
Bilboko Euskalduna Jauregian, 09.00etan, abiatu da bihar arte luzatuko den ELAren XVI. Kongresu Konfederala. ‘Langileria antolatu, gizartea eraldatu. Más sindicato, más vida' kongresuaren leloa eta, sindikatuak berak azaldu duenez, «helburua langile klasea eragile aktibo eta eraldatzaile gisa antolatzea da, gizarte justuago bat lortzeko».
104.159 afiliatuekin heldu da ELA kongresu honetara, 2021ekoan baino 3.234 gehiago. Guztira 736 ordezkari daude deituta Kongresuan parte hartzera, 344 gizonak eta 392 emakumeak (%53,2). «Horrek ageria uzten du ELAk genero berdintasunaren alde egindako apustua» azpimarratu du sindikatuak, izan ere, 2008ko kongresuan emakumeen parte-hartzea %30,3koa izan zen.
Kongresuko atal teknikoak hasi baino lehen, Gabriel Arestiri omenaldia egiteko tartea hartu du ELAk, izan ere, ostegun honetan 50 urte beteko dira euskal idazle eta poeta hil zenetik. Rafa Rueda abeslari eta gitarrajoleak Arestiren ‘Gizonaren ahoa’ eta ‘Ez naiz isilduko’ kantak interpretatuz girotu du momentua. «Langileriaren poeta izan zen Aresti. Klase pribilegiatuen hipokrisia salatu zuen, eta langileriaren eskubideak defendatu zituen», gogoratu du sindikatuak.
Hainbat sindikatu gonbidatu izan dira kongresuan. Euskal Herriko gehienak, Katalunaiko Intersindical-CSC, Galizako CIGa, Espainiako USO, Argentinako CTA Autónoma, Brasilgo UTE, Indonesiako KSBSI, Italiako CGIL eta UIL, Frnatziako CGT, CFDT eta Solidaires, Saharako UGTSARIO... Txalo-zaparrada batekin agurtu dute ere Palestinako PGFTUko ordezkaria.
Egoera: faxismoaren gorakada, desberdintasun sozialak...
Ondoren, Kongresuko mahaia egituratu dute, Irati Bañuelos Ruiz de Erentxun presidentea izanik. Egitaraua azaldu eta egoera orokorraren analisi xumea egin du sarrera gisa: «Lan munduan prekarietatea da nagusi, gure hizkuntzaren kontrako oldarraldia areagotu da eta faxismoaren gorakada ikusi dugu. ELAn kezkaz eta haserrez ikusten ditugu diskurtso guzti hauek, baina antolakuntzaz egiten diogu aurre».
Kudeaketa txostena aurkezteko, oholtzara igo dira Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoa. Muñoa Euskal Herritik kanpora begira jarri ditu kongresura bertaratuko guztiak, eta nazioartean bost mehatxu nagusi daudela nabarmendu du: desberdintasun sozialak; aldaketa klimatikoa; gerrak; migrazio politikak eta ultraeskuinaren gorakada.
Enpresa handien etekinak hazten ari diren bitartean, langile klaseak eskubideen galera bizi duela salatu du Lakuntzak. Hiru dira, ELAko idazkari nagusiaren ustez, kezka iturri nagusiak: «pobretze fase batean gobernuek bultzatutako politika neoliberalak; ezkerrak uko egin izana oposizioa egiteari eta politika eraldatzaileak defendatzeari; eta espainiar Estatuaren zentralizazio grina».
«Orain, diru publikoa, langileen dirua, gastu militarrerako bideratzen ari dira, zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean»
Politikariei, «herritarren mesedetan baino, enpresa handien interesi begira egotea» leporatu die ELAk. «Orain, diru publikoa, langileen dirua, ari dira bideratzen gastu militarrerako, armagintzako enpresa pribatuetara, behar ditugun zerbitzu publikoak suntsitzen dituzten bitartean», salatu du Muñoak.
EAEn, gobernu aldaketa egon bada ere, «interlokuzioa berreskuratzeaz haratago» bestelako aldaketarik gertatu ez dela salatu du eta «egiturazko arazoek bere horretan dihardutela».
Ezkerrari dagokionez, Elkarrekin-Podemosek EAJ eta PSErekin adostutako «sasi erreforma fiskala» salatu du Lakuntzak. EH Bilduri leporatu dio «ez duela alternatiba eraldatzailea defendatzeko konpromisorik». Horren aurrean, konfrontazio demokratikoaren alde egin du ELAko idazkari nagusiak, «hori baita da funtsean politika, interes ezberdinen arteko konfrontazioa».
Kontrabotere sindikatua izateaz «harro»
Muñoak txalotu egin du kongresu arteko epe honetan Euskal Herrian nabarmen egin duela gora mobilizazioak. «ELA harro dago kontrabotere esparru honen parte izateaz», adierazi du. Lakuntzak ere grebaren indarra nabarmendu du: «ELAk hitzarmen gehiago eta hobeak lortzen ditu greba egiteko gaitasuna duelako». Sindikatuak eskainitako datuen arabera, 2023an, ELAk sinatutako hitzarmenetan batez besteko soldata igoera %5,76koa izan zen, ELAk sinatu ez zituen hitzarmenetan, aldiz %4,17koa.
Aitor Estebanek berriki egindako adierazpen batzuen aurka -berak zioen ELAk ez daukala gaitasunik akordioetarako iristeko-, Lakuntzak gogorarazi du ELA dela hitzarmen gehien sinatzen duen sindikatua. Batez beste, 250 gorak hitzarmen urtero, baieztatu duenez.
Bide beretik, ELA Euskal Herriko sindikatu nagusia dela goraipatu du Lakuntzak, honek ematen dion «zilegitasuna» azpimarratuz. %35,79ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian. EAEn %40tik gorakoa eta Nafarroan %23tik oso gertu.
Gainera, sindikatuak irabazitako hainbat sententzia aipatu ditu: Novaltia, greba eskubidea urratzeagatik; etxeko langileei langabezia eskubidea aitortzea; ama bakarren baimenak luzatzea; eta hainbat kasutan emakumeen aurkako diskriminazioa frogatzea. Iberdrola, Amazon edo Mercadona bezalako multinazionalen aurka irabazitako sententziak ere izan ditu eredu.
Kongresuaren jarraipena
Arratsaldeko saioan, ELAren ordezkariek babes zabala eman diote Batzorde Eragileak aurkeztu duen kudeaketa txostenari eta aho batez onartu dute.
Gainera, ELAk Eibarren egin zen 1976ko III. Kongresuan onartutako printzipioak eguneratzeko aprobetxatu du XVI. Kongresua. Printzipioak Euskal Herri burujabe, feminista, euskaldun, sozialista, anitz eta solidario baten alde lan egiteko gonbidapena dira. Hauek ere aho batez onartu dira.
Bihar izango da egun nagusia. Ponentzien eztabaida eta bozketa eta Batzorde Eragile berriaren bozketa egingo dute.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Investigan insultos y un presunto intento de agresión al alcalde durante la procesión del 7

Denuncian que la Ertzaintza oculta pruebas, «encubriendo al agente» que disparó a Arana

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo
