Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Urdaibaiko entzute prozesuan, Guggenheimen proiektua aho gehienetan

Egin diren elkarrizketetan horretaz zuzenean galdetu ez zaien arren, Guggenheimen proiektua izan da gehiengoak aipatu duen gaietako bat Agirre Lehendakaria Centerrek eta AC4-Columbia Universityk Busturialdean egiten ari diren entzute prozesuan. Goiz da ondorioak ateratzeko. Lehenak, uztailean.

Gorka Espiazu, Gernikan egin den aurkezpenean.
Gorka Espiazu, Gernikan egin den aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Gernikako Elkartegian ostiral goizean antolatutako lan-gosarian, Agirre Lehendakaria Centerrek eman ditu ezagutzera Busturialdea-Urdaibai eskualdean egiten ari den entzute-prozesuaren alderdi teknikoak eta metodologikoak. Gorka Espiazuk (Agirre lehendakari centerreko zuzendaria), Itziar Morenok (ko-zuzendariak) eta Julen Larrañagak (proiektu koordinatzailea) azaldu dituzte prozesuaren ikuspegi kualitatiboa, egitura, erabilitako tresnak eta aurreikusitako hurrengo urratsak. 

Ostiral honetatik aurrera, beraien web atarian, guztien esku egongo dira ‘elur-bola’ metodologiarekin sortutako lehen 150 adibideak kontsulta daitezke. Horretarako ALCk Ktool garatu dute, tokiko ekimenen ekosistema ikusteko, jasotako narratibak aztertzeko –testigantzei narratiba deitzen diete– eta analisiaren bilakaera denbora errealean jarraitzeko aukera ematen duen tresna digitala.

Orain arte 250 narratiba baino gehiago bildu dituzte –abuztuaren amaieran 500 izatera iristeko–, eta transkribatu, anonimizatu eta aztertu egin dira, pertzepzio-eredu partekatuak identifikatzeko. Bukatzen dutenerako, 1.000 narratibetara iristea espero dute. Horietatik %10 eskualdetik kanpo bizi diren pertsonekin egingo dira.

Egiten ari den lan ia etnografikoa gizarteratzeko xedea du ariketa honek, baina, era berean, «informazioa estrapolatzeko eta deskontestualizatzeko» arriskua dago, Gorka Espiasuk aitortu duenez. Horren adibide, orain gutxi Elixabete Etxanobek egindako adierazpenek sortu zuten polemika. 

Espiazuk ohartarazi duenez, uztailera arte ez dira jakitera emango lehen azterketen emaitzak; beraz, konparaketa hau egin du: «Orain ditugun datu horiek lagin adierazgarri gisa hartzea, lehen hauteskunde-mahaietako emaitzak hauteskunde-gau baten amaierara estrapolatzea bezala izango litzateke. Baina entzute-prozesu horren ñabardurak ulertzea lortuko bagenu, horrek lagun diezaguke, gizarte gisa, horrelako eztabaidei beste modu batera nola heldu ikasten».

Eta zer da, zehazki, entzute prozesu bat? Ez da parte hartze prozesu bat  –erabakiorra–, ezta inkesta bat –datu kuantifikagarriak biltzen dituena–, baizik eta entzute prozesu bat, non «dauden ekimenak mapeatuko dira, eta jasotako proposamenak txostenetan aurkeztuko dira. Erakundeek baloratu ahal izango dituzte, baina ez dugu proposamen zehatzik aurkeztuko», argitu dute.

Elur-bola

Prozesuan parte hartzen dutenek elur-bola sistemarekin identifikatu dituzte. Talde txiki batetik hasten doan komunitatea da: Alkatetik hasita –sentsibilitate eta alderdi desberdinekoak dira Busturialdean–, partaide bakoitzari 10 izen eskatu zaizkie.

Hortik pasa dira museoaren proiektuaren aldekoak eta kontrakoak –Guggenheim Urdaibai Stop!ek parte hartzera deitu du–, baita ere «esaten dudana ez duela ezertarako balio» uste dutenak. 90 minututako elkarrizketetan, galdera irekiak egin zaizkie, beren ustez garrantzitsuenak diren gaiei buruz askatasunez hitz egiteko aukera emanez. Galdera generikoak izan dira, Guggenheimeko museoaren proiektuari buruzko galdera zuzenik egin gabe. 

Haien testigantzekin profil etnografikoak sortu dituzte, baina horiek ez dute pertsona errealak edo talde zehatzak adierazten, baizik eta pertsona desberdinek partekatzen dituzten narratiba patroiak. Eta, lehen fase honetan, zentzuk izan dira gehien errepikatu diren gaiak? «Guggenheim Bilbao Museoaren handitzea, eskualdeko trantsizio sozioekologikoa, turismo eredua eta etxebizitza- eta garraio arazoak», argitu dutenez.

«Aniztasun handia dago, baina Guggenheim eztabaiaren erdian dago ia narratiba guztietan», gehitu du zuzendariak. Lehen fase honetan beraien jarrera markatuak dituztenak daude, noski, baina e‘ezkutuan’ dagoen ahots horiek azalaratu nahi dituzte. Beste kezka interesgarri bat mahairatu dute askok: «Biosferaren Erreserbaren babesa garapen sozioekonomikoarekin nola uztartu, ea hori nola egiten den». Baina, era berean, jasangarritasunaren defentsa barneratuta dagoela dirudi eskualdean, jasotako iritzien arabera.

Narratiba hauek kontraste-espazioetan aztertzen hasiko dira datozen asteetatik aurrera. Saio hauetan mapeo honetan parte hartuko dutenek 10 pertsonen taldeetan bilduko dira, eskualdeko eragile giltzarriek eta euskal erakundeekin batera, hausnarketa prozesu bati ekiteko.

Halere, agian hortik aterako den gizartearen ‘erretratuari’ ezin izango diote entzungor egin erakundeek?