
Gernikan izango da Euskal Selekzioaren debuta pilotaren arloan. Astelehen honetan aurkeztu da ekainaren 1etik 6ra Euskal Herriko frontoirik esanguratsuenetarikoan jokatuko den Jai Alai Basque Pilota Nations League nazioarteko txapelketa.
Bilboko Bizkaia Frontoian izan den aurkezpenean erakunde sustatzaile nagusiek parte hartu dute: Ibone Bengoetxea, Lakuako Gobernuko lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; Xavier Cazaubon, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko (FIPV) presidentea; eta Joxe Mari Mitxelena, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko (EEPF) presidentea.
Bai erakundeetako ordezkariek, bai kiroletakoek, hitzordu honen izaera «historikoa» azpimarratu dute. «Hunkigarria da. Herri baten nahia, desioa eta ametsa egia bihurtuko dira. Lortu dena ez da makala», nabarmendu du Mitxelenak nazioarteko federazioari eta Euskadiko Federazioak Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioan parte hartzearen alde bozkatu duten herrialde guztiei eskerrak eman ondoren.
«Orain mundu osoari erakuts diezaiokegu txapelketa on bat antolatzeko eta bertan ondo parte hartzeko gai garela», gehitu du.
Cazaubon ere pozik agertu da Euskal Selekzioaren parte-hartzearekin. «Urte hauetan ez dakit Euskadik Nazioarteko Federazioa behar izan duen, baina Federazioak Euskadi behar izan du», adierazi du.
Txapelketa
Emakumezkoen kasuan lau selekzio izango dira txapelketan: Euskadi, Espainia, Frantzia eta Mexiko. Danek denen aurka jokatu dute, eta bi hoberenak sailkatuko dira finalera. Euskadiko eta Espainiako emakumezkoen selekzioak ekainaren 4an lehiatuko dira.
Gizonezkoetan sei herrialde izango dira: Euskadi, Espainia, Frantzia, Mexiko, Estatu Batuak eta Filipinak. Hauek bi multzotan sailkatuko dira. Ligillaren ondoren, A taldeko lehenengoak B taldearen bigarrenaren aurka eta B taldeko lehenengoak A taldeko bigarrenaren aurka jokatuko dute finalaurrekoa, eta irabazleen artean finala ekainaren 6an izango da.
Partidak hamabosteko bi setera izango dira, eta berdinketa baldin badago, hamar puntuko hirugarren set batean desegingo da berdinketa.
Euskal taldea honako hauek osatuko dute: Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Eñaut Urreisti, Unai Lekerikabeaskoa, Elaia Gojenola, Helena Barrenetxea, Maia Goikoetxea eta Maialen Aldazabalek.
Espainiar federazioak ez du txapelketaren ofizialtasuna onartzen
Espainiako Pilota Federazioak (FEPelota) astelehen honetan baieztatu duenez, Espainiako selekzioak I. Nazioen Ligan parte hartuko du, baina ez du txapelketaren ofizialtasuna onartzen.
«FEPelotak berretsi du Nazioen Liga ez dela lehiaketa ofiziala, Kirolaren Legearen arabera, eta Espainia ordezkatu nahi duten kirolarien eskubideak eta interesak babesteko soilik parte hartzen duela», adierazi du ohar batean.
Argitu duenez, Kirol Kontseilu Gorenak (CSD) idatziz baieztatu du ez duela txapelketa hori egiteko baimen-eskaerarik jaso, eta, Kirolaren Legearen 81. artikuluaren arabera, Espainiako kirol-federazioek eskatuta izapidetu beharko litzatekeela.

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»

Repulsa multitudinaria tras la agresión sexual del viernes en sanfermines

Llueve sobre mojado en Rioja Alavesa: «Hay gran desolación y desánimo entre los viticultores»
