NAIZ

Donostia-Hondarribia, Gasteiz-Foronda eta Gasteiz-Loiu zerbitzu berriak, udarekin batera

Joan den udako arrakastaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro abiaraziko du Hondarribiko aireportuaren eta Donostia arteko linea zuzena. Horrez gain, Loiuko aireportura iristen diren bus zerbitzuak zabaldu egingo dira.

Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua.
Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua. (Jon URBE | FOKU)

Uda iristear den honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak aireportuen arteko bus zerbitzuak indartuko ditu Bilboko eta Hondarribiko aireportuekin «azkar, eroso eta modu jasangarrian» konektatzeko helburuarekin. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, ekainaren 20tik aurrera ekingo dio berriro Hondarribiko aireportuaren eta Donostiako erdigunearen arteko linea zuzenari. Linea hori pasa den udan estreinatu zen, eta haren arrakasta ikusita, aurten ere martxan jarriko du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Linea horrek E30L izena du eta bere geltoki bakarrak Gipuzkoako hiriburuko autobus geltokia eta Hondarribiko terminala izango dira. Dominguezek azaldu ditu ordutegiak: Donostiatik 7:05, 8:05, 9:05, 10:05, 11:05, 12:05, 15:50, 16:50, 17:50, 18:50 eta 19:50ean irtengo da, eta aireportutik, berriz, 7:35, 8:35, 9:35, 10:35, 11:35, 12:35, 16:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20ean.

«Uda honetan, berriz ere, garraio publikoa indartzearen aldeko apustua egiten dugu, pertsona guztiak modu jasangarrian, azkarrean, erosoan eta eskuragarrian gure aireportuetara joan daitezen, gure zerbitzuak aireportuetako hegaldi eskaintzara egokituz, pertsona bakar bat ere ibilgailu pribatuaren mende egon ez dadin haietara iritsi ahal izateko. Lanean jarraitzen dugu garraio publikoko zerbitzu bat eskaintzeko, herritarren benetako beharrei erantzungo diena eta pertsona guztiek, autoa izan ala ez, aukera berdinak izango dituztela bermatuko duena», baieztatu du diputatuak.

Loiura, ordu erdiro

Era berean, Dominguez diputatuak iragarri du Loiuko aireportura iristen diren Lurraldebuseko zerbitzuak zabaldu egin direla. Loiura doan autobusak ordu erdiro izango du zerbitzua eta, horrez gain, ordutegia luzatuko du, lehen espedizioak aurreratuz eta Donostiatik azken irteera atzeratuz, Bizkaiko aireportuko hegaldien eskaintzara egokitzeko.

Hortaz, ekainaren 20tik irailaren 30era arte, 30 minuturo egongo da autobusa Loiura. Bestalde, zerbitzuaren ordutegia zabaldu eta berrituko da: ordutegia 4:30ean hasiko da Donostiatik, eta ez 5:00etan. Bilbotik, aldiz, lehen irteera 6:15ean izango da, eta ez 7:45ean.

Dominguezek jakinarazi du espedizio guztiak Zarautzen geldituko direla, Donostiatik irteteko ordua baino hamabost minutu beranduago. Bestetik, gogorarazi du linea hau iaz sartu zela Mugi sisteman eta, beraz, txartel hau dutenek sistema honek eskaintzen dituen hobari guztietaz gozatu ahal izango dutela.

Linea berria Gasteizen

Arabako Foru Aldundiak ere abian jarriko du Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin lotuko duen autobus linea berria. Uztailaren 1ean hasiko da lanean, eta uztailean eta abuztuan eguneko hamahiru zerbitzu eskainiko ditu noranzko bakoitzeko.

Linea hori Bilbo-Gasteiz A-3700 emakida bateratu berriaren parte da. Emakida horrek Arabako hiriburua Bizkaiko hiriburuarekin eta haren metropolialdearekin lotzen duen errepide bidezko bidaiarien hiriarteko garraio lineak biltzen ditu. Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera, modu kooperatiboan kudeatuko dute.

Gasteiz/Foronda/Loiu linea berriak Goya gasolina zerbitzugune zaharrean hasiko du Bizkairako ibilbidea, Florida parkearen ondoan, Arabako hiriburuko erdiguneko hotelei eta turismo ostatuei zerbitzua emateko, eta hurrengo geltokia Gasteizko autobus geralekua izango da. Ondoren, Forondako aireporturantz jarraituko du, eta Loiuko aireportuan amaituko da bidaia.

Loiurako lehen zerbitzua 04:45ean izango da eta azkena 21:45ean; Gasteizera doazen lehen eta azken zerbitzuak, berriz, 06:30ean eta 23:30ean izango dira, hurrenez hurren.

«Emakida hori abian jartzearekin, gainera, eskari historiko bati erantzungo diogu: Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuekin zuzenean lotzea», azpimarratu du Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak.