NAIZ

LABek exijitu du CENek erretira dezan prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina

LABek CENi exijitu dio astearte honetan bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, «diru publikoarekin ordaindu dutena».

Joan den astean lan istripuen aurka Iruñean egindako elkarretaratze baten argazkia.
Joan den astean lan istripuen aurka Iruñean egindako elkarretaratze baten argazkia. (Iñigo URIZ | FOKU)

LAB sindikatuak «arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat» jo du CENeko enpresariek «diru publikoa  erabiltzea –60.000 euro– modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko».

«Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina», adierazi du sindikatuak ohar batean.

LABen iritziz, gainera, «onartezina da kanpaina horrek Nafarroako Gobernuaren babesa izatea eta ideia horiek Enplegu Planaren eszenaratzearen parte izatea. Eta hori guztia egin dute Nafarroa Garaiak oso egoera latza bizi duelarik: iragan urtean 26.000 lan-istripu aitortu zituzten, horietatik 26 hilgarriak, eta aurten dagoeneko 12 langile hil dira lanean».

«CEN patronalak bertzeren erantzukizun gisa ikusten du laneko arriskuen prebentzioa. Nahiz eta enpresen zuzendaritzek erabakitzen dituzten lan eta enplegu baldintzak. Espainiako Estatuari egokitutako Europako lan-osasunaren araudiak hiru hamarkada daramatza hori argi eta garbi uzten: ‘Enpresaburuari dagokio bere langileen segurtasunaren eta osasunaren bermatzaile izatea’», gaineratu du.

LABen esanetan, legeak enpresariari ematen dio erantzukizuna eta, aldi berean, hori aurrera eramateko tresnak ematen dizkio. «Hala, enpresaburuak langileak zigortu ditzake segurtasun arauak betetzen ez badituzte; langileek, berriz, ez dute inolako tresnarik enpresaburuei lan baldintza seguruak berma diezazkieten eskatzeko. Azken batean, Espainiako Lan Ikuskaritza bat dute, bederatzi ikuskariz osatua, Nafarroan lan egiten duen 311.400 pertsonako biztanleria batendako; bistan denez, baliabide horiek oso urriak dira».

Nafarroako Gobernuaren ardura

LAB nabarmendu duenez, lan arloan Nafarroako Gobernuak «alderdikeriaz jokatzeari utzi behar dio, CEN, UGT eta CCOOren Gobernua izateari utzi behar dio. Diagnostiko eta eztabaida zintzorik gabe ezinezkoa da egoera aldatu eta hobetzea».

Eta, ohartarazi du, Elkarrizketa Sozialak ez duela balio. «Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Izan ere, nola kalkulatu du 2028. urterako istripu-tasa %20 murrizteko helburua? Zer diote azken bi urteetako ‘Prebentzioko Lurralde Ordezkaria’ programaren eraginkortasunari buruzko ebaluazio-txostenek?», galdetu du

«Enpresarien kanpainak proposatzen dituen neurri guztiek egungoaren antzeko agertokia sortzen jarraituko dute. Enpresariek araudia betetzen ez duten bitartean, eta Maria Chivite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bortz axola zaizkiela», amaitu du.