Kazetaria / Periodista

Bertan Bilbo, bertan New York

Bilboko aireportuan egun historikoa izan zen atzo, Euskal Herritik Ameriketara doan lehen hegaldiaren estreinako eguna izan baitzen. Gora-beheraren bat, urduritasuna, eta lehen bidaiariak New Yorkera iritsi ziren zortzi ordu beranduago.

Tripulación del primer vuelo regular operado por United Airlines entre Bilbo y Nueva York.
Tripulación del primer vuelo regular operado por United Airlines entre Bilbo y Nueva York. (David DE HARO | EP)

Loiura iristean nabaria zen egun berezia zela. United Airlines-en hegazkinak goizeko hamarrak pasatxoan lur hartu ostean, Euskal Herritik Ameriketara doan lehen hegaldi zuzena New Yorkerantz abiatzear zen igande goizean.

Hegaldirako fakturazioa etxean egin arren, lehiatilatik pasarazi gaituzte. Ez zen jende askorik ilaran, baina luze jo du. Gizon batek gaztelaniaz galdekatu gaitu. Zertara goazen AEBra eta non geratuko garen ohiko galderak dira, baina hortik aurrekoak ez hainbeste: non egon garen egunotan, nola etorri garen aireportura...

Atzeko bidaiariari, beste horrenbeste galdetu diote. AEBn bizi dela, Andaluzian bezero batzuk bisitatu eta gero Iruñean eta Bilboaldean egon dela, eta bart Getxon geratu dela erantzun dio. «Zer duzu Getxon gustukoen?» galdetu diotenean, «barka, baina itaunketa dirudi honek» erantzun du. Konpainiako langilea baino, erantzun okerren bila zebilen agentea zirudien, izan ere.

United konpainiako arduraduna agertu da. «Urduri gaude, lehen eguna da, eta neu ere Madriletik Bilboraino etorrarazi naute», dio. «Ohiko prozedurak» direla esan arren, badugu eskarmenturik: AEBra hegaldietan zorrotza da kontrola, baina eraginkorra eta bizkorra ere bai, agiriak zuzen daudenean (ez badaude, ez dago hegazkinera igotzerik).

United konpainiako arduraduna agertu da. «Urduri gaude, lehen eguna da, eta neu ere Madriletik Bilboraino etorrarazi naute», esan du

Euskal Herriaren eta Estatu Batuen arteko hamalaugarren bidaia dut azken hamabi hilabeteotan. NAIZen hauteskunde-kanpainaz, Trumpen gobernuaz eta herrialdeko beste mila konturi buruz idazteko Washigtonera bidean, Azoreetan Amsterdamen, Bruselan, Casablancan, Frankfurten, Parisen, Londresen, Madrilen, eta Munichen egin ditut eskalak Atlantikoaren alde batean. Bestean, Atlanta, Bermuda, Boston eta Filadelfiako aireportuetatik ere pasa behar izan dugu etxetik etorrian edo hara bidean.

Aireportuan B16 atea izkina batean dago, gainerako aireratzeko guneetatik apartean, Poliziaren muga-kontrola igarota. Pasaporte estatubatuarra dutenei zigilua jartzen diete. Gainerakoei ez, bisa edo baina interneten lortzen den ESTA agiria behar dugu AEBn sartzeko.

Ohi bezala, hegazkinera igo aurretik dago azken kontrola. Aireportuko langileez gain, hiru guardia zibil ere badaude inguruan. «Ongi etorri Bilbora» dioen panel handi bat ere badago. Kortesiazko esku-orri bat ere eman digute. Ingelesez alde batean, euskaraz eta gaztelaniaz bestean: «Hurrengo helmuga: Newark/New York. UA634 inaugurazio-hegaldia».

Business klasekoen lauzpabost ilarak igarota, hegazkinaren atzealderaino goaz: 41 lerrotatik 38F aulkia egokitu zaigu, leihoan.

Ozeanoaz beste aldera doazen hegazkin handien ordez, aparatu txikiagoak ere hasi dira erabiltzen berriki hiri ertainen konexioetarako. Hala, bi korridore eta hamar aulkiko eserleku-ilaren ordez, sei aulkiko korridore bakarra dauka hegazkinak. Aski da Bilbotik New Yorkeko hegaldirako, bete samar doa hegazkina, baina badira zenbait aulki hutsik ere.

Ingelesez, espainolez, eta euskaraz gutxiago

Pilotuaren mezuak ingelesez eta espainolez dira. Segurtasun-oharretarako bideoa, berriz, euskaraz ere bada. Bestelakoa izan zen bezperan, New Yorken larunbat gaua eta Euskal Herrian igande goizaldea zela, inaugurazio-hegaldia: puxika hori eta gorriak, Macarena kanta, eta Espainiako eta AEBko bandera izan ziren. «Euskal arrastorik ez, han zeuden euskal ordezkariek bazuten ikurrina bat eramatea!» dio bidaiarietako batek.

Aireratzean Txorierriko baserririk agur esaterako hodeiek estali digute ikuspegia. Getxotik Galea lurmuturrera, eta itsasoaren gainetik egingo ditugu hurrengo orduak, Galizia eta Irlanda artean.

Bidaiari gehienok bazkari arrunta dugu, apartekoa izan gabe ere, txukuna. Business klasean joateko hiruzpalau aldiz gehiago ordaindu dutenen menuak itxura hobea dauka. Aukera dute marmitakoa, orburu, pikillo eta Gernikako piperren paella bejetala, oilasko errea arrozez eta Gernikako piperrez lagunduta, edo Errioxa ardotan egindako gisatua. Postretarako, «euskal gazta-tarta», iberiko urdaiazpikoa, eta «euskal pastel tradizionala» aipatzen ditu menuak. Ardoa, aldiz, Portugal, frantziarra edo Estatu Batuetakoa da, Euskal Herrikorik ez.

38 lerroko urrun dago business klasea. Joan-etorrian 540 euroan erosi dugu, hau da, hasiera batean iragarri zuten 900eko prezioa baino aski merkeago.

Ia udan egoteko, oso txartel merkea da. Zergatik? Motibo bat baino gehiago ziurrenik: petrolioaren prezio baxuagoa, esaterako. Eta AEBen egoera bera: turismo-sektorea beldurtuta dago, aspaldiko urteetako bisitari gutxien etorriko direlako Estatu Batuetara, Donald Trumpen gobernuaren muga-politika zorrotzen ondorioz. Zenbait konpainiak hasieran iragarritako hegaldiak murriztu dituzte. ICE mugako poliziak Latinoamerikako jende askorekin daukaten jarrera izan ez arren, mugan akatsen bat egin eta atxilotuta amaitu duten europarren istorioek oihartzun handia izan dute. Badirudi asko direla udako oporrak beste nonbait igarotzea hobetsi duten europarrak, AEBn sasoi hobea egon arte.

Euskal Herria utzi dugunetik zazpi ordura, hondartza zuriak agertu dira leihoan. Kanadako Nova Scotiako probintziaren hegoaldetik goaz, behinolako euskal arrantzaleek mikmaw herriarekin tratuan ibiltzen ziren lurretatik hur. Handik minutu gutxira, Boston hiriaren inguruan utzi dugu Atlantikoa. Gutxi falta da lur hartzeko.

Hegazkima Newarkeko aireportuan. (Urtzi URRUTIKOETXEA)
Hegazkima Newarkeko aireportuan. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Newarkeko aireportua ez dago New Yorken berez, Hudson ibaiaren beste aldeko New Jerseyn baino. Manhattanera minutu gutxi dira, horratik, eta Filadelfia, Baltimore eta Washingtonera doan trenbide ere bertatik igarotzen da. Azken aldian, baina, bestelako motiboek famatu dute: maiatz erdialdean, Trumpen murrizketek ekarritako aire-kontrolatzaileen faltak bete-betean jo zuen Newark, eta AEBko aire-kaosaren erdigune bihurtu zen. Oraingoan hala ez izatea espero dugu.

B terminaleko B 67 atera iritsi gara. AEBn, munduan beste inon ez bezala, mundu guztiak igaro behar du muga-kontrola, eta maleta fakturatu dutenek, hura jaso eta berriz fakturatu behar dute. Bai, AEBra etorri ezean, Latinoamerikako joateko, kasu, hobe da eskala beste nonbait daukan hegaldia hautatzea, zer gerta ere.

Lur hartu aurreko minutuetan zakar dabil hegazkina beheratzen, atzoko ilarako hiru andre gasteiztitarrak urduritu dira. Pozik egin dute orain artekoa, umorez New Yorkeko bisitak irudikatzen, eta ingelesik jakin gabe nola moldatuko diren txantxetan.

Pilotuak ezkerretara egin du, eta Manhattaneko etxe-orratzen skylunea agertu da Hudson ibaitim harantz. Lady Liberty Askatasunaren estatua ere bertan dago. Eta Newark eta New York artean, Bayonne izeneko hiria eta portua.

14.47 dira AEBko ekialdeko kostaldean, 20.47 Euskal Herrian, hegazkinak lur hartu duenean. Irailera arte jarraituko du astean hiru aldiz hegaldi honekin, ahal dela urte osoa luzatzeko asmoz.

Mugan zortea dugu. Hamar minutu baino gutxiagoko ilara. Maletak jasotzeko zerrendaren ostean, «Ongi etorri Estatu Batuetara» idatzita lurrean, eta Donald Trumpen argazkia horman.