Aktualitateko erredaktorea

Kaleko saltzaile bat atxilotzea eragotzi nahi zuen emakumeak berretsi du ez zuela poliziarik jo

Emakume bat epaitu dute Bilbon kaleko saltzaile baten atxiloketa eragozten saiatzeagatik. Ez da akordiorik lortu, eta udaltzainetako bat ordezkatzen duen akusazio partikularrak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du. Fiskalak, berriz, urtebetekoa.

Bilboko Justizia Auzitegiaren aurrean epaitutako emakumeari elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzea.
Bilboko Justizia Auzitegiaren aurrean epaitutako emakumeari elkartasuna adierazteko egindako elkarretaratzea. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

2023ko abuztuaren 9an Bilboko Kale Nagusian bi udaltzainek kaleko saltzaile bat atxilotzea eragotzi nahi izan zuen emakumea epaitu dute astearte honetan 3. Zigor epaitegian.

11:30ak aldera hasi da auzia eta ez da akordiorik lortu, beraz, epaiaren zain geratu da kasua. Akusazio partikularrak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu du emakumearentzat, «lesio eta atentatu delituak» egotzita. Horrez gain, 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatu dio auzipetutako andreari.

Fiskalak, aldiz, urtebeteko zigorra, 2.000 eurotik gorako isuna eta 2.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatu ditu emakumearentzat.

45 minutuko epaiketan hiru udaltzainek, bi mediku forentsek eta testigu batek deklaratu dute. Emakumeak berretsi du ez zituela udaltzainak jo, eta haren abokatuak bideo bat proiektatu du froga gisa. «Bideoak egiaztatzen du udaltzainak esandakoa ez dela egia, ostikada bakarra egon zen eta inolaz ere ez zuen agenterik harrapatu», defendatu du emakumearen abokatuak. Horrez gain, abokatuak esan duenez, deklaratu duen lekuko bakarraren testigantzak ez du bat egiten Poliziaren bertsioarekin.

Auzipetutako emakumea ere mintzatu da epaiketa amaitu ostean, eta bere absoluzioa defendatu du: «Epaiketa honetan ni izan naiz egia esan duen bakarra».

«Poliziaren egiturazko arrazakeriarekin» amaitzeko deia

Manteroekin bat! plataformak elkarretaratzea antolatu du gaur goizean Bilboko Justizia Auzitegiaren atarian epaiketa hasi aurretik. Dozenaka lagun bildu dira emakumeari elkartasuna eta babesa adierazteko.

Emakumea eta haren abokatua heldu arte «Elkartasuna ez da delitua» eta «Inor ez da ilegala» oihukatzen ibili dira ‘Manteroekiko elkartasuna ez da delitua, poliziaren gehiegikeriarik ez!’ leloak idatzita zituen pankarta bat eusten zuten bitartean. Heldu direnean, txaloka jaso dituzte.

Manteroekin Bat!-eko bozeramaileak azaldu du kale saltzaileen aurkako polizia abusu arrazistak «gero eta ohikoagoak, neurrigabekoak eta ugariagoak» direla Bilbon. «Salgaiak eta norberaren gauzak konfiskatzen dizkiete (mugikorra, pasaportea, giltzak eta gainean duten dirua). Gainera, behin baino gehiagotan eramaten dituzte atxilotuta, gaua ziegetan pasarazten diete, eta gero epaituak izaten dira», gaineratu dute plataforma antiarrazistatik.

Gauzak horrela, Manteroekin Bat! plataformako kideak aitortu du bilera batzuk izan dituztela egungo udal gobernuko arlo ezberdinetako ordezkariekin, egoera horien aurrean duten kezka adierazteko asmoz. Dena den, «Administrazioaren isiltasuna eta errepresio handiagoa» jaso dutela adierazi dute.

Horren aurrean, mozio bat aurkeztuko dute Bilboko Udaleko osoko bilkuran, poliziaren esku-hartze horien «basakeria eta indarkeria» salatzeko eta instituzioetako eta funtzionari batzuen «jarrera arrazistekin» amaitzeko.

Gertaerak

Gaur epaitu dituzten gertaerak duela ia bi urte izan ziren. Bi udaltzainek kaleko saltzaile bat atxilotzea oztopatzeko asmoz, emakume batek esku-hartu eta kaleko saltzailea defendatu zuen. 

Bi udaltzain autotik atera eta kale saltzaileengana zuzendu ziren identifikatzeko asmoz. Gehienek lortu zuten ihes egitea, bik izan ezik. Udaltzain baten bertsioaren arabera, saltzaile baten poltsa hartu zuen eta identifikatzeko unean, haietako batek kolpe bat eman zion. Ondorioz, kaleko saltzailearen atxiloketa abiarazi zuen udaltzainak. Horren harira, saltzailea tratu txarrak jasaten ari zela ikusirik, zenbait lekuko gerturatu ziren kale salmentan ari zen pertsona bakean utzi zezaten xedez.

Saltzailea askatzeko borroka bete-betean, polizia lurrera erori zen. Haren esanetan, ostikada bat jaso zuen buruan akusatutako emakumearen aldetik. Horren ondorioz, Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten, «garezurreko traumatismoa» eragin ziolako. Hala ere, sare sozialetan zabaldutako bideo batek zalantza jarri zuen Poliziaren bertsioa.

Egun hartan, kale saltzailearen atxiloketa bortitza eragoztera hurbildu zen emakumea atxilotu egin zuten. Hots, udaltzainaren, saltzailearen eta gerturatu ziren herritarren arteko liskarra «agintaritzaren agenteen aurkako eraso» gisa amaitu zen.

Emakumeak epaiketa amaitu ostean aitortu duenez, Miribillako komisaria nagusira eraman zuten baldintza txarretan eta han igaro zuen gaua. Hurrengo egunean, eguerdian, guardiako epaitegian deklaratu zuen.