
Israel Palestinan gauzatzen ari den genozidioak ez du inor epel uzten. Gizartearen arlo guztietan, kirolean barne, egundoko burrunba, haserrea, atsekabea… eragiten ari da. Eskalatzaileek ere ez diote entzungor egiten Gazan eta Zisjordanian bizi duten egoera lazgarriari.
Climbers for Palestine taldeak, adibidez, urteak daramatza herrialde horren aldeko aldarriak egiten. Hain zuzen ere, nazioarteko eskalatzaileen kolektiboa Palestinaren giza eskubideekin erabat lotuta dago. Eta beste behin, talde honek argi utzi du ez dagoela prest besoak gurutzaturik egoteko eta hilaren amaierarako ekimen berri bat antolatu du.
Ez da lehen aldia egingo dutena eta ez dirudi azkena izango denik. Climbers for Palestinek eskalada maratoi baten izaera duen ekimena aurkeztu du. Munduko eskalatzaileei dei egin die maiatzaren 30etik ekainaren 27ra arte 768 kilometro elkarrekin eskala ditzaten. ‘Climb the Wall’ du izena abiatuko duten kanpainak. Maratoi horrekin, eskalatzaileen komunitatea kontzientziatu nahi du Palestina jasaten ari den egoera mingarriarekin. Bide batez, beste ekimen batzuk aurrera eramateko dirua bildu nahi dute.
Climbers for Palestine taldeak hainbat adar ditu mundu zabalean. Espainiar Estatukoak, adibidez, honako mezua helarazi du: «Ez dugu onartzen Israel Gazan eta Zisjordanian egiten ari den genozidioa. Jasotzen ari garen berrien aurrean, eskalatzaileen artean gune batzuk sortu nahi ditugu Palestina gehiago ezagutzeko, bakea eta justiziaren alde egiteko eta Gaza laguntzeko dirua bilduz. Hori guztia egin dezakegu eskalatzen dugun bitartean. Izugarria da Gazak bizi duen egoera; zerrendaren %80 dagoeneko Israelek suntsitu du. Horren ondorioz, edateko ura eta argindarra ez dute”.
Parte-hartzearen ardura
‘Climb the Wall’ ekimena globala da; mundu osoko eskalatzaileek parte har dezakete. Denera, 768 kilometro dira; hots, Israelek Palestinan altxatutako murruen luzera bera. Antolatzaileek diote hilabete bat iraungo duen ekimena era ezberdinetan egin daitekeela: «Norbera bere aldetik, kolektiboan, rokodromoetan deialdiak eginez… Iaz, maratoi bera egin genuen eta, denera, mundu osoko 25 herrialdetako 1.000 eskalatzaile inguruk bat egin eta 366 kilometro egin zituzten. Inoiz egin den eskalada maratoi kolektibo handiena izan da. Horretaz gain, Gazako giza larrialdirako 126.594 euro bildu genituen».
Horrekin batera, Climbers for Palestine taldeak aurreratu du jasotzen den dirua honako erakundeetara bideratuko dutela: Palestinian Red Crescent Society, Middle East Children´s Alliance eta Wadi Climbing Palestine elkarteetara.
Amaitzeko, hilaren amaieran hasiko den kanpainarekin bat egin eta kolaboratu nahi duenak epea zabalik du izena emateko. Aipatu dugun taldearekin jar daiteke harremanetan. Web gunea: www.climbersforpalestine. Instagram: @climbersforpalestine eta @climbersforpalestine.spain.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba



