NAIZ

BBCk 100.000 euroko kalte-ordaina emango dio Gerry Adamsi difamazioagatik

BBCk Denis Donaldson alderdikidearen heriotzarekin lotzeagatik 100.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Gerry Adamsi. Bi hamarkada baino gehiagoz Erresuma Batuko segurtasun indarrentzat espiatu zuela aitortu ondoren hil zuten Donaldson, 2006. urtean.

 Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia Dublingo Auzitegi Nagusitik atera den momentuaren irudia.
Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohia Dublingo Auzitegi Nagusitik atera den momentuaren irudia. (Paul FAITH | AFP)

Gerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak 100.000 euroko kalte-ordaina jaso beharko du BBCk difamatzeagatik, Irlandako Auzitegi Nagusiak ostiral honetan zehaztu duenez.

Adamsek kate publiko britainiarra auzitara eraman zuen 2016an, Denis Donaldson alderdikidearen heriotzarekin lotzeagatik. 2006an tirokatu zuten Donaldson, bi hamarkada baino gehiagoz Erresuma Batuko segurtasun indarrentzat espiatu zuela aitortu ondoren.

Epaimahaiak buruzagi errepublikarraren argudioak onartu zituen, eta orain Irlanda iparraldeko kate publikoak ekoiztutako ‘Spotlight’ telebista programaren arduradunek ez zutela fede onez jokatu ondorioztatu du, ezta beren jarduera profesionala modu zuzen eta zentzuzkoan garatu ere.

BBCk, bere aldetik, tesi hori hainbat iturri anonimoren alegazio gisa aurkeztu zuela esan zuen epaiketan, besteak beste, ‘Martin’ ezizenarekin identifikatutako errepublikar batena.

Iturri horrek ziurtatu zion ‘Spotlight’ saioari Donaldsonen exekuzioa IRAko buruzagitza politiko eta militarrak baimendu zuela, eta Adamsek «azken hitza» izan zuela.

«Jakina, denok ditugu akatsak, baina epaimahaiak erabaki bat hartu du eta onar dezagun emaitza», adierazi du Adamsek epaiketaren atarian.

Bere testigantzetan, kate britainiarrak «justifikaziorik gabeko eraso» baten biktima izan zela adierazi zuen Adamsek, eta Irlanda iparraldeko iraganeko gatazkaren «bakegile» gisa zuen ospea kaltetzea leporatu zion.

Epaiketan, BBCko abokatuek kazetarien profesionaltasuna defendatu zuten, eta gogorarazi zuten iturri anonimoen salaketak zabaldu zituela, interes publikoko auzia zelako, difamazioari buruzko legediak baimentzen duen bezala.

Erreputazioari dagokionez, katearen defentsak esan zuen Adamsek ezin zuela kalte-galerarik eskatu, adibidez, inoiz ez zituelako publikoki gaitzetsi IRAren ekintzak.

«Programak hilketa bat baimendu zuela dio, eta ezin du horregatik kalte-galerarik eskatu, horixe baita, hain zuzen ere, zuen ospea. Bere ospea 2000. urtean, 2005ean, 2015ean eta orain indarkeria antolatu eta baimendu zuen pertsona batena da», azaldu zuen Eoin McCullough BBCko abokatuak.

Donaldsonek 2005ean aitortu zuen hogei urte baino gehiagoz Erresuma Batuko zerbitzu sekretuetan zelatatu zuela, baina Sinn Feinetik bota zuten bere nortasun bikoitza aurkitu zutenean, eta Irlandako Donegal konderriko txabola batera erretiratu zen, non ezezagun batzuek hil zuten 2006ko apirilean.

Hasieran, hilketa IRAk egin zuela pentsatu zen, baina hiru urte geroago, Benetako IRA talde disidenteak bere gain hartu zuen erantzukizuna.