
Astelehen honetan Euskal Selekzioaren historiako kapitulu berri bat idatziko da: ofizialki, pilotan –zesta-puntan kasu honetan–, nazioarteko txapelketa batean lehiatuko da. Urrats historikoa eman da eta hargatik, Euskal Herriko Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioari Bai ekimenek «ongi etorria» eman diote igande honetan Gernikan egindako mobilizazioan, txapelketaren lehendabiziko jardunaldiaren baitan.
Hala ere, ohartarazi dute oraindik ere badagoela zer landu, borroka ez dela amaitu. «Lortutakoarekin pozik eta harro sentitu arren, ezin gara asetuta sentitu, Nafarroa Garaia, Nafarroa Behea, Lapurdi eta Zuberoako euskal pilotariak, egun, ezin dutelako parte hartu onartutako euskal selekzio honetan», adierazi dute Amaia Larralde eta Ekhi Ziarrustak irakurritako komunikatuan.
Horregatik, hain zuzen, Nazioen Ligaren hasiera aprobetxatu nahi izan dute Euskal Herriko zazpi lurraldeak bat egingo duen selekzioa aldarrikatzeko, urratsak ematen jarraitzeko. Aipatu selekzioaren onarpena bidearen hasiera besterik ez dela ohartarazteko: «Gaur hemen aldarrikatzen ari garena ez da inolako inposaketa, gure anai-arreben borondatea onartzea baizik. Argi dugulako zatiketa ez dela soluzioa, eskubide zanpaketa baizik». Izan ere, euskal selekzioarekin arituko diren zortzi puntistez gain, AEBrekin, Frantziarekin eta Espainiarekin arituko dira beste 14 euskal herritar eta horietatik zazpi, Nafarroa edo Ipar Euskal Herriko puntistak dira (Sorozabal anai-arrebak, Laduche, Basque, Tambourindeguy, Xana Gonzalez eta Ruben Bailo); alegia, azken hauek ez dute euskal selekzioarekin aritzeko aukerarik izan –gero, batek daki, norekin jokatzeko hautua egingo zuketen–.
Hala, gaur goizean Gernikako mobilizazioan aipatu xedeak ohartarazteaz gain, Nazioarteko Pilota Federazioari ere beraien «esker ona» helarazi die, batez ere bertako presidente Xabier Cazauboni. «Bere jarrera irekiarekin aukera eman duelako duela 35 urte Kuban hasitako aldarrikapenaren zati bat onartua izan dadin. Orain, laster espero dugu Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak batuko dituen benetako selekzioa ofiziala izatea. Hori baita, herri hau osatzen dugun euskal herritar gehienen nahia eta ametsa».
Euskal Selekzioa Orain ekimenaren bide beretik doaz aldarrikapenok. Dinamika hau urte honen hasieran aurkeztu zuten, hilabete batzuk lehenago, pilotari batzuk Espainia eta Frantziarekin aritzeko hautua baztertu ostean. Hauei babesa eman eta Euskal Herri osoko selekzioa lortzea dute xede eta jada hitz egin dute Euskal Pilota Federazioko zuzendaritza tade berriarekin.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz


