
Luis Ortega argentinar zinema zuzendariaren thriller dramatikoa da eta iazko Donostia Zinemaldian Horizontes Saria eskuratu zuen.
Remo Manfredini (Nahuel Perez Biscayart) jockey ospetsu eta arrakastatsua da, baina haren portaera autosuntsitzailearen eraginez duen talentua itzaltzen hasiko da, eta arriskuan jarriko du Abril (Ursula Corbero) bikotearekin duen harremana. Zorrez beteta eta Sirena mafiako buruarekin fabore ilunen sarean harrapatuta, zorretatik libratu dezakeen bere ibilbideko lasterketarik garrantzitsuenaren atarian dago. Zoritxarrez, istripu larri bat izango du.
Filmaren argazki zuzendaria Timo Salminen da, Aki Kaurismäki zinemagilearen ohiko kolaboratzailea. Horren harira, Luis Ortega zuzendariak filmaren aurkezpenean honakoa aipatu zuen: «Timo munduko argazki-zuzendaririk onena da. Kaurismäkiren pelikula guztietan egin du lan, eta oso gustuko dut egiten dutena. Ezinezkoa da bereiztea. Gustatzen zait jendeak modu horretan taldea osatzen duenean. Artista bat da. Gainera, platora iristean agurtu egiten du, bere lana egiten du, eta amaitzean, besterik gabe, agur esaten du. Hori izugarri gustatzen zait».
Nahuel Perez Biscayart
Protagonistaren rola jokatzen duen Nahuel Perez Biscayart jatorri euskalduna (ama euskal eta italiar jatorrikoa eta amona Biarritzekoa) duen aktore argentinar ospetsua da. Bere lehen paper garrantzitsua ‘La sangre brota’ (2008) filmarekin iritsi zen, baina nazioarteko ospea ‘120 battements par minute’ (‘120 latidos por minuto’, 2017) ekoizpen frantsesari esker iritsi zen. Lan horri esker Aktore Berri Onenaren Cesar saria irabazi zuen eta geroztik oso aktore ezaguna bihurtu da Estatu frantsesean.
2024an, Estatu frantseseko presidente den Emmanuel Macroni zuzendutako gutun bat sinatu zuen, Palestinako Estatua ofizialki aitortzeko eskatuz. Gainera, iazko Goya sarien banaketa ekitaldian Pedro Sanchez Estatu espainoleko presidentea salatu zuen Israeli armak erostagatik. «Pedro Sanchez konplizea da», esan zuen, eta «Israeli armak erabat enbargatzea» eta «genozidei armak eta munizioak erosteari uztea» eskatu zuen.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

