Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Euskararen etorkizuna bermatzeko akordio batera heltzeko beharra erakutsi duten eztabaidak

Euskararen aurkako oldarraldia areagotzen ari den heinean, EAJk eta EH Bilduk aitortu dute beharrezkoa dela akordio batera heltzea eta neurriak hartzea hizkuntza babesteko eta sustatzeko. PSEk eta Sumarrek ere akordio baten premia nabarmendu dute, baina mugak ezarriz.

Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia.
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Azken urteetan bata bestearen atzetik iristen ari dira euskararen aurkako epaiak. Aste honetan bertan Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako aterpetxeetako langileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunen kontrako erabakia, eskakizuna «baztertzailea eta gehiegizkoa» zela argudiatuz. Eta duela bi urte, 2023an, auzitegi horrek baliogabetu egin zituen Udal Legeak euskararen arloan garatzen duen dekretuaren hainbat artikulu, udaletan euskara ohiko hizkuntza izatea ahalbidetzen zutenak.  Auzitegi Goren espainiarrak ere baliogabetu egin zituen, Lakuak epez kanpo aurkeztu zuelako epai horren aurkako helegitea.

EH Bilduk «akatsaren edo konpromiso falta horren larritasuna» salatu zuen maiatzaren 9an Legebiltzarrean egindako bilkuran, eta ostegun honetan ekimen bat aurkeztu du Gobernuari eskatzeko lan egin dezala Administrazioan euskararen garapenari eta hizkuntza eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko beharrezkoa den lege aldaketen alde. «Hizkuntza politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde lan egin dezala; eta euskararentzat berdintasunezko estatus juridikoa eskuratzearen alde egiteko elkarlana jorratu dezala», adierazi du Josu Aztiria legebiltzarkide subiranistak.

Markel Olano EAJko legebiltzarkideak babestu egin du Lakuako zerbitzu juridikoek egindako lana, eta Udal Legearen kasuan «interpretazio talka bat» eman zela azaldu du. «Eta kontua da interpretazio talka horretan Auzitegi Gorenak ez ziola arrazoia eman», aipatu du eta epaitegien lana kritikatu. «Ez al dugu ikusten nola ari diren portatzen eta zer jarrera hartzen ari diren batez ere euskararen auzian?», galdetu du, euskararen alde «zoru komun bat» adostu behar dela nabarmenduz.

«Guztion artean landu dezagun zoru komun bat euskararen biziberritzea bultzatzeko. Nik uste dut hor dagoela giltzarria», gaineratu du, eta gogoratu du une honetan martxan dagoela Euskaltzaindiak abian jarritako gogoeta prozesua. «Momentu honetan ari da euskalgintza osoa zehazten zein izan behar den hurrengo urteetan eta hurrengo hamarkadetan euskarak ibili beharko duen bidea biziberritze ikuspegitik sektorearekin, sektore inportanteenetan».

EAJ, Gipuzkoan alde eta Legebiltzarrean kontra

Olanok subiranistekin «zoru komun bat» dagoela onartu du, baina gaurko bilkuran EH Bilduk proposatuko testuaren aurka bozkatu du EAJk. EH Bilduk kritikatu du jeltzaleen erabakia, izan ere eduki bera zuen testuak onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. «Gipuzkoan balio duenak zergatik ez du hemen balio», galdetu du Aztiriak.

Horren ordez, EAJk zuzenketa bat adostu du PSErekin. Gobernua osatzen duten alderdien testuaren arabera, «Legebiltzarrak botere publiko guztiei eskatzen die une bakoitzean ekintza publiko eraginkorrena bultzatzen jarraitzeko, euskararen normalizazio linguistikoan eta erabilera instituzionalaren baldintzetan aurrera egiteko, polarizaziotik urrun eta ahalik eta adostasun eta segurtasun juridiko handienarekin».

Halaber, eragile politiko eta sozial guztiei Legebiltzarrak eskatzen die «euskararen errespetu eta babes gorenaren alde lan egiteko, pertsonen hizkuntza eskubideekiko bizikidetza kohesionatua jartzeko, eta, horretarako, bazter dadila aurkari politikoa modu oportunistan higatzeko euskarari eragiten dion edozein gertaeraren erabilera oro».

Izan ere, PPk eta Voxek ez dute ezkutatzen euskararen aurkako jarrera, eta Sumarreko ordezkaria den Jon Hernandezek zalantzan jarri ditu hizkuntza eskakizunak. «Uste dugu guztiz bateragarria dela herri honetako pertsonen hizkuntza eskubideak bermatzea eta hizkuntza eskakizunen aplikazio proportzionala egitea, lurraldeetako errealitate soziolinguistikoan oinarrituta, lanpostuen karakterizazioan oinarrituta, ez bakarrik administrazioetan, baita azpikontratetan eta zerbitzu publiko askotako azpikontratetan ere».

PSEko legebiltzarkidea den Pau Blasik ere anbiguotasuna erabili du bere hitzaldian, euskararen alde daudela adieraziz eta, aldi berean, zenbait muga ezarriz. «Sozialistok euskararen sustapenean egongo gara, bai, baina zentzutasunez, proportzionaltasunez, herriaren errealitateari eta gure legediari erreparatuz».

«Benetako Administrazio elebidun bat»

Aztiriak aprobetxatu du bigarren hitzaldia Olano, Blasi eta Hernandezi erantzuteko, eta EH Bilduk Legebiltzarrera eramango duen Enplegu Publikoaren Legearen erreforma proposamena aurkezteko. «Lehen puntu gisa proposatzen dugu Euskal Administrazio Publikorako sarbidean printzipio orokor gisa bi hizkuntzak egiaztatu behar direla. Printzipio orokor gisa. Hau da, orain arte ez bezala, euskarak eta gaztelaniak berdintasunezko trataera izango lukete. Honek ekarriko luke benetako Administrazio elebidun bat, gertuagoa, gaituagoa, eraginkorragoa».

Bigarren printzipioa izango litzateke «malgutasuna. Izan ere, badakigu testuinguru soziolinguistiko desberdinak daudela, antolamendu desberdinak daudela, eta salbuespenak edo geroratzeak ezarri ahal izango lirateke. Eta planteatzen duguna da geroratze indize bat eratzea gaitasun elebiduna egiaztatu ez duten lanpostuetarako». Eta «unibertsaltasuna» sustatuko litzateke. Hau da, «euskara ikasi eta jakiteko eskubidea unibertsalizatu behar da Administrazio publikoan, azpikontratazioan eta gizarte osoan; eta aukera berdintasuna, liberazioak eta ikasteko baliabideak handitu behar dira».

«Azkenik, hizkuntza eskakizunen egiaztatze sistema eraldatu behar dugula uste dugu, azterketetan oinarritutako sistema hertsietatik konpetentzietan oinarritutako ebaluazio jarraia. Hau da, euskalduntzea guztioi eragiten digun ikasketa prozesu gradual bat bezala ulertu behar dugu, eta ez da ona euskalduntzea azterketetan, azterketen lorpen huts bezala ikustea», gaineratu du.

EH Bilduko parlamentariak sistema berri bat proposatu du, «hizkuntzen arteko ekitatean, herritarren arteko berdintasunean eta herritarren eskubidean aurrera egiteko. Eredu berri bat, kalitateko eta gertuko administrazio aurreratu bat garatzeko. Eredu berri bat, euskalduntzea paradigma berrietan txertatzeko, eta hizkuntza gaitasun azterketetan baino gaitasun zehatz eta erabileran oinarritzeko. Sistema eta eredu berri bat, inora ez garamatzan errekurtsoen eta sententzien gurpil zoro honetatik ateratzeko, hizkuntza politika egiteko ahalmen legegilea epaitegietatik Euskal Administraziora eta Legebiltzarrera bueltatzeko».