Eguraldia lagun, Ibilaldiak jaia zabaldu du Galdakaoko kaleetan

Eguraldia lagun ekin diote Bizkaiko Ikastolen jaiari Galdakaon. Eguzkibegi Ikastolak antolatu du 47. Ibilaldia eta Pepeto basoan egin dute irekiera ekitaldia. Bertatik iragarri dute Bilbora joango dela 2026ko Ibilaldia, Kirikiño Ikastolaren eskutik.

Askotariko egitaraua prestatu dute Galdakaoko Ibilaldian.
Askotariko egitaraua prestatu dute Galdakaoko Ibilaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Goiz eguzkitsuak lagundu du Ibilaldiak sortutako giroa zabaltzen Galdakaon. Antolatutako hiru gunetan –laugarren bat egon zen atzo arratsaldean– adin guztietako lagunak ari dira jarduera ezberdinetan parte hartzen. Gaztetxoentzako antolatutako erronketatik hasita musika emanaldietaraino, aukera sorta zabala dago euskararen aldeko jai ezagunean murgiltzeko.

Eguzkibegi Ikastolako komunitatearen magalean sortua, Bizkaiko Ikastolen jaiak Galdakaoko bazter guztietara eraman du ‘Magaletik herrire, euskera erdire!’ leloa, 47. Ibilaldia ospatzeko. Lau kilometro inguruko ibilaldia, zati aldapatsu bat barne, eta hiru gune daude Bizkaiko herri ezberdinetatik etorritako bisitariei harrera egiten.

Ohiko ekitaldia egin dute goizean Eguzkibegi Ikastolan, baina ez ikastetxean bertan, baizik eta Pepeto basoan, ikastetxeak egunerokoan txertatuta duen paraje naturalean.

Bertan izan dira Ikastolen Elkarteko ordezkariak, baita Begoña Pedrosa Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ere. Udal agintariek, alderdi eta sindikatuetako ordezkariek eta EHUko arduradunek ere hartu dute parte ekitaldian.

Eguzkibegi ikastola egia bilakatu zuten ‘ameslari’ haien ahalegina nabarmendu dute, eta auzolanean eta gertutasunean oinarritzen jarraitzen duen eredua azpimarratu dute. Auzolana ardatz izan duen Ikastolaren sorrera gogoratu dute, hasierako urte haietan ikastolako guraso eta ikasle izan zirenei hitza emanez. Esan dutenez, gurasoen inplikazioa ezagutu dute, ikastola euskararentzat izan den arnasgune eta beste hainbat balore. 35 ume eta 2 irakasle izan ziren Eguzkibegi Ikastolaren hasierako ikasturte haietan, gaur 600 ikasle ditu.

Ibilaldiaren antolakuntzan egongo den lekuko aldaketaren berri emanez itxi dute ekitaldia. Bilbora joango da Ibilaldia 2026an, maiatzaren 31n izango da, Kirikiño Ikastolaren esku.

«Amets kolektibo baten emaitza»

«Auzolanean eta arduraz» Ibilaldia amets kolektibo baten emaitza dela azaldu du Josu Telleria Ibilaldia Elkarteko presidenteak. Euskarak bizi duen oldarraldi judizialari erreferentzia eginez, abenduaren 27an Ikastolak Bilbon egongo direla aipatu du.

Laster ikastolek hainbat proposamen berri aurkeztuko dituztela aurreratu du, «euskal curriculuma berriztu eta garatzeko, eremu pedagogikoan, burujabetza eta lurraldetasuna zein aniztasuna lantzeko».

«Noiz edo noiz euskal hezkuntza sistema bakarra egongo bada, denon artean egindako izan beharko da, euskaran eta euskal kulturan oinarritutakoa izan beharko da eta komunitate osoaren benetako parte hartzearekin», adierazi du Telleriak.

Ikastolek sistema propio horretan izan behar duten parte hartzea eta ahotsa azpimarratu ditu, defendatzen dituzten balioak eta espiritua azpimarratuz. 

Berrikuntzaren beharra

Begoña Pedrosa Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua izan da hitza hartu duen agintarietako bat. Azken hamarkadetan euskalduntzean hezkuntzak egin duen ekarpenean jarri du azpimarra. D ereduko murgiltze eredua aipatu du bereziki, eta berrikuntzan jarri du fokua euskal hezkuntza dituen erronken artean.

Hizkuntzak –esan duenez– funtsezko tresnak ere badira bizikidetzarako, eta euskararen kasuan inklusiorako eta kohesiorako elementu gisa duen garrantzia azpimarratu du.

Ikasleen errealitatera begira, gogoratu du gero eta gehiago direla hizkuntza bat baino gehiago duten ikasleak. «Etorri berrien eskolatzearen eta euskalduntzearen erronka daukagu aurrez aurre», esan du Pedrosak, eta gaineratu du haien «harrera eta haien ikaskuntza prozesuan arreta jartzeak» eraman duela «orain arte egiteko moduak birpentsatzera, baina lan handia daukagu aurretik, euskara eta euskal kultura erdigunean jarriz eta transmisioari leku berezitua emanez».

Gero eta anitzagoa den euskal komunitatean «arrazoi bateratzaileen» beharra aldarrikatu du Hezkuntza sailburuak.