«Disfruta dezatela amezketarrek eta alegiarrek, eta gu partidan saiatuko gara disfrutatzen»
Aurtengo txapelketa gaizki hasi zuen Jokin Altunak (Amezketa, 1996). Bigarren neurketa inflexio puntu bat izan zen beretzat, eta behetik gorantz eginda, finalerdietan aspaldian erakutsi ez duen erakustaldia eskainiz, Buruz Buruko seigarren finalerako txartela eskuratu zuen.

«Disfruta dezatela amezketarrek eta alegiarrek, eta gu partidan saiatuko gara disfrutatzen»

Gutxitan huts egiten du amezketarrak partida garrantzitsu batean. Egungo txapeldunak igande honetan derbia jokatuko du Iñaki Artolaren kontra. Alegiarrak arantza bat du barruan, 2021ean ezin izan baitzuen bizilagunaren kontra finala jokatu, toki eta txapelketa berean; baina Jokin Altunak beste arantza bat du oraingoan: berriki zendu den Joseba Larreta 'Latu' lagunari txapela eskaintzea. Elkarrizketa honetan, egun hauetan egin dizkioten besteetan bezalaxe, ez du gaiari buruz hitz egin nahi izan. Finala begiz jota du, eta helburua betetzeko horri jarraitu nahi dio Aspekoak.
Berriz ere, unerik garrantzitsuenean, azken aldiko partidarik onena jokatu zenuen finalerdietan Lasoren aurka, eta finalerako txartela poltsikoan duzu. Horretan ere matematikoa zara.
Gustura. Egia esan, uste baino askoz hobeto atera zen. Ondo prestatu nuen partida, eta sentsazio oso onak izan nituen hasieratik. Sari ikaragarria da eta finalean berriz. Pozik. Ea zer moduzko finala jokatzen dugun orain.
Partida estuago bat espero al zenuen?
Partida zailagoa espero nuen. Hasieran topera atera nintzen. Tanto batzuk gogorrak izan ziren, baina tanto guztiak nire aldera erortzen ziren, eta horrek egundoko indarra eman zidan. Sentsazio onak izan nituen, eta txapelketan beti gora egin dut. Ondo iritsiko naiz finalera, eta gogo biziz.
Lasok ez zuen bere onena eman, baina zuk ez zenion aukerarik utzi. Emaitzarengatik eta transmititu zenituen sentsazioengatik, azken aldiko partidarik sendoena jokatu zenuela esango nuke, konfiantza handiz.
Partida ederra atera zen. Aurreko partidan Darioren kontra ere oso gustura sentitu nintzen, sentsazio onak nituen, eta partidaz partida joan naiz horrela. Niretzat ikaragarri garrantzitsua izan zen Donostian Zabalari irabazi nion partida; lehenengo zatian sekulakoak eman zizkion berak, eta niretzat partida oso zaila izan zen. Eusteko eta ondoren irabazteko gai izan nintzen. Eta iruditzen zait, partida horretatik aurrera bi astez partida izan ditudanean Darioren kontra eta gero Lasoren kontra, partidatik partidara gora egin dudala. Orain azken pausoa geratzen da. Baina ondo iritsiko naiz, inolako aitzakiarik gabe eta gogo biziz.
«Bidea erraza ez da izaten; ez nuen etsi inongo momentutan eta bigarren partida ikaragarri garrantzitsua izan zen. Horrek eman zidan indar handia hurrengo partidetarako»
Gainera, txapelketa ez zenuen modurik onenean hasi, konfiantza pixka bat faltako balitzaizu bezala.
Lehenengo partidan kolpe dezentekoa hartu nuen. Pena handia izan zen. Baina jakin behar da egoera horiei buelta ematen. Bidea erraza ez da izaten. Ez nuen etsi inongo momentutan, eta bigarren partida ikaragarri garrantzitsua izan zen. Horrek eman zidan indar handia hurrengo partidetarako. Hasieran ez nintzen nire punturik onenean ikusten; baina aurkariek ere jokatzen dute, eta egun hartan Larrazabalek asko jokatu zuen.
Binakako Txapelketatik goiz kanporatua izan zinen. Tartean zenbait erabaki polemiko ere izan ziren. Uste al duzu ezohiko egoera horrek pixka bat eragina izan zuela Buruz Burukoaren hasierako konfiantza horretan?
Baliteke. Ni, egia esan, justu prestatzen hasi nintzen, eta Banakakoa hasteko hilabete falta horretan lesio bat izan nuen hankan. Muskulu haustura bat izan nuen; ez genuen publiko egin. Oso gutxi prestatu nuen, bi asteren faltan berriro hasi nintzen entrenamenduak egiten, baina asko kostatu zitzaidan, eta beldur nintzen txapelketara nola iritsiko nintzen. Erritmo aldetik nabaritzen nuen ez nengoela %100ean. Baina, azken finean, kexatu gabe une horretan aurrera segitzea tokatzen zen eta bigarren partidan puntua lortzea egundoko indarra eman zidan.
Kontuak kontu, oraingoan final berezia izango da Iñaki Artola bizilagun eta lagunaren aurka. Duela lau urte jokatu behar zen final hura etortzen da burura...
Bai, noski. Azkenean berezia den final oso gogorra edukiko dut. Duela lau urte ezin izan genuen jokatu Iñakiri pasa zitzaion desgraziagatik. Alde horretatik, behintzat, pozik. Berak irabazteko aukerak ditu berriz, ni berriz hor nago eta topera saiatuko gara borrokatzen. Iñakiren kontra ohituta nago partida garrantzitsu asko jokatzen, eta ez da oso desberdina izango.
Berak aipatu izan digu finalera iristeko aukera izango balu eta paper batean idatzi beharko balu, halakoxea izango zela: zure kontra. Zuk ere halaxe nahi al zenuen?
Bai, bai. Txapelketa hasten denean, zure buruari begira zaude, baina txapelketa aurrera doan ahala, finalerdiak ikusten dituzu, zein pilotari iristen diren. Nik berarekin gurutzatzeko aukerarik ez nuen, eta lehengoan garbi esan nuen berak nahi nuela irabaztea finalerdia dudarik gabe. Poz handia hartu nuen. Orain biok topera borrokatzera joango gara, eta onenak irabaz dezala.
Biek lau egunen buruan debutatu zenuten 2014an, duela ia 11 urte. Zure kasuan, final asko jokatu dituzu. Baina Iñakiri bere ibilbideko bi finalak aurten iritsi zaizkio bata bestearen atzetik. Esan daiteke lesioekin zortea izan duela edo jarraitutasun bat izaten ari dela. Nahiz eta aurkariak izan orain, poztuko zara berarengatik, ezta?
Bai, noski. Azkeneko bi urteetan oso erregular ari da jokatzen. Horixe pozten naizela bera hor ikusteaz. Niretzat ere polita da egun hartan kantxa berarekin konpartitzea. Hortik aparte, pilotariok geure buruaren kontra jokatzen ditugu partidak, aurkaria gu gara gehiago, eta gure maila onena ateratzen saiatu behar dugu. Aurkarian gehiegi pentsatu baino, nire partidan zentratu nahi dut, eta finala eramaten saiatu.
Eta zer giro biziko den igandean. Aurreko egunetan ere berezia izango da inguruan...
Bai, noski, dudarik gabe. Hemen 5 kilometroren barruan dauden bi herri dira. Urte asko kostatuko du gertuko bi herritatik buruz buruko finala jokatzeko aukera. Amezketarrek eta alegiarrek berezitasun handiarekin biziko dute finala. Disfruta dezatela beraiek, eta gu partidan saiatuko gara disfrutatzen. Guretzat ez da festa egun bat; guretzat urteko txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko egun bat da, eta topera joan beharra dugu.
Botilero lanetan, beti bezala, Gorka lehengusu alegiarra izango duzu. Kontuz ibili, finalean hiru alegiarrez inguratuta...
Bai, bai. Gorka ere Iñakirekin egunerokotasunean asko egoten da, eta badakit gustura egoten dela. Baina Gorkak badaki ederki asko nor defendatuko duen finalean [barrez].
Bigarren Mailako Lau eta Erdiko finalean mendean hartu zizun, baina ordutik hona ez dizu irabazi buruz burukoetan. Honek lasaitasuna ematen al du, edo justu kontrakoa, jakinda kirolean askotan honelako estatistikak hautsi egiten direla?
Ez dakit. Badakit estatistikak onerako eta txarrerako hautsi egiten direla askotan, baina ez dut partida bat enfokatzen estatistikei begira. Badakit ederki asko edozer gerta daitekeela, badakit oso gai naizela finala irabazteko, baina badakit bera ere gai dela irabazteko. Nire eskuan dudan guztia egiten saiatuko naiz ni, ea partida on bat egiten dudan hasieratik. Eta saiatuko naiz nire alde erori dadin.
Finala Bilbon. Esango nuke, dituzun zortzi txapelak bertan lortu dituzula. Oroitzapen ona izango duzu.
Gustura joaten naiz Bilbora. Orokorrean partida onak egin ditut. Badakit horrekin ez dudala finala irabaziko, baina ondo sentitzen naizen leku bat da. Frontoia ere nahiko gustukoa dut, eta alde horretatik aitzakiarik ez.
«Besteei begiratu baino gehiago, neronek laugarren txapela irabaztea egiten dit ilusioa. Nire buruari begiratzen diot, hobetzen saiatzen. Lehengo urtean txapeldun atera nintzen. Saiatuko naiz borobiltzen»
Irabaziz gero, laugarren txapela Buruz Burukoan. Hor izen batzuk agertzen dira: Atano III.a, Ruben Beloki eta Aimar Olaizola. Honelako datuei begiratzen al diezu? Edo ibilbidea amaitutakoan begiratzeko datuak dira?
Besteei begiratu baino gehiago, neronek laugarren txapela irabazteak egiten dit ilusioa, sortzen dit poza. Horregatik saiatuko naiz. Niretzat garrantzitsuena hori da. Irabaziko banu, orduan jakingo nuke norekin berdinduko nukeen. Nire buruari begiratzen diot, hobetzen saiatzen. Lehengo urtean txapeldun atera nintzen, aurten berriz finalean nago. Saiatuko naiz biribiltzen, eta ea txapela errepikatzen dudan.
15. finala izango duzu, asko dira. Errutina berezirik edo maniarik ba al duzu partida egunean edo bezperan?
Partida aurreko egunetan eta partidako egunetan errutina antzekoak egiten ditut. Txapelketan zehar, final laurdenetan edo final batean ez dut gauza ezberdinik egiten. Azkenean, partida 22ra da. Eta nahiz eta finala izan, gauzak berdin egin behar dituzu. Saiatuko naiz hurrengo ostiral arte egunero entrenamendu onak egiten. Larunbatera begira, luzeagoak egiten zaizkit orduak. Gogoa duzu pilotalekura joateko, eta behin hara joanda, lasaiago geratzen naiz.
Bizilagunaren aurka, eta aita izan da. Egun hauetan hitz egin al duzue?
Asteartean aurkezpena genuen Bilbon, eta elkarri zorionak esan genion. Poz handia, eta gustura. Asteartetik aurrera material aukeraketaren egunera arte ez gara egongo; bakoitza berean egongo gara.
Afaritxoren bat jokatu al duzue?
Ez, ez. Ez dugu ezer jokatu. Final horren arabera, berdin geratuko gara lasai-lasai afaltzeko.
Txiste moduko bat omen dago bertan, Iñakik esana, txapelik ez dela geratzen Tontokalean eta denak bariantetik Amezketara bidera doazela.
Ailegatu izan zait niri ere. Ea holaxe den oraingoan. Jendeak honelako gauzak ateratzen ditu, eta ondo dago umore pixka bat jartzea ere.

Hamarnaka eragile batu dira Hatortxu Rocken agur festara

«Maria Josefa Sansberrok muga asko gainditu zituen, fisikoak eta moralak»

Detenido el conductor del turismo implicado en la muerte de un ciclista el viernes en Anoeta

Trece txosnas de Bilbo no venderán Coca-Cola durante Aste Nagusia en solidaridad con Palestina
