NAIZ

‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’ Miranderen poema kantu bihurtu dute Senperenak eta Ekizak

‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’, Josu Martinez ikerlariak aurkitu zuen Jon Miranderen kopla argitaragabea, abesti bihurtu dute Joserra Senperenak eta Jurgi Ekizak. Lehenak ondu du musika eta bigarrenak jarri die ahotsa bilbotar idazlearen hitzei.

‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’, Josu Martinez ikerlariak aurkitu zuen Jon Miranderen poema argitaragabea, abesti bihurtu dute Joserra Senperenak eta Jurgi Ekizak. Senperenak ondu du musika eta Jurgi Ekizak jarri die ahotsa bilbotar idazlearen hitzei. 

Euskal Herriko Unibertsitateak basbestu du diruz proiektua, Patxi Juaristik zuzentzen duen Gabriel Aresti Katedrak eta Amaia Elizaldek zuzentzen duen Mikel Laboa Katedrak indarrak batuta. «Miranderekin batera euskal poesia modernoaren aitaponteko izan zen Aresti eta euskal kantagintza berriaren pertsonaia nagusietarikoa Laboa, beraz, ezin sinergia aproposagoa kanta berri hau plazaratzeko», adierazi dute.

Aurten ospatzren da Jon Mirande (1925-1972) euskal idazle paristarraren jaiotzaren mendeurrena. «Egile garrantzitsuenetakoa izan zen euskal literaturaren 50etako modernizatze prozesuan eta bere ondareak eragin zuzena izan zuen ondoko idazle belaunaldietan. Ondare horren zati handiena idazlea hil ostean kaleratu zen ordea, garaiko zentzura askotarikoek etengabe oztopatzen baitzuten testuen argitaratzea», nabarmendu dute Elizaldek eta Juaristik.

«Pertsonaia probokatzaile eta polemikoa izan zen bere garaian eta gaur egun ere ahal izaten jarraitzen du. Hala ere, haren obra sakon eta estetikoki zaindua inspirazio-iturri agortezaina gertatzen da lehengo eta oraingo euskal sortzaileentzat. Ez dira gutxi haren olerkietatik abiatuz kantuak sortu dituzten musikariak, hala nola, Imanol Larzabal eta Georges Moustaki, Antton Valverde, Ruper Ordorika, Elena Setien, Xabier Erkizia eta Grande Daysen elkarlana edo Imanol Epelde, besteak beste», gaineratu dute.

Idazlearen jaiotza eta ehun urte geroago argitaragabeko testuak agertzen dira tarteka, oraindik inork arakatu gabeko gutun eta paperen artean. Hain zuzen ere, Josu Martinezek, 2023an estreinatutako ‘Mirande, film bat egiteko zirriborroa’ dokumentala sortzeko ikerketan ari zela, ‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’ koplak aurkitu zituen, Telesforo Monzoni igorritalp gutun batean. «Kopla horietatik sortu dira Joserra Senperenak konposatutako eta Jurgi Ekizaren batera interpretatutako kantua eta horren bideoklip zinez ederrak», esan dute.

«Musika jartzeari ekin nion eta berehala sortu zen, ‘arratsalde batean’, izenburuak dioen moduan. Egilearen unibertsoan murgilduta nengoen: filmaren soinu-banda egiteko prozesuaren barruan, poema ezin zen iradokitzaileagoa izan. Berehala harrapatu ninduen poemak, deskribatzen duen maitasun eszenak sorgin giro horretan», aitortu du Joserra Senperenak.

Josu Martinezek, dokumentalerako ikerketa prozesu betean, Olaso Dorrea Fundazioan aurkitu zuen poema argitaragabea. «Ederra iduritu zitzaidan, eta laster ohartu nintzen inon argitara gabea zela. Berehala, filman leku izan zezakeela pentsatu nuen. Gero, lekurik gabe gelditu zen», gogoratu du.

Bere poza agertu du orain Senperenak abestia argitara eman duelako. «Uste dut Jurgi Ekizaren ahotsarekin batera, poemari soineko oso ederra egin diotela. Seguru nago ere, aurrerantzean, beste ikerlari batzuek Miranderen testu gehiago aurkituko dituztela. Eta ez Miranderenak bakarrik. Eta ez testuak bakarrik, pelikulak ere bai, edo partiturak... Gure herriaren memoria, oraindike re, ganer eta ganbara zaharretan gordetzen da parte batean, eta egungo eta biharko ikerlari eta kulturazaleok eremu emankor eta zabal bat daukagu hori dena berreskuratu eta berrinterpretatzen».

Jurgi Ekizak, bere aldetik, hauxe atxikiko du esperientzia honetatik: «Joserraren etxe ederrean bertan, zuzenean, preziatzen dudan jende multzo ttipi batez inguratua, piano hegaldunaren erresonantzian ‘a capella’ abestea, lehendik bakarrik eta amaitzeko Joserrarekin batera. Instant batez orduan, musikak eskaintzen duen komunio horri esker, Miranderen olerkiko saia bezala sentitu nintzen, pozik, hegal egiten».