Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Larunbatean Autonomia kalea ikurrinaz betetzeko deia egin du Gure Eskuk

Egun gutxi falta dira Gure Eskuk antolatua duen manifestazio nazionalerako eta larunbatean Bilboko Autonomia kalea ikurrinaz betetzeko deia berretsi dute, ‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ lelopean. Burujabetzara bidean ezinbesteko hitzordua dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Agerraldia egin dute manifestazioa abiatuko den puntu berean.
Agerraldia egin dute manifestazioa abiatuko den puntu berean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Gure Eskuk Bilbon ekainaren 7an, hots, larunbat honetan egitekoa den manifestazioarekin bat egitera deitu du euskal jendartea. ‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ lelopean, Autonomia kalea ikurrinaz bete nahi dute. La Casillatik abiatuko da mobilizazioa, 17.30ean. «Euskal nazioari bultzada emateko, burujabetzaren bidean urratsak egiteko eta erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko» hitzordua dela azpimarratu dute Gure Eskuren izenean Josu Etxaburuk eta Miriam Camposek.

«Ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe», azpimarratu dute asteazkenez La Casillan bertan egin duten agerraldian. Halaber, munduari «zazpi lurraldez osatutako nazio bat» erakusteko para izango da larunbatekoa, antolatzaileek adierazi dutenez.

Hain zuzen, Etxaburuk nabarmendu du asmoa askotariko euskal herritarrak batzea dela, bat egiten dutenak, betiere, autodeterminazio eskubidearen aldeko bidean. Izan ere, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, euskal lurraldeen arteko artikulazioan eta burujabetza osoaren bidean funtsezko urratsak egiteko aukera eman dezaketen prozesu eta eztabaidak zabalik daudela gogoratu dute Etxaburuk zein Camposek.

«Aukera hori aprobetxatu behar dugu; anbizioz eta herri ikuspegiaz jokatu behar dugu denok», baieztatu du Etxaburuk. Hain zuzen ere, testuinguru horretan, herritarren bultzadaren ekarpena egin nahi du larunbateko mobilizazio nazionalak.

Ildo horretatik, Euskal Herriko esparru ugaritako dozenaka eta dozenaka lagunek agertu diote atxikimendua mobilizazioari: kulturgileak, kirolariak, kazetariak, esparru akademikokoak... Esaterako, euskalgintzako eta euskal kulturgintzako eragileen azken manifestuak atxikimenduak jasotzen jarraitu du azken asteotan, eta 200dik gora norbanakok eta taldek izenpetu dute, dagoeneko.

Gizarte eragile ugarik ere bat egin dute mobilizazioarekin, hala nola, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek, Etxalde mugimenduak, Bilgune Feministak, Euskalgintzaren Kontseiluak, pentsiodunen mugimenduak eta EGI eta Ernai gazte antolakundeek.

Antolatzaileek ez dute zalantzarik, «larunbatekoa herri agerraldi bat izango da», Euskal Herritik kanpora irudi bat zabalduko duena, «gutxitan ikusi duguna, ikurrinez betetako Autonomia kalea». Hain zuzen, Bilbora ikurrinarekin gerturatzeko galdegin diete herritarrei.

Eragileen atxikimendua

Gure Eskuk jakinarazi duenez, ordezkaritza «zabal eta anitza» izango da Bilbon larunbatean. Hala, EAJk, EH Bilduk, EH Baik eta Elkarrekin Podemosek mobilizaziora ordezkaritza bidaliko dutela baieztatu diote Gure Eskuri. Alderdiez gain, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak, Etxalde mugimendua, Bilgune Feminista, Euskalgintzaren Kontseilua, pentsiodunen mugimendua, EGI eta Ernai gazte antolakundeak eta Ikama ikasle antolakundea ere bertan izango dira.

Kulturgile, kirolari, kazetari eta esparru akademikoko ordezkariek ere presentzia baieztatu dute. Gure Eskuk nabarmendu du euskalgintzako eta kulturgintzako 200 pertsona, talde eta eragilek adierazi dutela babesa.

Egun osoko egitaraua

Mobilizazioa arratasaldean izango da, 17.30ean hasita, baina goizetik gauera arte egitarau oparoa antolatu du Gure Eskuk, jaia eta aldarrikapena uztartzeko parada eskainita. Santiago Plazan 10.30etan Harri Kamishibai ipuin kontalaria izango da eta ordubete geroago Porrotx, Marimotots eta Zapotxin pailazoak.

Halaber, 12.30etan abiatuko da Ondalan erraldoien kalejira eta 12.45etatik aurrera bertso saioa eskainiko dute Aissa Intxausti, Alaia Martin, Aner Peritz, Ekhiñe Zapiain, Irantzu Idoate eta Nerea Ibarzabal bertsolariek. 13.30ean Caporalak izango dira gune berean.

Plaza Barrian ere goizean egongo da zer egina. 11.30ean Euskal Ardi Moztaileen elkartearen ikuskizuna izango da, baita Herri Kirolak ere. Horrez gain, 13.00etan Castellersak egongo dira.

Zamudioko atarian gizarte eragileen azoka eta taloak egongo dira 11.00etatik 14.00etara bitartean eta Unamuno plazan erromeria izango da eguerdiko 13.00etatik aurrera. Manifestazioa hasi baino lehen Walo BD danborjoleek emanaldia eskainiko dute Zabalburu plazan eta mobilizazioa bukatu ere musikarekin egingo dute, Sol Band talde palestinarraren eskutik.

Manifestazioaren ostean jarraituko du egitarauak. 20.00etan abiatuko da Bilbo Kantari La Bolsatik eta ordu berean Biran Iratzar erromeria egongo da.