
Donald Trumpen Gobernuak Harvardeko unibertsitatean ikasle atzerritarrak matrikulatzea debekatu eta biharamunean, epaile batek behin-behinean bertan behera utzi du agindua. Bostongo unibertsitate ospetsuak helegitea jarri zuen, administrazioak ikastegi horretarako ikasle bisak eteten zituela jakinarazi eta biharamunean.
Berriz ere Trumpen administrazioak bere esanetara makurtzen ez diren erakundeekin daukan mendekuzko jarrera agerian utzi du. Estatu Batuetan ikasteko atzerritarrek behar duten bisa egiteko aukera kendu zion ostegunean Harvardeko unibertsitateari, baita gaur egun bertan dauden ikasleentzat ere. Berreskuratzeko, 72 orduko epea eman zion Etxe Zuriaren gurariak betetzeko.
Palestinarekiko elkartasun protestetan antisemitismoa egon zela argudiatzen du Trumpen gobernuak, eta unibertsitateek horren aurka behar beste ez egitea egozten die. Era berean, DEI dibertsitatea eta inklusioa ahalbidetzeko neurrien aurka egitea ere agintzen die Etxe Zuriak. Aurretik Harvardi finantzazio federala eten dio Washingtonek, baina dohaintza bidez ez zaio sosik falta Ivy Ligako unibertsitateari.
Horretarako, nazioarteko matrikulak diru sarrera garrantzitsua dira Harvardentzat.
Ikasturte honetan 6.800 ikasle atzerritar ditu, ikasle guztien ehuneko 27 dira. «Boligrafo kolpe batez Gobernuak Harvardeko ikasleen corpusaren laurdena ezabatu nahi du; unibertsitateari eta bere misioari ekarpen nabarmena egiten dioten nazioarteko ikasleak dira», adierazi du Harvardek. «Legez kanpoko ekintza hau salatzen dugu», esan zuen Alan Garber errektoreak gutun batean. Bisak kentzea beste urrats bat zela zioen, «uko egiten diogulako gure independentzia akademikoa uzteari, eta Gobernu federalak curriculumaren, irakasleen eta ikasleen gaineko kontrola legez kanpo eskuratzeari».
Etxe Zuriko bigarren prentsa bozeramaileak unibertsitatearen aurka jo zuen: «Harvard honi buruz bezainbat kezkatu balitz bere campuseko terroristen aldeko bazter-nahasle anti-estatubatuar eta antisemitez, ez lirateke egoera honetan egongo». Bostongo unibertsitate ospetsuak atzo bertan salaketa jarri zuen Estatu Batuetako gobernuaren aurka, eta Allison Burroughs epaileak berehala agindua eman zuen ebazpena bertan behera uzteko behin-behinean.
Columbian istiluak
Harvarden aurretik, Columbiako unibertsitatea izan zen Trumpen oldarraldiaren begi-puntuan. Azkenean, Etxe Zuriaren eskaerei men egin zien, eta hala ere Gobernuak estu hartu du unibertsitatea. Gainera, joan den martxoaren 8an Mahmoud Khalil, iazko protestetako buruetako bat atxilotu zuen immigrazio poliziak, eta Louisianako emigratzaileen atxilotze gunean dago. Deliturik egotzi ez dioten arren eta AEBn bizitzeko baimena izan arren, deportatzeko asmoa dauka Gobernuak. Bitartean, haren emaztea bien haurraz erditu da. Khalilek asteon ikusi du haurra lehenengoz.
Asteon, graduazio ekitaldian txistu egin zioten Claire Shipman errektoreari, eta Khalilen askatasunaren alde oihu egin zuten. Kanpoaldean, “Palestina askatu” eta “genozidioa egiten ari zarete” oihuak ere entzun ziren. Ikasleetako batzuek diplomak erre zituzten zeremoniaren amaieran, eta Poliziak manifestarietako bat atxilotu zuen.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
