Joserra Senperena eta Jurgi Ekiza, Jon Miranderen literaturak batuta
Joserra Senperena eta Jurgi Ekiza batu dira Jon Miranderen ‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’ olerkia kantu egiteko, Josu Martinezek ahanzturatik atera zuena. EHUren babesarekin ondu dute proiektua euskal paristar poetaren mendeurrenean.

Aste honetan etorri da albistea: ‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’, Jon Mirandek idatzitako olerkia abesti bihurtu dute Joserra Senperenak eta Jurgi Ekizak.
Josu Martinezek atera zuen ahanzturatik poema argitaragabea. Zinemaren Historian doktorea eta kultur antropologian lizentziaduna, EHUko Unibertsitatean irakaslea eta ikertzailea da. ‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’ dokumentala ontzeko ikerketa egiten ari zen eta Olaso Dorrea Fundazioan aurkitu zuen olerkia.
«‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’ egiteko prozesuan (beste film batzuk egiteko prozesuetan bezala), faserik luze eta politenetakoa ikerketa izan zen niretzat. Kasu honetan, buruan nenbilkien ideia materia filmiko bihurtu ahal izateko, Jon Miranderen hitzen atzetik ibili nintzen denbora luzez, besteak beste, lagunei bidali zizkien gutunak ezker-eskuin bilatuz. Miranderen gutun asko publikatuak ziren ordurako (Patri Urkizu zenak apailatutako Susaren liburuan, Mitxelena, Andima, Peillen edota Etxaiderekin gurutzatutakoak daude, besteak beste), baina han eta hemen bilatuz, beste andana bat eskuratu ahal izan nituen: Krutwig-i bidalitakoak, Gabriel Arestiri bidalitakoak, Aingeru Irigarairi bidalitakoak… eta Telesforo Monzoni bidalitakoak ere bai. 2020 edo 2021 urtea izango zela kalkulatzen dut», gogoratu du EHUk bidalitako oharrean.
Filman leku egitea zen asmoa, baina ezin izan zuen bete. «Filma egiteko prozesuan, beti bezala, hasierako planak aldatu nituen behin eta berriz, eta azkenean, metrajean zehar jadanik hainbat aurkikuntza berri agertzen zirenez (Miranderen ahotsa, adibidez, edo are, beste poema inedito bat, zeinaren existentzia Txomin Peillen zenak kameraren aurrean zegoela ezagutu zuen), poema hau lekurik gabe gelditu zen. Ordurako Joserrak egina zuen musika eder hau, eta azken momentura arte bukaerako kredituetan sartzea baloratu genuen. Baina halako goxoki eder batek aurkezpen biribilagoa merezi zuelakoan, azkenean hori ere ez genuen egin», esan du ikerlari eta zinemagileak.
Tiraderako itzaletik argira Joserra Senperenaren ekimenez ikusi du orain argia kantuak. «Iaz hasi nintzen orain arte sortutako piezak ordenan jartzen. Filmerako egindako maketa entzun eta ‘ondo legoke argitaratzea’, pentsatu nuen. Josuri baimena eskatu, hark eman, eta jarri ninduen kontaktuan Amaia Elizalderekin», kontatu dio NAIZi.
Euskal Herriko Unibertsitateak babes ekonomikoa eman dio proiektuari Gabriel Aresti Katedraren eta Mikel Laboa Katedraren eskutik. Patxi Juaristik zuzentzen du lehena, Amaia Elizaldek bigarrena. Oso eskertuta agertu da Senperena.
Melodia sortu ondoren, ahotsa. Jurgi Ekizarengana jo zuen piano jotzaileak. Ez zuten elkar ezagutzen, nahiz batak bestearen musikarekiko miresmena zuen. «Orain dela urte askotik nire asmoa zen berarekin grabatzea. Ez ginen ezagutzen, baina beti izan naiz Willis Drumond taldearen zalea. Behin ikusi nuen bere gitarrarekin bakarrik abesten, eta hasieratik nuen asmoa pianoa eta ahotsaz egitea. Gustura egin dugu», esan du.
Irudiek ere bizitako intimotasuna islatzen laguntzen dute. Pello Gutierrezek filmatu du bideoa. «Berak grabatu zuen ‘Ozenago kantu egin’ iaz Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrietarekin egin genuen abestia ere. Laguna dut», dio Senperenak.
Udazken arratsalde baten oroitzapena eraman zuen olerkira Mirandek eta arratsalde bakar batean sortu zuen musika Senperenak. «Askotan gauzek denbora behar dute, baina bestetan, gutxitan, bapatean ateratzen dira. Hau da horietako bat. Une egokian harrapatu ninduen. Mirande oso presente neukan, dokumentalerako musika konposatzen ari nintzen, agian horregatik atera zen hain azkar». ‘Lizar batetik zintzilika / Katutzar hil bat dantzari, / Hiru odol istil lurrean, / Euli beltzak hor ugari’. Hitz hauekin hasi zuen ‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’ poema Mirandek.
«Maitasun eszena, naturan, giro fantastikoan... oso sugerentea da letra», adierazi du pianistak. ‘Bihotz ustel baten usaia / Bai goxo dela mendian! / Ludi likitsa hil zenean / Biga ginen gauerdian’, jarraitzen du olerkiak.
Letra iradokitzaileak dira Senperenaren esanetan. Bat dator Jurgi Ekiza. «Biziki poetikoa da, irekia. Oihanean norbaiten bila doa, nahiz harremana debekaturik izan, eta naturan ezkondurik bizitzen dutela hori ulertu dut nik. Bekatua... Egia errateko, poesiarekin gertatzen den bezala, ez dugu zinez jakingo zein zen Miranderen ideia».
Unibertso bitxi, arraroa
Begiak itxita, bere baitara gordeta ikus daiteke bideoan une askotan. «Bi arrazoi daude horretarako. Batetik, kostatzen zait anitz besteen hitzak ikastea, eta kontzentrazioa behar nuen. Eta, bestetik, letra biziki poetikoa da, irudiak pizten ditu buruan, eta giroan sartu eta interpretazioan ahal bezain beste sartzen saiatu nintzen. Nire buruan irudikatu nuen unibertso bitxi, arraro hori kamerak ahaztuta», argitu du.
Izan ere, espero baino mugimendu handiagoa aurkitu zuen grabaketa egunean Senperenaren etxera –egongelan grabatu zuten– iristean. «Hasieran gauza xumea izango zela esan zidan Joserrak, eta iristean uste baino pertsona gehiago aurkitu nituen. Bideoaren grabazioa ere bazen tartean...», esan du irribarrez.
Hortik aldendu eta «a capella balitz bezala» kantatu zuen. «Baneukan mikroa grabatzeko, baina ez nuen entzuten mikrotik pasatzen zena», zehaztu du.
‘Bai goxo dela Izadian / Ustelduraren usaia! / Eusko mendian pozez dago, / Hegoak zabalduta, saia’, dio bigarren estrofan. Horrelaxe sentitu zen Jurgi Ekiza poetaren hitzei ahotsa jartzean. «Kantatzerakoan banuen gogoa besoak zabaltzekoa. ‘Ni naiz saia’, nioen neurekiko. Irudi polita da: saia pozik Euskal Herriko zeruan. Anitz gustatu zait. Mila aldiz egon naiz mendietan ibiltzen hemendik gaindi, eta saia ikusten dudan bakoitzean diot ‘ze ondo dagoen’», aitortu du barrez.
Saiarekin batera, sorginak, ilargia, txantxikua, izarrak... ageri dira Miranderen kopletan. Naturak presentzia handia du. Eta gau misteriotsuaren abaroan, bi maitale.
Freskotasuna
Kantuaren grabazioaren «freskotasuna» nabarmendu du Ekizak. «Aurretik ez genuen gehiegi prestatu, eta, errepikatu gabe, istant bat harrapatu genuen. Hori da bideoaren eta kantuaren izpiritua», azaldu du ohiko rock erregistrotik aldendu den kantariak.
Aitortu du ez Mirande ez bere obra ez zuela askorik ezagutzen aurrez. «Miranderen inguruan polemika anitz dago. Fakultatean ikasten ari nintzenean aipatu genuen urrunetik, besterik ez. Bada euskal literaturaren historiaz liburua, frantsesez. Bertara jo nuen kapitulu bat eskainia izango zuela pentsatuz. Lau lerro daude, oso gutxi. Pertsona hain inportanteak leku hain urria izatea...». «Hunkitu ninduena Joserraren obra izan zen, oso kantu polita da», gaineratu du.
EHUren babesa txalotu du. «Nahi badugu gure kultura eta literatura bizirik mantentzea, baliagarria da kantuak eta bideoak grabatzea, gaur egungo mediatara egokitzea», esan digu.
Gisa honetako zenbat altxor gordetzen ote dute Euskal Herriko etxe eta baserrietako ganbarek? Armairu eta kaxoiek? «Segur aski maleruski badira anitz galtzen ari direnak ala galduak direnak. Justuki aski baliabide ez ditugulako. Batez ere Iparraldean ez daukagu euskararen ofizialtasunik, ezta ere ezagupenik, salbu Unibertsitatean gauza txiki-txiki bat. Zaila da dirua izatea ikerketak egiteko eta jendea atzematea lan hori egiteko. Biziki interesgarria da ikerketak egitea Unibertsitatearen bitartez, ezinbestekoak dira. Eta beharrik ere horrelako kantuak grabatzea edo Josuk egin duen dokumentala, instituzioek egiten ez dutena guk geuk egin dezagun».
Aurten dira ehun urte Jon Mirande Parisen jaio zela. Han-hemen egin izan dira gaur egunera ekartzeko saiakerak, belaunaldi berriek inspirazio iturri duten seinale.
Bide urratzailea
«Miranderen literatur testuak inspirazio iturri izan dira hainbat musikarirentzat, poesiaz ari garela. Hortik harago ere, 70eko hamarkadan jardun literarioa abiatu zuten horientzat ere izan zen bide urratzailea, euskal literaturan –eta, oro har, kulturan– nagusitzen ziren hainbat muga eta taburekin hautsi zuelako, eta literatura autonomoago bat garatzen saiatu. Haren testuak ez ezik idazletza eredu gisa ere izan zen aitzindaria, eta beharbada horregatik izan da eta izaten ari da bere obra esanguratsu geroko artistentzat». Amaia Elizalde, Mikel Laboa Katedraren zuzendariaren hitzak dira.
Euskal idazle paristarraren figura eta lana ardatz hartuta, egin diren lanen artean nabarmentzekoa da Josu Martinezen ‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’ dokumentala. 2023ko irailean ikusi zuen argia Zinemaldian. «Ez dakit nor zen Mirande. Zenbat eta gehiago ezagutu, konturatzen naiz ezezagunagoa dela», aitortu zigun egun batzuk lehenago egindako elkarrizketan. Kulturgilearen izaeraren berri ematen du.
«Mirande asko zeuden. Nazia, pedofiloa? Mirande hori baino askoz gehiago zen. Intelektualki oso aberatsa zen pentsamendu aldetik», gaineratu zuen.
Kondena eskaera
Kontatu zigun anekdota honek garbi erakusten du Mirandek ez duela inor epel uzten. «Frantziako laguntza jaso zuen filmak. Dirulaguntza eskaerarako ahozko elkarrizketan, Bordelen, kristoren egurra eman zidaten! Esan zidaten autore bezala ez nuela nahikoa kondenatzen pertsonaia. Politikoki zuzenaren momentu honetan ez gaude hainbat gauza onartzeko prest. Ezkerreko pertsona zirudien, eta erantzun nionean ez naizela polizia, ‘Kondenatu behar duzu!’ esan zidan». «Ni ez naiz polizia, ezta epailea ere, Jon Mirande kondenatzeko. Ez da nire lana inor epaitzea; kondenatu epaileek egiten dute», izan zen Martinezen hausnarketa.
Ikerketa prozesuan idazleak bizitako bakardadearen zantzu garbiak aurkitu zituen Martinezek. «Mirandek gaitasun intelektuak izugarriak zituen, eta bizi osoan garaiz eta lekuz kanpo bizi izan zen», adierazi zuen. Depresioari aurre egin behar izan zion eta alkoholarekiko mendekotasuna izan zuen. Bere buruaz beste egin zuen 1972ko abenduan.

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia

Yala Nafarroa lanzará un txupinazo que sea «una luz de esperanza para detener este genocidio»

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»
