«Ingurukoek askotan esaten didate egoskor samarra naizela, baina kirolerako alderdi ona badu»
Iñaki Artola (Alegia, 1994) bere unerik berezienak bizitzen ari da. Finalerdiko partidaren bezperan aita izan zen, eta orain, Altuna III.aren aurkako finalaren atarian, txapela nori eskaini argi du. 2021ean lesio batek txapela borrokatzetik kanpo utzi zueneko arantza guztiz kentzea du helburu.

«Ingurukoek askotan esaten didate egoskor samarra naizela, baina kirolerako alderdi ona badu»

Hemen da Iñaki Artola berriro ere, final handi batean, Binakakoan txapeldunorde izan eta gero. 11 urte egingo ditu laster esku pilota profesionalean eta azken honetan jokatu ditu bere ibilbideko bi finalak. Egindako lanaren eta ez amore ematearen seinale. Beti ere, 2021eko final hori gogoan izanda. Lesio batengatik uko egin behar izan zion Altuna III.aren aurkako partida horri. Baina bizitzak, kirolak eta pilotak beste aukera bat eman nahi izan diote txapelketa, aurkari eta eszenatoki berean arantza kendu ahal izateko.
Balizko final batekin amestuz, zure eskuetatik paper batean idazten hasita nolakoa behar zuen adierazi zenigun azken elkarrizketan. Horixe izango dugu: finalean zu eta finalean bizilaguna.
Bai, halaxe da. Ikaragarria, ezta? Sinistu ezinik nago, dena juntatu delako. Finalera iristea, hori da nik nahi nuena, beti nahi izaten duguna kirolari guztiok, baina Buruz Burukoak ilusio berezia egiten du eta, gainera, aurkari beraren kontra eta pilotaleku berean. Txistea ez dut esango, baina bai zeozer xelebreagoa gertatu balitz bezala eta guztiz gogo beteta.
Finalerdietako partida amaitu ostean aipatu zenuen, gainera, nork esango lizukeela duela lau urte lesioaren ondorioz jokatu ezinda geratu zen final hura beste behin bizitzeko aukera izango zenuela, txapelketa bera, aurkari bera eta eszenatoki bera. Nolakoa den bizitza.
Bai, nolakoa den bizitza. Horixe da esaldia. Orduan broman esan nuen eta, egia esan, pixka bat sentitzen nuen berriz gertu banenbilen edo iristen banintzen, Jokin ere urruti ez zela izango, eta hala gertatu da.
Finalerako txartela poltsikoan eta aitatasuna ere etorri zaizu dagoeneko. Emozioz beteriko asteak azken hauek. Kasu honetan, noski, denak positiboak.
Bai, bai. Egun hauetan asko ari naiz errepikatzen gauza guztiek dutela bere arriskua edo kudeatu beharra, eta kasu honetan ere ospitaletik pozez gainezka, ia non zauden ez dakizula... Ez dakit jarrera egokiena den pilotarako, baina konparatuz jarriz gero, bestelakoak gertatzen dira; duela gutxi, adibidez, Josebak [Ezkurdia] nola ibili behar izan zuen aitaren gaixotasunarekin. Ederki gogoratzen dut, gertukoa dudalako, Erikek [Jaka] nola ibili behar izan zuen berak Buruz Buruko finala jokatu zuen garai hartan, eta aukeran honelako poza kudeatu beharra askoz ere errazagoa da eta askoz hobea bizitza honetan gertatuko diren beste gauza batzuk baino.
Peioren aurkako partida uste baino errazago irabazi zenuen baina, nahiz eta azkenean 12an utzi Larrazabal, esango nuke emaitzak ez duela jokoan ikusitako gogortasun hori islatzen, batez ere partida hasierak izan zuen exijentziagatik; gogorra eta fisikoa izan zen.
Bai, egin duzun irakurketarekin guztiz ados nago. Bukaeran, bai pilotakada kopuruz, markagailuz, hutsegite kopuruz... hautsi egin zen partida. Baina hasieran garbi ikusi zen edozein aldetara eror zitekeela. Partidako meritu handiena hasierako Larrazabali ematen diot, eutsi izanagatik. Partida nahiko zail jarri zitzaidan, bai markagailuz, bai jokoz, ikaragarri jokatzen ari zelako. Kanpotik, beti asmatutako tantoekin edo ez asmatutakoekin gehiago geratzen da jendea, baina pilotaren abiadura eta erritmoa barruan sentitzen da eta Ikerrek ikaragarria sartzen du, zartakoak ematen ditu. Beste egun batean justuago harrapatu izan banindu, gainetik pasatzeko moduko jokoa erakutsi zuen hasieran.
«Orain arteko Buruz Buruko Txapelketan aurkariak gogorrak izan dira eta badirudi gogorrena finalean bertan egongo dela»
Nola sentitu zinen?
Ni ez nintzen hain gaizki sentitu. Egia da batzuetan gehiago asmatzen duzula eta beste batzuetan gutxiago; %100eko partidak gutxitan ateratzen zaizkizu, baina gaizki ez nintzen sentitzen. Gehiago sentitzen nuen berak ikaragarrizko abiadura ematen ziola pilotari eta, azkenean, erritmo handia denean eta abiadura hainbestekoa, gauzak traketsago egiten ditugu. Hori kirol guztietan gertatzen da. Oso poliki jokatzen ari garenean eta pilotara sartzeko denbora dagoenean, tantoak lehiatuagoak eta politagoak ateratzen dira, baina horrek ez du esan nahi partida hobeagoa denik. Askotan gu, barruan, erritmo eta abiadurarekin geratzen gara, tanto bukaerekin baino.
Dena den, lortu zenuen partidan sartzea eta finalerako txartela eskuratzea. Esan zenuen, finalerako txartela eskuratuta, ez zenuela urruti izango amezketarra, eta hortxe izango duzu igande honetako finalean.
Bai, hor izango da Jokin. Gainera, azken partidan erakustaldia emanda iritsiko da. Ez ninduen asko harritu. Galtzen duenean gehiago harritzen gara irabazten duenean baino. Aurkari oso gogor bat da. Azkenaldian bera ari da pilotaririk onena izaten; aspaldi luzean, urte oso bat kontuan hartuz gero. Banekien Lehen Mailako Buruz Buruko txapel bat irabazi nahi baduzu aurkaririk gogorrenaren kontra egin behar dela; alde eginda, atzeko bidetik, txapela janzterik ez dagoelako. Beraz, orain arteko aurkariak gogorrak izan dira eta badirudi gogorrena finalean bertan egongo dela.
Txapelketa hasieran Jokinek zalantzak sortu zituen. Ez zen onena izan. Binakako xelebre batetik ere bazetorren, baina finalerdian sekulako partida egin zuen Lasoren aurka. Horretan ere badirudi matematikoa dela gizona.
Bai. Niri ez zait hain harrigarria egiten, egia esan. Egun hartan Larrazabalek asko jokatu zuen, eta berriro diotsut, Larrazabalek egun on bat duenean edozeini irabaziko dio. Bestalde, Jokin, ezagutzen dudalako, dudarik ez dut dena ematera joango dela egun horretan. Bera bezalako ibilbidea duen pilotari batek egun garrantzitsu horietan jokatzen du gehien. Seguruena motibazio handiena orduan bilatuko du, kontzentratuta joango da eta bere onena orduan ematen du. Dudarik ez dut finalean Jokin on bat edukiko dudala kontra, baina ea nire kasuan ere berdina den. Nire aukeretan sinistu, nire buruan zentratu eta nire onena ateratzen baldin badut, badakit aukerak izango ditudala.
Zuk aitortu diguzu ilusio berezia egingo lizukeela bere aurka aritzeak, baina berak ere hala esan du. Bion nahiak bete dira.
Bai, eta sinisten diot, egia esan. Aspalditik, debutatu aurretik ere, bion arteko partidak derbi txiki moduko batzuk bihurtu ziren, eta pilota oso mundu txikia da, oso gertuko harremana dugu; Rezustaren aurkako azken finala jokatzea ere berezia izan zen niretzat, umetatik elkarrekin aritu izan gara eta. Eta Jokinen kasuan, oraindik ere gehixeago. Ez gugatik bakarrik; inguruan ere gure arteko partidetara pilotalekuetara joaten zara eta auzo osoa ikusten duzu, dendakoa, familiakoak, denak... han juntatzen gara. Asko elkar ezagutzen dugun pertsonak gara, elkar asko maite dugunak, eta horrek badauka kudeatzeko puntua.
Egia esan, ederra eta zoragarria da, biok nahi genuena da baina, aldi berean, bere zailtasunak badauzka. Dudarik gabe, finaleko egunean biak hil ala bizi irabaztera joango gara eta ea partida on bat ateratzen den. Hori ederra litzateke, eta nik irabaziko banu, zer esanik ez; berak ja asko irabazi ditu eta! [barrez].
Derbia aipatu duzu, eta a zer giroa espero den!
Aitzakia txikiagoekin galantak egiten ditugu! Edo egiten dituzte, hobeto esanda. Jokin eta ni askotan ez gaitu hor harrapatzen, baina suertea dugu. Gure inguruan pilotazale giroan bizi gara eta horrek batzuetan presio puntu bat sortzen dizu, baina batik bat ilusioa sortzen du, norberari indarra ere bai segitzeko ari garen jardun honetan. Oso egun politak izango dira, seguru.
Aipatzekoa ere bada esku pilota profesionalean daramazun ibilbidea. 11 urte egingo dituzu laster eta azken honetan jokatu dituzu zure bi finalak. Egindako lanaren eta ez amore ematearen seinale.
Hori da. Ingurukoek askotan esaten didate egoskor samarra naizela, baina kirolerako alderdi ona badu, ez etsitze horretan, helburu bat jarri eta segitze horretan. 20 urterekin lortzen nituen garaipenekin ez nuen hainbeste sentsazio izaten. Dena oso berez zetorren, inola ere ez ziren lanen emaitza; orain, aldiz, pixka bat bai. Lana, edo behintzat konstantzia baten emaitza direla esango nuke.
«Elkarrizketa egin didan beste bati esan diot txapela baino, [alabak] nahiago duela aitak fardela ondo aldatzen asmatuko balu [barrez]»
Gertukoak, lagunak edo herritarrak urte luzez momentu hauen zain egon dira, eta zure alabak mundura etorri eta aita txapela buruan ikusi behar al du egun gutxiren buruan?
Lortuko banu, ez da asko konturatuko [barrez]. Elkarrizketatzaile bati esan diot txapela baino, nahiago duela aitak fardela ondo aldatzen asmatuko balu [barrez]. Polita litzateke; orain ez, baina pasatzen zait burutik. Orain, bideoetan eta telebistan grabatuta geratzen den honetan, ziur aski hemendik dozena bat urtera akaso ilusioa egingo dio eta niri orain hori pentsatzeak ilusioa egiten dit.
Fisikoki, arazorik gabe, ezta?
Arazorik ez. Pilotariok aho txikiarekin esan behar izaten dugu. Alde horretatik oso kirol gogorra da eta eskuak beti kolpatuta geratzen dira, gorputza ere behartuta, baina behintzat inongo lesiorik ez dut, bi astean sendatuko ez zaidan ezer ez. Beraz, alde horretatik, oso gustura.

Aizarotz, demostración palpable de que hay fórmulas para contrarrestar el despoblamiento rural

«Que Iruñea apueste por la dignidad colectiva ante el genocidio israelí es algo grandioso»

La renovación de Nico Williams, una operación «a lo bajini»

«Matxirulo, zure parranda bukatu da», autodefentsa feministarako deia Iruñean
