».
100.000 euskaldun
«Sestao ez da jendeak uste bezain erdalduna», argitu du. «Bai, gaztelania nagusi da, baina euskarak geroz eta leku gehiago du. Sestaon eta Ezkerraldean biztanleriaren erdiak daki euskaraz. 100.000 biztanlek dakigu euskaraz Ezkerraldean. Leku gutxitan daude Euskal Herrian 100.000 euskaldun. Guztiak ahobizi eta belarriprest potentzialak dira; badugu non eragin».
«30 urtean, oso gutxi izatetik erdia izatera pasa gara euskaldunak. Haurrak euskaraz eskolatzea gakoa izan da. Sestaon denek ikasten dute euskaraz. Bi euskaltegi ere baditugu, eta ehunka ikasle dabiltza». Gaineratu duenez, ikasle horiek asko inplikatzen dira ekintzetan. «Beste jende bat, ordea, eroso dago, dena eginda dagoela uste du. Horiek ere xaxatu behar ditugu», adierazi du Sertutxak.
«Izen-emate bakoitza landu dugu. Euskal Herriko periferia gisa ulertzen dugunean zailtasunak daude, baina lan gehiago egiten dugu eta lan bikoitzak fruitua ematen du»
Akatsetatik ikasiz, egoerari buelta eman diotela eta bizipoza lortu dutela dio. «Batzordean, herrian, udaletxean, ikusten gaituztenean, jende guztia hurbiltzen zaigu galdezka: ‘Zenbat?’».
90etik gora entitatek emana zuten izena astelehenean eta ehunera heltzea espero zuten. Dinamizatzaileak agertu duenez, izen-emate bakoitza landu behar dute. «Komertzialak gara azkenean. Euskal Herriko periferia gisa ulertzen dugunean zailtasunak daude, baina lan gehiago egiten dugu eta lan bikoitzak fruitua ematen du», azpimarratu du.
Belarripresten garrantzia
Sestaon, belarriprestak %45 dira eta ahobiziak, %55. Aner Sertutxa bera belarripresta da. «Espreski landu nahi izan dugu belarripresten izen-ematea. Inportatea iruditzen zaigu belarriprestak egotea. Horiek dira aktibatzen zailenak baina horiek dira hizkuntzara hurbildu behar ditugunak».
Bera belarripresta da jendeari azaltzeko belarriprest edo ahobizi aukeratzea ez dela ezagutza kontua, baizik eta jarrerarena. «Nik uste errealistagoa eta egokiagoa dela belarriprest rola hartzea badakidalako ez dudala lortuko erabat hizkuntza joera horiek aldatzea. Zintzoa izango naiz, baina ehuneko ehunaren bila joango naiz». Eta belarripresta da batez ere figura hori aldarrikatzeko: «Belarriprestak ahobiziak bezain inportanteak dira».
Hain daude motibatuta, hamaikakoa osatu beharrean 22koa osatu dute. Eremu, adin, genero eta jatorri bat ordezkatzen du bakoitzak.
Euskaraldia bukatzen denean, segida eman nahi diote abian duten lan eder honi. Asmoa da zerbait egonkorragoa sortzen joatea Sestaon eta inguruko herrietan.
Enkarterri, herriak saretzen
Hala deskribatu digu Gari Morgado Enkarterriko Euskaraldiaren dinamizatzaileak Bizkai mendebaldeko eskualde hau: «Nahiko zabala da eta giroa herri bakoitzak bere aldetik antolatzen du. Euskararen egoera ere herrian herrikoa da, baina oro har nahiko baxua, nahiz eta jakintza gora doan eskolari esker. Soziolinguistika Klusterraren azken neurketaren arabera, erabilera orokorra %2koa zen. Erabilera hori nahiko militantea da, eta jende hori herriz herri mugitzen da. Bada sare bat, baina ez da handia».
11 herri daude Enkarterriko Mankomunitatean. Ingurune ezberdinak daude, bi bailara Kantabriarekin mugan daude eta bada Karrantzako harana ere. Bilboren eragina ere badute. Hurbil dagoenez, hara jotzen dute. Hedadura zabala izanik, batzuetan zaila da kohesioa; Sodupetik Karrantzara 45 minutu daude kotxez.
«Eskualdeko batzorde bat sortu genuen, Mankomunitateko euskara teknikariarekin batera, eskualdeko nortasun hori gogoan izan dezagun eta herriek bata bestearen berri izan dezagun»
Balmasedak muga egiten du Burgosekin errepidez nahiz geografikoki, baina bertan bada euskaldunen mugimendu nahiko sendo bat. Horrek badu eragina Euskaraldian. Lekuan leku urte osoan euskararen edo kulturaren inguruan mugitzen diren taldeak izan direlako Euskaraldia antolatzeko motorra. Sortu dira propio Euskaraldiko batzordeak ere.
Lotsak eta ohiturak
«Hemen, nahiz eta jakintza maila altua izan, lotsagatik edo ohituragatik ez da egiten eta hori iraultzea da xedea. Eskualdeko batzorde bat ere sortu genuen, Mankomunitateko euskara teknikariarekin batera, eskualdeko nortasun hori gogoan izan dezagun eta herriek bata bestearen berri izan dezagun», adierazi du dinamizatzaileak.
«Galderak eta arazoak amankomunean jarri dituztenean, herri batek besteari azaldu dio nola egin duen. Hori lagungarria da bai distantzian bai harremanetan hain urrun dauden herrien arteko sareak sustatzeko. Euskaraldia aitzakia bat da euskaldunen arteko sareak indartzeko».
Izen-emateetan beheranzko joera egon da lehen ediziotik. 900 izen-emate zeuden asteartean norbanakoetan, momentuz aurrekoan baino 100 gutxiago. Baina azken egunetan goranzko joera sumatu dute.
Euskararen militanteak, aktibo
Aurrelanketan, Gordexolakoek programa misto bat egin zuten, dagoeneko antolatuta zeuden ekintzetan Euskaraldia txertatuz. Esaterako, mendi martxa bazegoen euskararen erabilera sustatzen zuten eta Euskaraldiari buruz hitz egiten zuten. Propio antolatu zuten orientazio proba bat ere Euskaraldiaren barruan, gazteen artean euskara sustatzeko.
Gueñesen eta Zallan mahai informatiboak jarri zituzten, ikusgarritasuna emanez Euskaraldiari.
Euskaraldiko egunetan, programa sendoena duena Alonsotegi da. Propio prestatu ditu hainbat ekintza: ginkanak, haur ikuskizunak eta tailerrak, bertsopoteoa, garagardo kata, auzolan eguna eta abar luze bat.
Ariketa bukatuta, Gari Morgadok ez du uste euskara elkarte edo mugimendu sendorik sortuko denik, baina badaude herritarrak euskararekin herriz herri mugitzen direnak.
Ipar Euskal Herria, babesgunea eta entrenamendua
Zilia Heredia-Irigoyen, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren sustatzailea, aitortza batekin hasi da: «Oso konplikatua da Ipar Euskal Herrian Euskaraldia antolatzea. Oso inguru erdalduna da. Euskaldunak hor gira, bagira multzo bat, euskara ikasten dugu, haurrek gero eta gehiago, baina erabiltzeko aukerak oso gutxi dira. Euskaraldiak ahalbidetzen du urrats batzuk egitea, batez ere ausartzea. Zail egiten zaigu lehen hitzak euskaraz egitea, ez baitakigu nola hartuko duen aurrean daukagunak. Biziki baliagarria da horretarako Euskaraldia, babesgune bat ematen baitigu, badakigulako noiz, non eta norekin egiten ahal dugun euskaraz».
«Kontzientzia pizteko behar dugu, 11 egunetan euskaraz lasai aritzen ahal garela ikusteko. 12. egunetik hala jarraitzea da helburua, baina txaparekin identifikatu gabe. Entrenamendu bat bezala da Euskaraldia».
Heredia-Irigoyenek bigarrenez antolatu du Euskaraldia eta abiapuntu gisa hartu zuen aitzineko edizioko batzordeekin harremana egitea. «Hegoaldeko joera da Ipar Euskal Herria osotasunean ikustea, baina nire ezagutzak batez ere Lapurdin ditut, eta ahoz ahoko lana, sare lana behar izan dut kontaktuak biltzeko. Batzordeak nahiko natural sortu edo berraktibatu dira. Elkarterik ez zen lekuetan, ikastolako guraso eta kultur arloko kide batzuekin osatu da batzordea. Baionan elkarteetara jo dut, eta Xiberoan gauza bera, haien artean saretzeko».
46 herri batzorde
Guztira 46 herri batzorde muntatu dira, 2022an baino ia hamar gehiago. Zehaztapen bat egin du sustatzaileak: «Ipar Euskal Herrian, Euskaraldia antolatzen duten guztiak borondatez ari dira. Ni nabil koordinatzen baina herri batzorde horietan ez dago liberaturik».
Ostegun honetan, hasiera ekitaldia izanen da Baionan, eta herriz herriko programetan denetariko animazioak egonen dira ahobizi eta belarriprestek euskara praktikatzeko.
2020. urtera arte Euskaraldia bukatuta lan guztia hor uzten zen. 2022tik, ordea, Ipar Euskal Herriko Taupa elkartea sortu da eta urte osoko lana eramaten dute
Aitzineko edizioetan ahobizi aunitzez gehiago izan dira belarriprestak baino. Aurten ere hala da: belarriprestak 661 ziren asteartean eta ahobiziak, 2.001. «Ahalegindu arren ongi ulertarazten rolak ez direla hizkuntz gaitasunei lotuak baizik eta portaerei, batzuentzat zaila da ulertzea euskalduna ez dela ahobizia eta ikasten ari dena ez dela belarripresta. Ahobizia izatea Ipar Euskal Herrian ez da erraza, horregatik nik belarriprest rola hartu dut», kontatu du.
Euskararen militanteak dira gehienbat Euskaraldira hurbiltzen direnak, euskaldunak edo ikasten ari direnak. Joera hori bada Lapurdi, Nafarroa Behere eta Xiberoan.
Taupa elkartea
2020. urtera arte Euskaraldia bukatuta lan guztia hor uzten zen. 2022tik, ordea, Ipar Euskal Herriko Taupa elkartea sortu da eta Zilia Heredia-Irigoyen urte osoan ari da bertan lanean. Zortzi elkarte bazkide dituzte.
Euskaraldiko batzordeekin momentuz zaila izan zaie lan jarraia eramatea. «Ez da ahantzi behar maiz ikastolako gurasoak direla, eguneroko militanteak, saltsa guzietan sartuak, eta zaila denetan izatea eta zure burua banatzea. Elkarteko zortzi bazkideekin bai saiatzen gara segida ematen. Pixkanaka ari gara Euskaraldiaz harago bestelako dinamikak martxan jartzen», erran du.
Aurtengo edizioan aurrekoan baino motibazio handiagoa sentitu du sustatzaileak. Batzordeak lehenago aktibatu dira, gogotsu.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

Periodismo en tiempos de maraña golpista
