Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Artolak buruz buruko finala jokatuko du Larrazabali 22-12 irabazi ostean

Iñaki Artolak Iker Larrazabal mendean hartu du buruz burukoaren finalerdian eta ekainaren 1eko finalean Jokin Altunaren kontra jokatuko du. Partida azkar eta urdurian, bi jokalariek akats dexente egin dituzte eta hasieran berdinduta hasi badira ere, partidaren bigarren erdian alegiarra nagusitu da.

Iñaki Artola, garaipena ospatzen.
Iñaki Artola, garaipena ospatzen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Aste oso berezia borobildu du Iñaki Artola alegiarrak. Aita izan berritan, buruz buruko finalerdia irabazi du Larrazabalen kontra, eta 2021ean buruz buruko finalean lesio baten ondorioz jokatu gabe gelditu ostean, finala jokatu ahal izango du, bere lehenengoa 11 urtetan, pilotaleku berean, aurkari beraren kontra.

Larrazabalentzat ere finalerdi hau oso garrantzitsua zen. Iazko Bigarren Mailako Buruz Burukoa irabazteagatik ari da aurtengo Lehen Mailakoa jokatzen, eta garaipenak bere lehen finalerako ateak irekiko zizkion. Ogeta ostean, lehen arabarra izango zen buruz buruko final batean. Hurrengo batean izan beharko du.

Jokalariak, urduri

Finalerdi azkar eta urduria jokatu dute Iñaki Artolak eta Iker Larrazabalek Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Larrazabal indartsu hasi da, arriskatzen, erasora, eta Artolari jokoan sartzea kostatu zaio. Hasiera kaotikoa eta erritmo handikoa izan da, bi jokalariak urduri zeuden eta akats dexente egin dituzte. 7-2 aurreratu da amurrioarra, baina 6-0ko bi partziali esker, Artola 7-2 galtzen joatetik 9-14 irabazten joatera pasa da. 8-8koa errepikatu behar izan da Larrazabalek nahi gabe Artolari traba egin diolako.

Tantu laburren artean, 16-11koa luzea eta intentsitate handikoa izan da eta Artolak eraman du. Laster Larrazabalek tanto bat egitea lortu du, baina sakean falta eginez Artolari iniziatiba oparitu dio eta honek ez du barkatu. Bigarren erdian Artola erraz nagusitu da gaindituta zegoen Larrazabalen kontra. Alegiarrak dejada eder batzuk eskaini ditu (bost tanto egin ditu horrela), eta 14-3ko partzial bati esker 22-12ko emaitzarekin amaitu da finalerdia.

Artolak eta Altunak Buruz Burukoaren finala ekainaren 1ean jokatuko dute, Bilboko Bizkaia frontoian, eta Larrazabal eta Unai Laso 3. postua eskuratzeko lehiatuko dira, maiatzaren 25ean Donostiako Atano III pilotalekuan.

PARTIDAKO FITXA:

Artola: 22

Larrazabal: 12

Pilotakadak: 242. Iraupena: 54:46. Markagailua: 4-0, 4-2, 7-2, 7-8- 9-8, 9-14, 11-14, 11-16, 12-16, 12-22. Sakez egindako tantoak: Artolak 3, Larrazabalek 3. Jokoan egindako tantoak: Artolak 14, Larrazabalek 6. Galdutakoak: Artolak 6, Larrazabalek 8. Gertakariak: Ogeta pilotalekuan (Mendizorrotza, Gasteiz). Hasiera ordua: 18.52. Lehenbiziko sakea urdinarentzat.