Euskal Herriko Surf Federazioa: Ofizialtasunaren alde edo kontra?
Apirilaren 10ean izendatu zen Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakari berria, Irune Agirre. Esku artean dituen gaietako bat Euskal Selekzioaren ofizialtasunarena da, baina ez dirudi EHSFko zuzendaritza berriak gai horri heltzeko asmo handirik duenik.

Basque Team akademiak Getxon duen egoitzan egin zen EHSFko zuzendaritza berria hautatzeko bozketa. Bi zerrenda aurkeztu ziren, bata Jon Larraza buru zuena, Euskal Herriko Selekzioaren ofizialtasuna bultzatzeko xedez osatua, eta bestea Irune Agirre buru zuena, itxura guztien arabera, orain artekoari jarraipena emateko sortua, zerrenda kideen eta babesleen artean, azken urteetako EHSFko langile eta kideak aurkitzen baitira.
Larrazaren zerrendak elkarte asanbleario gehienen babesa jaso zuen, aurrez elkarte haietako askorekin bilkura irekiak egin baitzituen programa azaltzeko. Agirrek, ostera, gehienbat, ofizialtasunaren gaiari iskin egin nahi dioten enpresa edo elkarte ez asanblearioen babesa jaso zuen. Larrazaren hautagaitzak 8 bozka jaso zituen, eta Agirrerenak 10 bozka. Hortaz, Irune Agirre bizkaitarra da Euskal Herriko Surf Federazioko lehendakari berria.
Elkarte asanblearioak irabazi asmorik gabeko elkarteak dira, eta bertan, edozein bazkidek elkartearen erabakietan parte har dezake. Ez asanblearioak, ostera, surf eskolak, dendak eta antzekoak dira, finean, diru publikoa jaso ahal izateko elkarte bat osatzen duten enpresak.
EHSFko bozketan parte hartzeko, elkarteek gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte; horietako bat da elkarteak gutxienez 20 bazkide izatea. Adibidez, Zarautzen, EHSFko hauteskundeetan parte hartu ahal izan zuten hiru elkarte daude: batetik, Zarauzko Surf Elkartea, 630 bazkide ingururekin, eta bestetik, Shelter Surf Bar eta Pukas, askoz ere bazkide gutxiagorekin, baina bozka emateko eskubidearekin.
Gauzak honela, Irune Agirrek hartu du azken urteetan Ivan Zalduak bete duen lehendakari postua. Orain, galdera da: zer egingo du EHSFk ofizialtasunaren gaiarekin?
Erantzunik ez
Azken urteetan EHSFk ez du ezer egin ofizialtasuna bultzatzeko, eta informazioa eskatu zaionean ere ez du erantzunik eman. Horren adibide garbia da Euskal Herria Kirolak 2024ko maiatzean argitaratu zuen gutun irekia, non Zalduaren dimisioa eskatzen zuen, ofizialtasunaren inguruan pausorik eman nahi ez zuelako, eta ezta informaziorik eskaini ere.
EHK elkartearen idatziak salatzen zuen Espainiako Kirol Lege berria indarrean sartu eta urtebete baino gehiago igaro zenean, EHSF oraindik ez zegoela Nazioarteko Federazioan (ISA) integratuta. Gogoratzen zuen, baita ere, 2018ko azaroan Nazioarteko Federazioan integratzeko eskaera ofiziala egin zela, eta gainera, Espainiako Kirol Lege berriak aukera ematen duela surfaren ofizialtasuna lortzeko; pilotarekin batera, aukera hori ireki zaion kirol bakarra baita.
«Oraindik ez dakigu ofizialtasunaren eskaera horren egoera zertan den», salatu zuen EHK elkarteak, eta jakinarazi zuenez, «hainbat bidetatik» informazioa lortzen saiatu arren, ez zuten deus lortu. EHSFko lehendakariak eman zien azalpen bakarra honakoa izan zen: «Ez duela ofizialtasunari buruzko inolako azalpenik emango».
NAIZek jakin ahal izan duenez, EHK Irune Agirrerekin kontaktuan jarri da ofizialtasunaren inguruan zerbait egiteko asmorik duen galdetzeko, baina EHSFk oraingoz ez duela adierazpenik egingo erantzun du. Gauza bera erantzun diote artikulu hau sinatzen duenari, lehendakari berriari elkarrizketa bat egiteko asmoz haiekin harremanetan jarri ostean.
Bestalde, EHSFko hauteskundeak galdu zituen Jon Larrazaren taldea ere Irune Agirrerekin kontaktuan jartzen saiatu da, baina ez du lortu. NAIZi azaldu diotenez, lehendakari berriarekin harremanetan jarri nahi dute, «gauza askotan ikuspegi bera dugulako eta elkarrekin lan egin dezakegulako», baina Agirrek «inoiz ez die erantzuten deiei eta mezuei».
Hauteskundeak irabazi dituen zerrendak ez zuen elkarteetara joan beharrik izan programa aurkeztu eta haien bozkak irabazteko; hau da, ez zuen programa edo plangintza sendo bat osatu beharrik izan. Beraz, aurrera begira zer eta nola egin behar duten orain erabaki beharko dute. Edonola ere, denbora aurrera doa, eta munduan zehar lehiatu ahal izango den Euskal Herriko Surf Selekzioa osatu eta ofizial bilakatzeko aukera historikoa pixkanaka usteltzen ari da.
Kronologia laburra
Puntu honetan, komeni da Euskal Herriko Surf Federazioaren eta selekzioaren ibilbidea zein izan den oroitaraztea. EHSF 1991n sortu zen, eta Europa mailako txapelketetan Euskal Herriko Surf Selekzioak parte hartu ahal izan zuen, 1999. urtean, Espainiako surf federazioa sortu eta trabak jartzen hasi zen arte. Horrela, 2001. urtean euskal selekzioari Capbretonen egin zen Europako txapelketan parte hartzea galarazi zioten.
Hortik aurrera, surflariak pixkanaka espainiar selekzioan txertatzen joan ziren eta Euskal Selekzioa desagertu egin zen.
Eusko Jaurlaritza izan zen gaia berriz ere mahai gainera ekarri zuena. 2017ko maiatzean, lehen aldiz, EAJ, EH Bildu eta PSEk bat egin baitzuten Euskal Herriko Selekzioek txapelketa ofizialetan parte hartzeko duten eskubidea babesteko.
Egun batzuk geroago, euskal surflariek elkarretaratzea egin zuten Biarritzen, bertan egiten ari ziren munduko herrialdeen arteko txapelketan euskaldunek ere parte hartzeko eskubidea zutela aldarrikatzeko. Egun hartan, ISA erakundearekin harremanetan jarri ziren, eta ondorioz, 2018ko azaroaren 12an, EHSFko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat ISAk Kalifornian duen egoitzan bildu ziren.
Euskal Herriko Surf Selekzioaren ofizialtasunari bidea erraz ziezaiokeen albistea, ordea, Madrildik iritsi zen: 2022ko urrian Espainiar Kongresuak batzordean onarturiko Kirolaren Lege berriak euskal pilota eta surf federazioari nazioartean ofizialki lehiatzeko bidea ireki baitzien.
EHSFko lehendakari ohia, Ivan Zaldua, ez zen Biarritzen izan ofizialtasuna aldarrikatzen, ezta La Jollan ere, ISArekin egin zen bilkuran, eta EHK elkartearekin ere ez zuen lan egin nahi izan. Orain lehendakari berria hautatu da, euskalduna da, teorian behintzat ofizialtasunaren aldekoa, zer egingo duen ikustea falta da.

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Periodismo en tiempos de maraña golpista

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?

Sueños de esperanza a la americana
