Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Ander Bilbao
Zesta-puntako Euskal Selekzioko hautatzailea

«Debut oso garrantzitsua da, lan asko egin da aurretik eta atea zabaldu dugu»

Euskal Pilota Selekzioak aurrenekoz jokatuko du nazioarteko txapelketa ofizial batean. Gaur hasiko den Nazioen Ligan lehiatuko da eta bihar egingo du debuta. Lehen partida horretarako ordu gutxi falta direla elkarrizketatu du NAIZek Ander Bilbao (Berriatua, 1973) hautatzailea.

Ander Bilbao, Euskal Selekzioko hautatzailea.
Ander Bilbao, Euskal Selekzioko hautatzailea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Presio apur bat sentitzen dutela onartu du Ander Bilbaok, zesta-puntako Euskal Selekzioko hautatzaileak. Ilusioak, baina, dena gainditzen du eta Nazioen Liga hasteko irrikaz dago Ander Bilbao, puntista ohia, Berriatuko zesta-eskolako kide eta Euskal Selekzioko hautatzailea. Taldearen asmo eta helburuak plazaratu ditu, bai eta debut honek barnean sortzen duen harrotasun puntua ere.

Frantzia eta Filipinak izango dira lehen aurkariak gizonezkoetan.

Bai. Multzoko gogorrena Frantzia da (Laduche, Basque, Portet eta Tambourindeguy). Filipinen aurka ez genuke arazo handirik izan behar. Multzoko bakarra geratzen da kanpoan; beraz, asmoa da multzoan lehendabiziko postuan geratu eta beste multzoko Sorozabal anaiak (AEB) saihestea. Aurkari gogorrenak dira eta, segur aski, lehendabiziko postuan geratuko dira beste multzoan. Mexiko eta Espainiaren aurka jokatuko dute eta, printzipioz, maila handiagoa daukate sorozabaltarrek.

Emakumezkoetan multzo bakarra eta lehia gogorra espero da.

Bai, lehendabiziko biak sailkatuko dira finalerako. Gure eginbeharra da Frantzia eta Mexikori irabaztea. Espainiaren aurka ere asmoa irabaztea da, baina zailagoa izango dela aurreikusten dugu.

Espektatiba asko sortu da asteazkeneko partidarekin. Euskadi-Espainia. Bikote gogorra.

Bai, bikote gogorra osatzen dute Erikak eta Araik; ongi ezagutzen ditugu.

Hala ere, Euskal Selekzioarekin jokatuko dutenak ere maila izugarrian daude, nabarmentzeko Helena eta Elaiaren oldarkortasuna aurrean.

Bai, maila ikusgarria daukate bi aurrelariek. Biak dira errematatzaileak. Beraien mailan daude, Erika eta Araik joko ezberdina daukate, baina galtzeko esperantzarik ez daukagu.

Bi kasuetan, zein da helburua?

Helburua finalera iristea da eta gero, irabaztea.

Pilotak zirrikitua topatu du ofizialtasunerako bidean; Nazioarteko Pilota Federazioan sartu da. Kontziente zarete zer suposatzen duen debut honek?

Bai, debut oso garrantzitsua da. Lan asko egin da atzetik. Iritsi da eguna, zalantzak zeuden iritsiko ote zen edo ez, hilabete nahasiak izan dira, Espainiatik egurra ematen egon dira... Guretzat, euskaldunentzat, urrats garrantzitsua da eta orain, aurrera begira jarri behar gara. Atea zabaldu dugu.

Harrotasun punturik bai?

Bai, harrotasuna, eta presioa ere bai. Dena berria da, zesta-puntari egokitu zaio urrats hau egitea eta presioa sentitzen dugu.

Produktua ere ongi saldu da. Badira jada urte batzuk Winter Seriesaren olatuan murgilduta dabilela zesta-punta.

Hori da. Zesta-puntak jende asko mugitzen du, eta ez Gernikan soilik. Pilotalekuak bete egiten dira. Nazioen Ligako partidak ere maila handikoak izango dira; ikusten baduzu zein pilotarik jokatzen duten, gizonezkoetan, Jai Alai Ligan lehiatzen ari direnak dira eta emakumezkoetan ere egun gorengo mailan dabiltzanak dira.

«Euskadiko selekzioarekin ere jokatu nuen Venezuelan; 15 egun egin genituen bertan. Bertako txapelketa bat izan zen»

Zu puntista izandakoa zara. Non ibili zinen?

Bai, nik apur bat denetik probatu nuen. Mexikon egon nintzen, Filipinetan ere bai eta, bukatzeko, AEBn. Euskadiko selekzioarekin ere jokatu nuen Venezuelan; 15 egun egin genituen bertan. Bertako txapelketa bat izan zen. Espainia ez zen etorri, baina gu bai, joan ginen. Oroitzapen oso politak ditut. Ikurrina hara eraman, euskaldun asko joan ginen eta esperientzia oso polita izan zen.
 
Zesta-punta ikurrina nazioartera atera zuen kirol aitzindari horietakoa da. Euskal Herria mapan kokatzen lagundu zuen kirola izan zen.

Bai, Jai Alai mundu osoan egon da. AEBra joan aurretik Asian ere ibili zen eta Latinoamerikan ere bai. Pilota nazioartekotzen gehien lagundu duena zesta-punta izan da.

Eta orain nola ikusten duzu zesta-puntaren egoera?

Hemen oso ongi. Eskolak topera dabiltza. Telebistaren eraginez, jende gehiago erakarri du. Orain lana egin behar da ume guzti horiekin, aurrera jarrai dezaten.

«Zesta eskolak topera dabiltza. Telebistaren eraginez, jende gehiago erakarri du. Orain lana egin behar da ume guzti horiekin, aurrera jarrai dezaten»

Berriatua azken urteetan nabarmendu da emakume puntista asko atera direlako.

Ume asko dabiltza. Emakume puntisten kopuruari dagokionez, oso ondo ibili gara beti, talde polita osatu dute, atzetik ere badatoz...

Emakumeek ere orain badute egutegi egonkor bat, Jai Alai Ligarekin.

Bai, eta oraindik ere lana badago egiteko. Beraiek ikusten dute segurtasun bat badagoela, txapelketa gehiago jokatzen ari direla. Berriatuko gazteenek ere hori ikusten dute eta motibazio iturri da; beraien herrikideak ikusten dituzte eta zesta-puntan jarraituz gero horra irits daitezkeela irudikatzen dute.

Aldazabal, Erkiaga eta Lekerika Espainiarekin aritu ziren Biarritzeko Munduko txapelketan. Orain, Euskal Selekzioko atea irekita, Nazioen Liga jokatuko dute Euskadirekin.

Klub guztietara bidali genuen mezua, ea zeintzuk zeuden prest Euskadirekin jokatzeko. Zerrendan izen eman zuten gehienek eta gero, horien artean hautaketa egin dugu. Beste batzuen aldetik ez genuen erantzunik jaso.