
Juan Ayusok bere kirol bizitzako aurreneko Giroko garaipena lortu du Tagliacozzoko helmugan, Girolak mendiarekin izan duen aurreneko etapan, Abruzzoetan gora. Lau segundo atera dizkio Isaac del Toro, Egan Bernal, Giulio Ciccone, Richard Carapaz, Antonio Tiberi, Damiano Caruso eta batez ere Primoz Roglic zihoan taldetxoari, azken metroetan faboritoen tropel nagusitik hanka egin ostean. Duela 22 urte Bartzelonan jaiotako mutilak hortzak erakutsi ditu eta erritmoa aldatu duenean itxura baten nahi erraz egin du ihes. Esaterako, berandu xamar abiatu da Primoz Roglic Ayusoren atzetik eta ezin izan dio gurpila harrapatu. Dena dela, txirrindulari esloveniarrak jantzi du liderraren maillota, Mads Pedersenek, espero bezala, denbora galdu baitu jardunaldiko azken mendatean.
Hala ere, Giroko sailkapen nagusiari buruz ezer gutxi argitu da zazpigarren etapa honetan. Abruzzoetako mendateak laburrak eta pikoak izan dira, baina inork ere ez du arriskurik hartu eta, ondorioz, azken metroetara arte ez da ahuldaderik ezta indarrik ere bistaratu. Indarra, izatekotan, Juan Ayusok azken 700 metroetan erakutsi duena, aurreko sei etapetan piztu omen dituen «zalantzak« uxatzeko nahikoa, itxura baten.
Eguneko azken mendatea luzeagoa izan arren, azken hiru kilometroetara arte gurpilean joateko moduko igoerari ekin diote txirrindulariek. Hala, Tiberi eta Bernal taldeburuentzat lanean, Pello Bilbao eta Jonathan Castroviejo euskal txirrindulari beteranoak lanean aritu ahal izan dira, tropelari martxa emanez, baina egundoko bakandurik eragin gabe beti ere.
Ez da eraso askorik izan, neurri handi baten azken bost kilometroetara iritsi arte, tropela ihesari eman dion seikote bat kontrolatzeko lana hartzea nahiago izan duelako. Hala, Double, Leemreize, Prodhomme, Garofoli, Tonelli, Jay Vine eta Christian Scaroni lau minutuko aldeaz ere ihes eginda izan dira Roglicen Red Bull Borak beti ere kontrolpean mantendu baditu ere.
Suziri gutxi batzuek
Bost kilometroren faltan harrapatu dituzte azken iheslariak. Ordurako tropela dexente kamustu da, tartean Romain Bardet edo David Gaudu atzean geratuta, eroriko baten ondorioz frantses biak nahikoa jota iritsi direlako etapako azken aldera.
Ayusoren eraso bortitzaren aurretik, suziri pare bat besterik ez da izan. Cicconek pare bat mugimendu eginda tropela apur bat bakandu du, erabat hautsi gabe. Aldiz, ondotxo serioagoa izan da Egan Bernalen mugimendua. Kolonbiarrak badaki Giroa irabaztea zer den, 2021ean nagusitu baitzen eta bere erritmo aldaketak gutxi batzuek aurrera bidali ditu, baina ez guztiak. Roglicek ohi duena baino lasaiago hartu du erritmo aldaketa hau, eta Juan Ayusorekin ordura arte izan duen markaketa pixka bat urrundu du. Alegia, Ayuso Bernalen erritmora egokitu da eta ia sinetsi ezinda, atzerantz begiratu du Bartzelonako semeak Roglic non ote zen begira.
Esloveniarra bere gurpilera hurbildu ez delarik, eserita dela Bernalen erasoari jarraipena eman dio eta kolonbiarra bete egin du azken metro horietan, Roglic atzetik aurrerako lanean hasi den bitartean.
«Ez naiz etaparen bila abiatu, baina egun oina izan da eta sentsazio onak izan ditut», adierazi du Roglicek etapa amaieran, nahiz eta 16 segundo galdu dituen Ayusorekiko –gainsariaren 12 segundoak eta etapan gazteak lortu dituen laurak bat eginda–. Ondorioz, Albaniako lurretan jokaturiko erlojupekoan esloveniarrak ateratako aldea ia erabat murriztu du sailkapen nagusian UAEko taldeburuak. Hain zuzen, Roglic baita lider berria, baina Ayuso lau segundora geratu baitzaio.
Larunbateko etapa ez da mendian amaituko, baina lehenengo mailako Sassotetto –13 kilometro batez beste %7,4ko aldaparekin– mendatea igoko du tropelak etapa erdialdera: Giulianova eta Castelraimondo herriak batuko dituen 197 kilometro pasatxoen erdi-erdian kokatua. Ihesaldietarako etapa aproposa, mendiarekin aurreneko kontaktua ondo digeritu duten horientzat guztientzat.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

