Euskaraldian pauso berrien bila doaz herriak, loturak indartuz
Ahobizi eta belarriprestak trebatuz doaz egunez egun, erronka pertsonal eta kolektiboei erantzuten saiatuz, espero gabeko txapak ikustean ezuste politak hartuz eta, batzuetan mingaina trabatu arren, elkarrekin aitzina eginez.

Euskaraldiak bete du astea, eta azken txanpa baino ez zaio gelditzen. Laster etorriko dira lehendabiziko balantzeak eta gogoetak, baina okertzeko beldurrik gabe baieztatu daiteke elkar mugituz urratsak egiten ari direla herriz herri, norbanakoak ez ezik entitateak ere interpelatuz, izan komertzioak edo izan edozein zerbitzu publiko. Pasaiako eta Enkarterriko lanketak ekarri ditugu eredu gisa.
Pasaian euskararen egoera nahiko ezberdina da, lau barruti direlako: Donibane, Antxo, Trintxerpe eta San Pedro. Erabilera eta ezagutza ezberdina da kasuz kasu. Pasaia mailan antolatu dute Euskaraldia eta barruti bakoitzean horretarako batzorde bat egon da. Bokale euskararen aholku batzordea dute, eta, horrez gain, badaude herritarren batzordeak ere, Egoitz Albizu bertako Euskaraldiko dinamizatzaileak azaldu duenez.
Batzordeez harago
Edizio honetan, Euskaraldiak berrikuntza batzuk proposatu ditu, eta parte hartze ahalik handienarekin heltzen saiatu dira Pasaian. Berritasunetako bat mugimenduaren kontzeptua da, “Elkarrekin egingo dugu” leloari lotuta, nola sortu aktibazio bat herritarren artean, eta bertze bat Euskaraldia gaindituko lukeen Euskaraldia antolatzen saiatzea da. Horregatik ahalegindu dira pasaitarrak ez soilik batzordeak aktibatzen, baizik eta euskararen erabileran kezka minimo bat eta zeozer egiteko interesa zuten herritarrak ere bai. Prozesu bat abiatu dute Euskaraldia kontuan hartuz, baina begirada luzeagoarekin, zer premia dituzten identifikatzeko eta horiek betetzeko.
Albizuk kontatu duenez, hasieran kafe hartze batzuk, bakarkako elkarrizketa batzuk egin zituzten, harreman sare edo kate bat osatzeko asmoz, pixkanaka jendea biltzeko. «Bakoitza bere gaitasun eta aukeren arabera. Parte hartze malgu bat eskainiz baina ulertuz denok izan gaitezkeela aktibazio sare horren parte».
Urritik urtarrilera bitarte egin zuten lan hori. «Banaka jende batekin egon gara, baina talde solasaldi batzuk ere prestatu ditugu. Barruti bakoitzean egin ditugu pare bat solasaldi Euskaraldia baino lehen, paraleloan, Euskaraldia antolatzeko baino, euskararen erabileran urrats berriak nola egin hitz egiten hasteko».
Euskaraldia igarotakoan, ekainean, bertze solasaldi bat egitea aurreikusia dute barruti bakoitzean, aurrera begirako urratsez aritzeko. Euskaraldiaren ariketa bukatuko bada ere, eremu ezberdinetan edo arloka eman daitezkeen pauso berriak baloratzeko.
Partekatutako erronkak
Orain arte egin dituzten solasaldi horietan, orokorrean zenbait kezka partekatzen direla ikusi dute: ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka; gazteak erakartzea, baina baita helduak eredu izatea ere; eremuka, premia bereziak dauden zenbait gune identifikatu dituzte, aisialdian, kulturan, kirolean eta abar, eta zenbait arlo indartzeko beharra dagoela sumatzen dute.
Duela astebete, barruti guztietako plazetan txupinazoa botaz eta herri argazkia ateraz barneratu ziren Euskaraldian, eta igandera arte makina bat kultur ekintzaz gozatzeko aukera izaten ari dira. Gaur ‘Parketarrak’ egitasmoa izanen dute Trintxerpeko Gudari Plazan, 17.15ean; bihar mintzapotea San Pedroko Begihaundi tabernan, 20.30ean; larunbatean afaria eta “Bingoz bingo” Yogurinha Borova eta Aurori Badiolarekin, San Pedroko Sanpedrotarra elkartean, 21.00etan; eta igandean, Ana Goitiaren “Katana” bakarrizketa Antxoko Kultur Etxean, 19.00etan.
Aurtengo Euskaraldirako jarritako helburuez galdetuta, «aurreprestaketa guztian saiatu gara ariketa kalitatez egiteko baldintzak sortzen», erantzun du dinamizatzaileak. Hau da, «saioak antolatu ditugu izena eman duten entitateekin: gazteekin dabiltzan aisialdi taldeak, ikastetxeak, enpresak, elkarteak... Prestakuntzak egin ditugu erabilerari begira, jarrera eta gogoeta batzuk partekatzeko eta ohitura aldaketak eragiteko», agertu du
Izen emateei dagokienez, aurreko edizioaren antzeko parte hartzea izan da. Ahobizi eta belarriprest rolekin edizio guztietan gertatu zaie pedagogia lana egin beharra. «Rolak zertan diren azaltzeko beharra egoten da, askotan ulertzen delako ahobizi dela euskaraz dakiena eta belarriprest euskaraz ikasten ari dena. Horri buelta eman eta gehiago jarri nahi dugu azpimarra jarreran eta erronketan. Hala ere, ahobizi bizi gehiago egoten dira orokorrean belarriprestak baino, agian egoera soziolinguistikoak aurkako parte hartzea eskatuko lukeen arren», adierazi du Albizuk.
Enkarterri, herriak saretzen
Gari Morgado Enkarterriko Euskaraldiaren dinamizatzaileak eman digu Bizkaiko mendebaldeko eskualde honen berri: «Nahiko zabala da eta giroa herri bakoitzak bere aldetik antolatzen du, urtean eta Euskaraldian ere bai. Euskararen egoera ere herrian herrikoa da, baina oro har nahiko baxua, beste leku batzuekin konparatuta, nahiz eta jakintza maila gora doan eskolari esker. Soziolinguistika Klusterraren azken neurketaren arabera, erabilera orokorra %2koa zen».
Erantsi duenez, erabilera hori nahiko militantea da, eta jende hori herriz herri mugitzen da euskara kontuetan. Bada nolabaiteko sare bat, baina ez da handia.
11 herri daude Enkarterriko Mankomunitatean. Burgosekin eta Kantabriarekin muga egiten dute geografikoki. Ingurune ezberdinak daude, bi bailara daude Kantabriarekin mugan eta bada Karrantzako harana ere. Hedadura zabala izanik, batzuetan zaila da guztiz kohesionatuta egotea; Sodupetik Karrantzara 45 minutu daude kotxez. Bilboren eragina ere badute. Hurbil dagoenez, askok jotzen du hara.
Balmasedak muga egiten du Burgosekin errepidez nahiz geografikoki, baina bertan bada euskaldunen mugimendu bat, nahiko sendoa. Horrek badu eragina Euskaraldian. Lekuan leku urte osoan euskararen edo kulturaren inguruan mugitzen diren taldeak izan direlako Euskaraldia antolatzeko motorra. Sortu dira propio Euskaraldiko batzordeak ere. Herri batzuetan herritarrenak izan dira; bertzeetan, elkarte eta entitateenak. Gordexolan herritarrak inplikatu dira gehiago, saskibaloi taldea eta Athleticen peña; Balmasedan, aldiz, entitateak, futbol taldea, herriko taberna eta txistulari taldea.
Lotsak eta ohiturak irauli
Mankomunitate mailan jarri dituzten helburuak bat datoz Euskaraldiak orokorrean defendatzen dituenekin: euskararen erabilera suspertzeko bat egitea, bizi esparru gehienetan, batez ere aisialdian. «Hemen, beharbada, nahiz eta jakintza maila altua izan, batez ere gazteen artean, lotsagatik edo ohituragatik ez da egiten, eta hori iraultzea da xedea. Eskualdeko batzorde bat ere sortu genuen, Mankomunitateko euskara teknikariarekin batera, eskualde mailako nortasun hori gogoan izan dezagun eta herriek bata bestearen berri izan dezagun», adierazi du dinamizatzaileak.
«Galderak eta arazoak amankomunean jarri dituztenean, herri batek besteari azaldu dio nola egin duen. Hori lagungarria da bai distantzian eta bai harremanetan hain urrun dauden herrien arteko sareak sustatzeko. Euskaraldia aitzakia bat da euskaldunen arteko sareak indartzeko», gaineratu du.
Ahobiziei eta belarriprestei erreparatuz, jendearen autokontzeptuak edo konfiantza mailak eragiten duela dio Morgadok. «Belarriprest gutxi dago, jakintza mailari erreparatuz gehiago espero izaten ahal genituen arren. Prestigio gutxiago duen rola dela interpretatzen du jendeak, maila baxuagoko hiztunekin lotzen du».
Euskararen militanteak, aktibo
Euskaraldiaren aitzinetik Gordexolakoek programa misto bat egin zuten, dagoeneko antolatuta zeuden ekintzetan Euskaraldia txertatuz. Adibidez, mendi martxa bat bazegoen euskararen erabilera sustatzen, eta Euskaraldiari buruz hitz egiten saiatzen ziren. Propio antolatu zuten orientazio proba bat ere, euskara sustatzeko, batez ere gazteen artean. Gueñesen eta Zallan, berriz, mahai informatiboak jarri zituzten, Euskaraldiari ikusgarritasuna emanez.
Euskaraldiko egunetan, programa sendoena duena Alonsotegi da. Propio prestatu ditu hainbat ekintza. Gaur, 17.30ean, “Hitz egin dezagun genero identitateaz” hitzaldia izanen da liburutegi zaharrean, eta baita garagardo kata ere kulturgunean, 19.30ean. Biharko umeentzat herri kirolak (San Antolin plazan, 18.00etan) eta trikipoteoa (San Antolin plazatik, 19.30ean) prestatuta daude. Asteburua Kiteria Deunako mendi igoerarekin hasiko dute (9.30ean abiatuko da ibilbide luzea eta 11.00etan laburra, San Antolin plazatik). Eguerdian paella txapelketa eginen dute, trikitiarekin girotua, eta txikientzat jolasak ere izanen dira. Iganderako, azkenik, Auzolan Eguna antolatu dute. Kadagua ibaia garbituko dute 9.30ean, zubi zaharraren ondoan hasita.
Euskaraldia bukatutakoan, Gari Morgadok ez du uste eskualde mailan talde kohesionatu bat mantentzea lortuko denik, «herri bakoitzeko jendeak bere giroa sortzen duelako eta urtean bertako ekintzetara mugatzen direlako». «Aurten parte hartu duen jendea aurrekoetan parte hartu duena izan da eta hurrengoetan ere animatuko litzatekeena. Ez nuke esango euskara elkarte edo mugimendu sendorik sortuko denik, baina bagaude herritarrak euskararekin herriz herri mugitzen garenak eta aktibo gaudenak», erran du.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
