NAIZ

Araba Euskaraz Olarizun ez ospatzea aztertzen ari dira, lorezainen grebaren ondorioz

Araba Euskarazen antolakuntza datorren ekainaren 15eko jaia Olarizu ez den beste toki batean egitea aztertzen ari da, espazio hori «gaur-gaurkoz ez baitago eroso» eta ez dituelako baldintza egokiak betetzen, Gasteizko lorezainen grebaren ondorioz.

Gasteizko lorategietan belarra eta sasiak nabarmen hazi dira azken bi hilabeteetan.
Gasteizko lorategietan belarra eta sasiak nabarmen hazi dira azken bi hilabeteetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurtengo Araba Euskaraz Olarizuko lorategian egitea aurreikusita dago, heldu den ekainaren 15ean. Antolakuntzak prentsaurrekoa egitekoa zuen astearte honetan, jaia aurkezteko, baina azken orduan bertan behera utzi eta, horren ordez, ohar bat igorri du. Bertan dioenez, gaur-gaurkoz Olarizuko lorategiak «ez daude eroso eta guk aurreikusitako baldintzetan» eta, horrenbestez, egoera «sakon aztertzen» ari dira erabaki bat hartzeko. Izan ere, hiriko lorategi eta parkeak zaindu gabe daude duela bi hilabete baino gehiagotik, Enviser enpresako langileen greba dela-eta.

Araba Euskarazen antolakuntzak dioenez, ikastolen aldeko jaia «zalantzarik gabe» ospatuko dela jakitun dira, eta «jaiaren egiturari buruzko erabaki egokiena hartzeko bidean» daude.

«Oraindik ez da erabakirik hartu, baina aukera guztiak mahai gainean ditugu, eta datozen orduetan/egunetan erabakia hartuko dugu», dio oharrak, eta behin erabakia hartuta, informazioa «ahalik eta azkarren» partekatuko dutela ziurtatu du.

Antolakuntzak eskerrak eman ditu «zuen ulermenagatik eta babesagatik». «Ziur gaude aurtengo Araba Euskaraz ere euskararen eta ikastolen aldeko jai handi eta parte-hartzailea izango dela», amaitu du.

Gasteizko lorazainek bi hilabete baino gehiago daramatzate greban. Enviser enpresako langileak dira, hiriko parke eta lorategien mantenimenduaz arduratzen dena. Lan hitzarmen propioa aldarrikatzeko ekin zioten grebari martxoaren 26an, izan ere, ELA, ESK eta LABek osatzen duten enpresa batzordeak ohartarazi zuenez, lan baldintza «erabat prekarioak» dituzte, «ia lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren soldatekin eta amaigabeko lan jardunekin».

Grebaren ondorioak aste gutxira hasi ziren nabaritzen; parke eta lorategietan belarra, sasi eta sastrakak nabarmen hazi dira, horrek dakartzan eragozpenekin. Intsektuak ere ugaritu egin dira, baita akañak ere.

Udalari gatazka desblokeatzeko esku har dezala eskatu dioten arren, honek dio bitartekari lanak bakarrik egin ditzakeela enpresa eta langileen artean. Azkenean, Udalaren eta Enviserren arteko kontratua eteteko aukera jarri zen mahai gainean gatazka konpontzeko aukera gisa, baina oraindik ez dago erabakirik.

LABek jakinarazi duenez, greba batzordak atzo egin zuen bilera Espazio Publikoko zinegotzi ordezkari Beatriz Artolazabalekin eta honek jakinarazi zien txosten juridikoen zain dagoela kontratuaren etetea gauzatu ahal izateko «baina hori dela gatazka konpontzeko aztertzen ari diren azken aukera». Gainera, greba batzordeari eskatu zion akordio bat negozia zezala enpresarekin.